IKASTOLA 211 > ikastolak > PICKLER-en ESKOLATIK, HAURRAREN MUGIMENDU ASKERA

Laudio Ikastola, Laudio

PICKLER-en ESKOLATIK, HAURRAREN MUGIMENDU ASKERA

Hiru bat urte daramate 0-2 zikloko hausnarketa sakonean.

Hiru bat urte daramate 0-2 zikloko hausnarketa sakonean. Poliki, baina etengabeko aldaketak ematen hasi dira beste iturritik interesatzen zaiena gehitzen, bereziki Emmi Pickler eta Loczyren egiteko eran  oinarrituta.  Hiru zutabeotan oinarritu dituzte aldaketak: haurraren mugimendu askea batetik, kalitatezko zaintza bestetik, eta sozializaziorako transizio baketsua azkenik. Nahiz eta hezitzailearena behatzaile, gidari edo laguntzaile lana izan, garrantzitsuak dira jateko uneak, garbiketakoak, lo egitekoak;  haurraren eta helduaren arteko une estuak dira, eta beraz, mimoz, kontuz eta goxotasunez zaindu beharrekoak.

Duela hamar bat urte Laudio Ikastola sartu zen 0-2 zikloan, eskaera eta erronka bati aurre egiten. Orduan irakasleek behar adinako formazioa jaso zuten, eta pedagogia mota bati erantzun. Hamarkada bat pasa da orduz geroztik, eta hausnarketarako garaia iritsia zela erabakita, duela bizpahiru urte gogoetan sakontzea erabaki zuten. Hasi ziren informazio bila, ikastaro ezberdinetan parte hartzen, eta berrikuntza pedagogiko hausnarketan murgildu ziren.

Ziortza Uriarte HHko ikasketaburua  mintzatu da Ikastola Aldizkaria, zertan ari diren ezagutzeko. Honela hasi da “Bidaia horretan HIK HASIk proposatutako Picklerren egiteko era ezagutzera animatu ginen, eta handik aurrera ez gara gelditu, batetik formazioa jasotzen, bestetik esku artean dugun guztia aztertzen, eta horrekin batera ideia berriei ateak zabaltzen eta txertatzen; apurka txertatzen”.

Hori da elkarrizketan birritan Z.Uriartek azpimarratu nahi izan duena: “Ez dugu baztertzen orain arte egindakoa, baina bai ari garela beste iturritik interesatzen zaiguna gehitzen. Pausuka ari gara, baina gelditu gabe. Materialean eta gure egiteko eran izaten ari da aldaketarik handiena, orain gehiago behatzaile lanetan ari baikara bereziki, ume eta gure arteko lanetan eurek behar dituzten baliabide eta mimo guztiak ipintzen, baina distantzia bat markatuz”.

Zehaztasunetan sartu da Ziortza “Emmi Pickler-en pedagogia korrentetik formakuntza jasotzen ari gara, Budapesteko Lòczy eskolan oinarrituta. Emmi austriar pediatra zen Budapesten egin zuena bere ibilbide profesionala 30. hamarkadatik aurrera. Pickler-ek hiru oinarri proposatzen ditu: Lehena, haurraren mugimendu askea da. Haurra, berez, gai da bere motrizitate guztia eraikitzeko. Umeak bakarrik ikasten du mugitzen, eta helduko da bere momentua duenean. Hezitzaileok  lagunduko diogu bere heziketa prozesuan. ‘Lagundu’-k esan nahi du konfiantza emango diogula, baina ez diogula erakutsiko ‘beti babespean’ gerta dakioken hori ekiditzeko.  Picklerek zioen horrela ume seguruagoa eta bere buruarengan konfiantza duen pertsona sortuko dela.

Bigarren oinarria da, kalitatezko zaintza da. Garrantzitsuak dira jateko uneak, garbiketakoak, lo egitekoak  haurraren eta helduaren arteko une estuak dira, beraz, mimoz, kontuz eta goxotasunez zaindu beharrekoak. Eta une horiei denbora lasaia dedikatu behar zaie. Hor lortzen baita benetako atxikimendua.

Hirugarrena da, sozializaziorako transizio baketsua izatea. Sozializazioa helburu bat da, talde batean parte hartzeko urratsak eman behar dira, baina horiek ere modu baketsuan egin daitezke, poliki, haur bakoitzak bere erritmoan denboraz, presiorik gabe bideratuta.

 

Horrela, dio Pickler-en eskolak, lehendabiziko urtetan konfiantzan dabilen haurra, gerora ziurragoa izango da, eta bere buruaz konfiantza handiagoa izango du, bizitzaren bidean sortuko zaizkion arazoei aurre egiteko. Estrategiak topatuko ditu, bere kabuz landuko ditu, eta estrategia horiek garatzeko aukera handiagoa izango du. Aldiz, den-dena egiten badiogu, estrategia horiek guk topatuko ditugu, eta ez berak” jarraitu zuen zehazten Ziortzak.

Galdetutakoan ikastolako gurasoek nola ari diren aldaketak bizitzen hala erantzun du “Esan bezala guk bizpahiru urte daramazkigu guztia honetan sakontzen; eta iaz baino ez ginen ausartu gurasoak elkartzen eta horren berri ematen. Argi dugu guztiok, haiek eta guk, aldaketak apurka-apurka egiten joango garela; inolaz ez egun batetik bestera; eta euren inplikazioa ere nahi dugula, behar dugula”. Gustura hartu dute. Laguntza handia eman digute hainbat material berri sortzerakoan.

Aldaketetan egiteko era aipatu du Z.Uriartek, baina “bada beste aldaketa bat esku artean daramaguna, eta hori materialarena da. Material naturalagoa erabili nahi dugu, ez hain ‘perfektoa’, guk diogun lez ‘desestrukturatuagoa’ baizik. Zer esan nahi du horrek? Ez dugu erositako kotxe eder bat nahi, pilak eta argiak eta koloreak, eta gurpilak dituena. Hori oso polita izango da; baina ez al da interesgarria ume baten imajinaziorako komun-papereko roilo bat aldi berean autoa, tunela, turuta edo berak nahi duen hori izan daitekeena? Esperimentazioa da helburua. Gurasoei laguntza eskatu diegu, etxetik ekar dezatela egurrezko, artilezko den-delako hori. Apurka gabiltza, hasiera baino ez da, baina bidaia berri honetan gurasoekin batera emango ditugu, oraingo artean bezala, urratsak”.

 

Laudio Ikastolan Konfiantzaren Pedagogian ari dira lanean HHren 2. zikloan. “Horretan ere lotura egiten hasiko gara, 0-6 urte arteko markoan, etapan sinesten baitugu. Gure gelak beteta al ditugun? Bai, 0 eta 2 urte bitartekoen kopurua beteta dugu, 8+13+13+50 ume baititugu, eta horientzat guztientzat gure onena emateko prest gaude” bukatu zuen kontatzen Ziortza Uriarte Haur Hezkuntzako ikasketaburuak.

ikastola 211
2014 Abendua
211