IKASTOLA 210 > ikastolak > PARIS365 PROIEKTUAREKIN BAT EGIN DUTE ELKARTASUNEAN

Nafarroako ikastolak Iruñean

PARIS365 PROIEKTUAREKIN BAT EGIN DUTE ELKARTASUNEAN

Fundazioak bi helburu ditu: Giza-eskubideak eta Justizia soziala zabaltzea.

2009an sortu zen Paris365 proiektua, Gizakia Herritar Fundazioaren eskutik. Fundazioak bi helburu ditu: Giza-eskubideak eta Justizia soziala zabaltzea, biak Nafarroako lurraldean, non krisiak gogor kolpatu baititu, bereziki, aukera-gabekoak. Auzolanaren miraria da: 700 bolondres, 2.500 pertsonari hiru otordu euro batean; 4.000 laguntza juridiko eta psikologiko doan, etxe-bizitza, ludoteka, formazioa, eta beste hainbeste euskarri, eskuzabalik, behar duenarentzat. Nafarroako ikastolek ere beren hondartxoa eskaini dute: San Anton kaleko lokala urtebeterako, informazio saioak, eta janari zein jolas bilketak. 

Patxi Lasa, Gizakia Herritar Fundazioaren lehendakariarekin mintzatu gara. Oilo-larruz egin dugu elkarrizketa, ordu erdiz mintzatu baitzaigu, hamaika detaile kontatu dizkigu. Batzuk baino ez dira hemen agertuko ditugunak. Informazio gehiago www.paris365.org

2009an sortu zen Paris365 proiektua, Gizakia Herritar Fundazioaren eskutik. Fundazioak bi helburu ditu: Giza-eskubideak eta Justizia soziala zabaltzea. Biak Nafarroako lurraldean non krisiak gogor kolpatu baititu, bereziki, aukera-gabekoak. Orduantxe somatu zirenez krisiaren kolpeak, irtenbideren bat topatzeko garaia zen. Bat ez, hamaika lortu dituzte azken bost urte hauetan.

Lehena izan zen jangela solidarioa Paris365 sortzea, eta horrekin batera laguntza juridikoa ematea, bereziki, etorkinentzat. Orduz geroztik 140.000 bazkari eta afari eta 75.000 gosari banatu dituzte, guztira 2.500 lagunari; eta hilero, 100 pertsonari. Hiru otordu bider 365 egun/urteko, 1€ baten trukean. Otorduak ez dira edozein modukoak, ez; janari egokia da, nutrizionisten irizpideak betetzen dituzte, hemengo produktuak dira, garaikoak eta hemengo erara sukaldatuak. Janari goxoa da, giro goxoan eskainia. Laguntza juridikoa Paris365 ere ez da txantxazkoa, lau mila kontsulta egin baitira, doan, bereziki etorkinentzat, etxe-gabekoentzat, lan gabezian dagoenarentzat.

Hilabeteak pasa ahala, beharrak handitzen joan dira, eta Paris365k jakin du horiek detektatzen eta irtenbideren bat bilatzen. Oinarrizko behar horiek kontatzekotan, TXOKO Paris365 aipa dezakegu. 80 m2ko Txoko horretan biltzen baitira aisialdirako, bakarrik dauden pertsonak besteren batekin hitz egiteko, egoteko, trukatzeko. Liburutegia antolatu dute bertan, ordenagailuak martxan jarri, Ludoteka-Txoko-Txiki  zerbitzuarekin eta haurtzaindegiarekin.

Etxebizitza arazoa zela oharturik, ParisETXEA365 martxan jarri dute, Fundazioak babestuta, auzolanean egokituta, gelaka alokatuta edo utzita. %50ak doakoak dira, diru sarrerarik ez duenarentzat; beste batzuk, ordaindu ahal duenarentzat, 125€tan. Guztira 22 pertsona bizi dira, 19 etxe/gelatan.

Etxe-gabekoentzat Sopa caliente Paris365 eskaintzen dute Urritik Martxora bitartean, gauero lotara sabel beroz joan daitezen. Zopa kontzentratua da beroa eta elikatua, eta horrekin batera kit bat lor dezakete motxilan termoa, lotarako esterila eta plastiko sendoa duena.

Etxea eta sukaldea duenarentzat baina diru sarrerarik ez duenarentzat, Cesta-básica-Paris365 lotu dute bi nutrizionisten laguntzarekin, 190 pertsonei (horietatik 95 umeak dira) duin jaten emateko osagaiekin eta aholkuekin.

Formazioa garrantzitsua dela erabakita, Bizikasi Paris365 antolatu dute non hizkuntza ikastaroak ematen dituzten;  baita informatika, komunikazio teknikak eta Curriculumak betetzeko oinarrizko ezagutzak ere.

Eta galdera da, nola da posible hori guztia antolatzea eta koordinatzea? Munduan jende on asko dagoelako. Nafarroan jende on asko dagoelako! Nafar gizarteak oso ongi erantzun duelako; baita komunikabideak ere.

Miraria dirudi.  Auzolanaren beste mirari bat. Patronatuak zortzi lagun elkartzen ditu, soldatarik gabekoak. 700 bazkide bolondres biltzen ditu; nahi duenak diru ekarpen bat ematen du hilabetekoa, urtekoa. Bigarren eskuko azokak martxan dira, musika jaialdiak dituzte, bazkari herrikoiak antolatzen dira, panpinak josten. Enpresa sarea ere antolatu dute janaria eta abar biltzeko. Bost langile baino ez daude nominan finko. Egiazko miraria da!

Nafarroako ikastolek, Iruñea aldekoak bereziki, euren ekarpena ere egin dute. Batetik, San Anton kalean Nafarroa Oinez materialerako duten lokala utzi egin diete, aurten libre egon baita, urtebeteko hitzarmenarekin eta luzatzeko aukerarekin, behar ez baldin badute. Eta bestetik, ikastoletako familia artean informazioa zabaldu dute, eta janari eta jolas bilketak egin dituzte Paris365 egitasmoari euren hondartxoa gehitzeko. San Anton kaleko lokalean jangela solidarioa dago.

Bost urte pasa dira, borondatezko sarea antolatuta dago, eta Paris365 ongi baino hobeto dabil. Urteko txostena jasotzen dute, baita auditoria pasa ere. 600.000€tako aurrekontua mugitzen baitute, eta oso argia dute esaera zaharra “Kontu argiak lagun handiak”, guztiaren berri gardena edonoren eskura jarrita baitago. Informazio zehatza web gunean.

 

 

 

 

ikastola 210
2014 Urria
210