IKASTOLA 200 > orientazioa > AITA, AMA, BEHAR ZAITUT. AITA, AMA, BEHAR ZAITUZTET
Bego Gordillo. Zerbitzu psiko-pedagogikoa (Azkue Ikastola)

AITA, AMA, BEHAR ZAITUT. AITA, AMA, BEHAR ZAITUZTET

Bego GordilloBego Gordillo
Zerbitzu psiko-pedagogikoa
RM AZKUE ikastola
Lekeitio

Ama, aita, ohetik altxatzen naizenean zure “egun on maitia” gozoa behar dut. Amets gaiztoak gezurretakoak dira eta gosaria prest dago mahai gainean. Ama, aita, etxetik ateratzean musua behar dut, indarra ematen didazu eguna goizetik baikortasunez hasteko. Nigan daukazun konfiantza sentitzen dut eta egun luzeari aurre egiteko gai naizela  sinesten dut. Tripetan sentitzen dudan larria pasatuko dena badakit. Aita, ama, behar zaitut, motxila prestatzen laguntzen didazunean, agenda eskuan eta eskolaz kanpokoak buruan, bion artean hurrengo eguneko antolaketa egiten dugunean eta ikasi beharreko gaiarekin laguntzen didazunean. Ama, aita, behar zaitut iluntzean “portu seguruan” elkartzen garenean baldintzarik gabeko harrera egiten didazunean, eguneko tentsioak, lagunen arteko haserreak, azterketen presioa, hanka sartzeak… txikiagoak iruditzen zaizkit besarkatzen nauzunean. Aita, ama, behar zaitut, triste ailegatzen naizenean eta berba egiteko gogorik ez daukadanean, hortxe zaudetela jakinda, nahiko daukat. Sentitzen dudanari izena jartzen lagunduko didazula badakit, baina batzuetan denbora behar izaten dut. Ama, aita, eskerrik asko hitz egiten ausartzen naizenean egunkaria irakurtzeari uzteagatik eta esan behar dudana juzgatu gabe pazientziaz entzuteagatik; nire akatsekin onartua eta maitatua sentitzen dut nire burua. Ama, aita, eskerrik asko, erabaki zailak hartu behar ditudanean, bideak eta aukerak, eta bakoitzaren ondorioak ikusten laguntzeagatik. Eta, aukera egokiena hartzen ez dudanean, hanka sartzen uzteagatik, eskerrik asko. Orduan ere behar zaitut. Aita, ama, eskatutakoari ezetz erantzuten didazunean eta haserretzen banaiz ere, ilusioa ez galtzen eta ametsak ahaleginez eta lan eginez lortzen direla ikasten dudalako, eskerrik asko. Ama, aita, batzuetan ez txarto hartu, baina ez zaituztet behar! Nagusitzen ari naizela sentitzen dut eta lagunek esaten dutena logikoena iruditzen zait; zuen diskurtso eta esperientziak ez zaizkit hain erakargarri iruditzen, eta nire espazioa behar dut. Eskerrik asko ulertzeagatik! Aita, ama, eskerrik asko, zuek ere egun luzeak eta arduraz beteak eduki arren, niretzako denbora ateratzen duzuelako!

ikastola 200
2012 Urria
200