IKASTOLA 212 > ikastolak > BATUKADA, MILA LAGUN BAINO GEHIAGO MUSIKA SORTZEN

Urretxu-Zumarraga Ikastola

BATUKADA, MILA LAGUN BAINO GEHIAGO MUSIKA SORTZEN

Batukadarako musika tresnak ikasleek beraiek prestatu dituzte, irakasle eta gurasoen laguntzaz: pintura poteekin egindako danborrak, patata ontziekin egindako marakak, txapekin eta kortxoekin egindako sonajeroak… Inguruko enpresatara ere jo dute.

 

Hizproren markoan, Euskararen Nazioarteko egunerako batukada antolatu dute non mila lagunetik gora parte hartu duten, ikasleek bertziklatutako materialarekin egindako 350 danbor hotsa gehituta, euskara eta musikaz bazterrak kutsatzen. Izugarria izan da, eta olatua aprobetxatuz Olentzero Egunean ere ibili dira. Talde potenteak dituzte ikastolan, Euskaraz Bizi, guraso Euskara Batzordea edo Jai Batzordea, zein baino zein mugituagoa dena. Ikasiz ongi pasatzea, elkar-lana eta kidetzea bultzatuz, Howard Gardner psikologoak ezagutuko balitu bederatzigarren inteligentzia gehituko luke, Urretxu- Zumarraga ikastolakoa. 

Hizkuntza Proiektuaren markoan, HIZPROren markoan, hiru jai egun  eta Euskaraz Bizi deritzogun jaialdiak planifikatu ohi dira ikastolan. Lehen hiruhilekoan, Euskararen Nazioarteko Eguna. Bigarrenean, Jolasen Eguna, eta hirugarrenean, ikasturte amaieran, Euskaraz Bizi jaialdiak eta Ikastolaren Jaiaren barrukoa. Ekintza horiek sakratuak dira ikastolan.
“Ekintza bakoitzak ongi zehaztuta ditu bere helburuak, zergatik antolatzen den, noiztik eta abar, sentsibiliziorako lanketa berezia egiten da ikasleekin, eta horiek motibatu jai girorako eta, nola ez, euskaraz ongi pasatzeko” kontatu digu Mari Jose Etxaniz, Hizpro taldeko irakasleak. “Konpetentziak direla eta, azken urteotan ukitu berezia eman nahi izan diogu gure jaiei, inteligentziak edo konpetentzia ezberdinak landuz. Hala, proiektu modura planifikatzen ditugu.

Proiektu bakoitzaren barruan hiru multzotan banatzen ditugu helburuak. Lehena, Elkarbizitza. Bigarrena, Konpetentziak edo inteligentziak anitzak eta hirugarrena, beste batzuk diogun horiek, hala nola, diziplina, talde-lana, erantzunkizuna, hezkidetza,…” jarraitu du kontatzen.

Zer diren <inteligentzia horiek> galdetuta, Howard Wagner sikologoaren teoria aipatu digu. Hark zortzi inteligentzia mota bereizten ditu: inteligentzia linguistiko berbala, logiko-matematikoa, espaziala, musikala, gorputz-zinestesikoa, intrapertsonala,  interpertsonala eta naturalista, eta horiek  potentziatu behar ditugula dio.
“Iaz, Euskararen Nazioarteko Egunean, flash-mob bat egin genuen: dantza eta  koreografia jakin bat asmatu eta "Euskaraz Bizi nahi dugu" leloaren inguruan ikasle guztiak dantzan jarri genituen, eta nola ez, irakasleok, langileak eta gurasoak ere bai, esandako <inteligentziak> kontuan izanik (kinestesikoa, interpertsonala, intrapertsonala, musikala,  espaziala,..). Dantza, erritmoa, espazioan mugitzea, elkarri laguntzea , norberaren konfiantza lortzea,... Lanketa hori lehenik,  irakasleok ikasleei eta ondoren zaharrenek txikienei irakatsiz egin zen,  auto-estimua lantzen, norbera egiteko gai zela sentiarazten, koreografia  ikasiz, espazioa kontrolatuz, eta hau guztia,  euskararekin lotzen dugun  zapi berdea lepoan jantzita. Emaitza zoragarria izan zen, 1.000 pertsonek hartu baikenuen parte, 2 urtetik 18rako ikasle guztiek,  irakasleok eta  guraso talde bat.  Sekulako esperientzia  izan zen”.

