IKASTOLA 200 > erreportajeak > ESKOLA ITUN BERRI BATEN PROPOSAMENA
Elkartasuna lagun
Andoaingo Aita Larramendi Ikastolako haurrak omenduekin batera
Omenduak agintariekin batera
Koldo Tellitu
Julen Bengoetxea
Martin Garitano
Laudio Ikastolako ikasle ohiak ikurrina-dantzan
Laudio Ikastolako ikasle ohiak ikurrina-dantzan
Laudio Ikastolako ikasle ohiak ikurrina-dantzan
Laudio Ikastolako ikasle ohiak ikurrina-dantzan
Xabier Oleaga, aurkezlea
Et Incarnatus orkestra, Tolosako Laskorain Ikastolako abesbatzarekin batera
Et Incarnatus orkestra, Tolosako Laskorain Ikastolako abesbatzarekin batera
Omenduak: I. Etxezarreta, J.L. Sukia, F. Babaze, A. Mendia, I. Zubeldia, I. Arregi
Orioko Batzarra: egituraketa berria onartu zen
Orioko Batzarra: egituraketa berria onartu zen

ELKARTASUN LAGUN

ESKOLA ITUN BERRI BATEN PROPOSAMENA

Orain 20 urte Elkartasun Kutxa bultzatu zutenei omenaldia egin zitzaien ikasturte irekierako ekitaldian

Kointzidentzia hirukoitzaren harira ekarri dugu gaia orrialde hauetara. Alde batetik, aurten 20 urte betetzen dira ikastolen baitan hain ezaguna den Elkartasun Kutxa abian jarri zenetik. Bestetik, Ikastolen Elkarteak izaera juridikoa eta hedadura nazionala eman berri dio kutxa horri. Hirugarrenik, gauden bezalako krisi egoeran azpimarratu beharra dago ekimen honen balioa. Hori guztia kontuan hartuta gaia ikasturte hasierako ekitaldira eraman dugu. Aurten Andoaingo Bastero Kulturgunean burutu da.

"Nazioarteko ebaluazio ezberdinek adierazi digute gure hezkuntza emaitzak, ikastolakoak barne, ez daudela gure maila sozio-ekonomiko-kulturalaren pare. Baztertu beharra daukagu inguru hurbila baino hobeto egotearen autokonplazentzia. Autokritikoak izan behar dugu. Badugu ispilurik, badugu non begiratutik. Hor dugu esate baterako Finlandia”, esan zuen Koldo Tellituk bere hitzaldiaren pasarte batean eta azaroaren bigarren hamabostaldian, EAEko hauteskundeak igaro eta berehala, antolatuko diren Topaketen helburuetako bat emaitza horiek nola hobetu gogoeta egitea izango dela iragarri zuen. Topaketa horietara “Europa Batasuneko adituak ekarriko dira eta hezkuntza eredu alternatiboak jorratuko ditugu. Gure artean ukiezinak diruditen tabuak gainditzen hasteko, ereduak tokian tokiko neurrira egin daitezkeela eta egin behar direla frogatzeko”, erantsi zuen. Baina Topaketa horietan beste gai garrantzitsu bat jorratu nahi du Ikastolen Elkarteak, gaurko bi sareen egitura gaindituko duen hezkuntza sare publiko bakar bat bideratzeko proposamena. “Beste esparru administratiboetatik datozen erasoen aurrean babesturik egoteko, sistema integrala behar dugu, Hezkuntza Sistema Publikoa, sare desberdinetako ikastetxez hornitua eta osatua”, gogoratu zuen Koldo Tellituk.

Euskal Herriko ikastola guztietatik etorritako 200 bat ordezkariren aurrean egin zituen aurrean adierazpenok. Ekitaldia Laudio Ikastolako ikasle ohien ikurriña dantza ikusgarriarekin ireki zen, eta Et Incarnatus Orkestrak eta Laskorain Ikastolako Abesbatzak eskaini zuten kontzertu hunkigarriarekin itxi zen. Bien bitartean Koldo Tellituz gainera, Julen Bengoetxea Hezkuntza saileko ordezkariak eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hitz egin zuten.

Ekitaldian, bestalde, orain 20 urte Elkartasun Kutxa bultzatu zuten sei kide ere izan ziren protagonista. Aurkezleak, Xabier Oleagak, garaiko ikastolek bizitako itzalguneak gogoratu zituen. “Krisialdi bat bizi izan genuen orduan ere, EAEn Euskal Eskolaren Legea jarri zen indarrean eta ikastolen mugimendura hausturak ekarri zituen. Sare sozialean geratu ziren ikastolentzat garai latzak iritsi ziren. Testuinguru horretan eratu zen Elkartasun Kutxa. Ekimen horri esker iraun zuten ikastola zenbaitek eta sortu ziren berri batzuk, Gasteizko Armentia esate baterako”, esan zuen. Elkartasun hura egonkortu egin dela gaineratu zuen eta ekaineko batzarrean egitura juridiko berria eman eta Euskal Herri osoko hedapena lortu duela erantsi zuen. Txaloen artean igo ziren omenduak agertokira eta Andoaingo ikastolako ikasleek opari bana eman zieten.

ALDAKETA HANDIAK ELKARTASUN KUTXAN
Orioko batzarrean, ekainaren 21ean, onartu zen lkartasun Kutxaren egituraketa juridiko berria. “Bi aldaketa nabarmen ezarri dira. Orain arte beti laguntzak itzulerarik gabekoak ziren eta, aurrerantzean, kapital ekarpen edo mailegu bezala emango dira. Beste era batera esanda, ikastolen taldea egingo litzateke kapital ekarpenen bidez lagundutako ikastolaren ondare zati baten jabe, eta horrelakotan taldearekiko loturak sortuko dira. Itzultzen zaigun maileguetako diruarekin, berriz, premian diren beste ikastola batzuei lagunduko zaie”, esan zuen Jose Luis Sukia, Ikastolen Elkarteko Egonkortasun arduradunak. Horretarako enpresa berri bat sortu da, Ikastolen Elkarteak bezalaxe europar kooperatiba izaera eta hedapen nazionala dituena. “Orain arte, elkartasunerako bideak EAEn, Nafarroan eta Iparraldean desberdinak ziren; horiek guztiak bildu eta bide batean jarri ditugu. Orain denok elkartasun sistema bera izango dugu”, erantsi zuen EHIko zuzendari Imanol Igeregik. Enpresaren izen ofiziala "Elkartasuna Ikastolak SCE" izango da, ‘kutxa’ hitz komertziala ezin delako erabili. Dirua mailegatu edo kapital ekarpenak egiteaz aparte, mailegu arruntak abalatzea izango da enpresaren egitekoetako bat. Elkartasun kutxa berriak zuzendari bat izango du, baina artezkaritza kontseilua EHIrena bera izango da, eta, zuzendaria ere, EHIren zuzendaritza taldean integratuko da.

ikastola 200
2012 Urria
200