IKASTOLA 212 > ikastolak > "ESKOLA JASANGARRIA" ZIURTAGIRIA BERRITZEA LORTU DU ORAINGOAN ERE

haztegi Ikastola, Legazpi

"ESKOLA JASANGARRIA" ZIURTAGIRIA BERRITZEA LORTU DU ORAINGOAN ERE

Ziurtagiri honek saritzen ditu Eskola Agenda 21 programa era bikain batean garatu izanak, alegia lana, prozedurak eta esperientziak. “Brigada Berdea” antolatua dute ikastolan zabor organikoa ere jaso, pisatu, erregistratu eta datu estatistikoak biltzeko. Natura-ingurunea ezagutzeko txango berezietan hartu dute parte, biodibertsitatea baita ingurumen-hezkuntzaren ardatz nagusia. Udalarekin batera tartean egon dira Kale Nagusia oinezkoentzat kale bihurtzeko. Ezaguna da Haztegi Ikastola talde sendoa dela!

Haztegi Ikastolak 2009-2010 ikasturtean jaso zuen lehengo aldiz ziurtagiri hori, eta 2013-2014 ikasturtean berritzea lortu du. Ikastetxeen lana, prozedurak eta esperientziak saritzen ditu, eta saria jaso ahal izateko eskola komunitate osoaren konpromisoa behar du. Bizitze prozesu honetan ikasle eta irakasleek ez ezik, gurasoek ere parte hartzen dute, elkarlanean beti ere.

Biodibertsitatea da Legazpiko Haztegi Ikastolako ikasleen ingurumen-hezkuntzaren ardatz nagusia. Ekimen baten aurretik antolaketa zehatz bat dago, helburuak argi. Ikuspegi teorikoarekin batera jarduera praktikoak antolatzen dituzte ikasitakoa hobeto ulertzeko, kontzeptuak barneratzeko eta natura-inguruarekin lotzeko. Eta, horretarako, txangoak baliatzen dituzte praktiketarako.

Brigada Berdea martxan da dagoeneko ikastolan, zabor organikoa jasotzeko gela bakoitzean. Taldeak antolatu dira, eta Udalari tutoretza gela bakoitzerako edukiontziak eskatu zaizkio. Errefusa garbitzaileek jasoko dute eta organikoaren kudeaketan erabaki dute planina, noiz jaso (egun eta ordu), nork jaso, eta zer egin zaborrarekin. Hasteko, pisatu, erregistroa bete eta datu estatistikoak egingo dituzte, birziklatzera eraman aurretik.

Herriarekin inplikatuta jarraitzen dute. Oraingoan Udalarekin batera tartean egon dira Kale Nagusia oinezkoentzat kale bihurtzeko. Ikasleek euren ideiak plazaratu dituzte; Udalak beste kolektiboenak ere bildu ditu, ordenatu eta jasotakoarekin proiektu jakin bat diseinatuko du. Ezaguna da Haztegi Ikastola talde sendoa dela, eta guztiz bustia. Zorionak!

ikastola 212
2015 Otsaila
212