“Aurten antzeko zerbait egin nahi genuen. Hara zer eta, batukada bat antolatu dugu eta  iaz bezala 1.000 lagunetik gorako parte hartzea izan da.  Familiak ere  gehitu zaizkigu norberak bere instrumentua prestatuz, eta zegokion erritmoa ikasiz. Erabilitako dena birziklatutako materialarekin egin dugu, 350 danbor egin ditugu, neurri ezberdinekoak, pintura pote zaharrekin, patata potekin marakak, botilen txapekin sonajeroak,... guztiak eskuz margotuta eta apainduta,  batzuk ikastolan beste batzuk etxean familien laguntzaz. Sekulako mugimendua sortu du horrek, non elkar-lana funtsezkoa izan den geletan, plastika eta musikako orduak horretarako baliatu ditugu, asko baitzegoen egiteko eta ikasteko. Instrumentu bakoitzari erritmoa jakin bat egokitu zitzaion eta bakarka eginez, hau da, instrumentu talde bakoitza bere aldetik...ondo,  baina instrumentu guztiak batera  elkartuta...

Hasteko, irakasleok ikasi genituen erritmo desberdinak ondoren irakasteko. Kidetzea ere garrantzitsua izan da, zaharrenak txikienekin nahasiz ibili baitira elkarri lagunduz eta animatuz eta hainbat entsegu ordu behar izan ditugu”, Mari Josek segitu du kontatzen.

“Eta iritsi zen Euskararen Eguna. Lizeoko plazan gauzatu genuen batukada, baina bi ordu aurretik bi herrietako auzoetan barrena ibili ginen guztiok , hiru taldetan banatuta, jendea animatuz, euskaraz eta musikaz kutsatzen bazterrak. Herria “hartu” genuen, animatu eta koloreztatu. Ilunez jantzita ginen, baina zapi berde fosforitoa  genuen lepotik jantzita; deigarria zen hainbat pertsona hola ikusita”.
Nola antolatu horrelako makro batukada galdetutakoan honela erantzun digu Mari Josek: “Herrian bada batukada taldea non gure ikasle-ohi batek parte hartzen duen. Harekin mintzatu ginen ea horrelakorik, tamaina horretan, egiterik bagenuen galdetu genion. Hark baietz erantzun zigun, eta aurrera egitea erabaki genuen. Gauza asko lotu behar izan ditugu: zer erritmo erabili, hobeto esanda, zeintzuk; zein instrumentu eta nola egin,, zenbat talde, nola ikasi, espazioa nola antolatu, , entseguak nola prestatu, … Ez zen erraza izan baina "potentea" izan da emaitza! Zein ongi entzuten ziren erritmo ezberdinak, zein ondo koordinatuta zegoen. Batukada sortu genuen!!!  Oso ederra izan zen, eta pozik gaude, oso pozik lortutakoarekin”.

Hona hemen bideoak ikusi ahal izateko linkak:
http://youtu.be/A-LTvhmMRwA
http://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/ehzuzenean/bideoak/osoa/2776340/bideoa-euskararen-aldeko-batukada-erraldoia-urretxun/
Baina Mari Jose ez zitzaigun horretan isildu, bazuen besterik kontatzeko eta; zer eta, Olentzero Egunarekin jarraitu zuen. “Euskararen Eguneko magia hori aprobetxatuz, ukitu berezia eman nahi izan diogu aurtengoari.
Betidanik irten gara kantuan Olentzero egunean baina duela pare bat urte Jai Batzordeko gurasoei, oso motibatuta dabiltzanez,  karroza bat egitea bururatu zitzaien.  Olentzero oinez joan ordez, astoarekin joan ordez, karrozan joango zela sinetsita. Egin zuten eta aldaketa ederra izan zen. Idiak ere lortu zituzten karrozari tira egiteko. Iazkoan txondorrari kea jarri zioten, urtero gogo handiz  zerbait berri erantsi nahian”.
“Hori horrela, aurten pentsatu zen ikasleekin egiten diren zenbait ekintza  aprobetxatu daitezkeela  eta, ondorioz, batukadak ere bere lekua izango zuela . A, baina ez batukada soilik, zergatik ez dultzainarekin  gehitzea? Eta hala egin zen. Eta gainera, Ikastolan sortu dugun abesbatzak ere tokia izango zuela eta baita dantzariek ere. Abesbatzak bere errepertorioa eskaini zuen herrian  eta dantzariek   “Hator, hator” doinuarekin dantzatzeko, egokitutakoa.Inoiz baino jende gehiago ikusi dugu inguruan, leihoetan begira,... Giro aparta sortu genuen eta nola gozatu ere!

Ikastola oso dinamikoa dela esan beharra dagoela dio harrotasunez. Hizpro, Euskaraz Bizi, Guraso Euskara Batzordea,  Jai Batzordea ... Eta nola ez!  irakasleria, sekulakoa baita! A ze talde!!” bukatu du kontatzen Mari Jose Etxanizek.

 

ikastola 212
2015 Otsaila
212