IKASTOLA 210 > erreportajeak > MENDEURRENA OSPATUZ, LEGEA ALDARRIKATZEKO

Ikastolak Mendebete 2014

MENDEURRENA OSPATUZ, LEGEA ALDARRIKATZEKO

Ikasturte Hasiera Ekitaldia

Lehen ikastola sortu zela mendeurrena ospatu zuten ikastolek, 2014-2015 ikasturteko hasiera ekitaldian.

Lehen ikastola sortu zela mendeurrena ospatu zuten ikastolek, 2014-15 ikasturtearen hasiera ekitaldian. Urteotako errepasoa egin zen ekitaldian, baina aurrera begira jarriz, eta etorkizun hurbilean Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legea dago ate joka, edo, hobeki esan, Hezkuntza Legea da ikastolek nahi dutena, hezkuntza propioaren eraikuntzan urrats sendo bat egiteko. 

Ehun urte dira Miguel Muñoak Donostian Euskal Ikastetxea ireki zuela. Ikastetxe hori da lehenbiziko ikastolatzat  jo daitekeena, eta haren inguruan egin da aurten Ikastolen 2014-15 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia. Andoaingo Bastero Kulturgunean izan zen, iragan irailaren 27an

Ikasturte hasiera ekitaldian atzera, orainera eta etorkizunera begira jarri ziren, eta ehun urteko errepasoa ere egin zitzaion ikastolen ibilbideari.

Hala, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk ikastolek urteotan egindako ekarpenak zerrendatu zituen: euskal irakaskuntzan D eta murgiltze ereduen balioa frogatu izana, ikas-materialgintzan ikastolek izandako aitzindaritza, abian jarri, garatu eta sendotutako Hizkuntza proiektua eta eleaniztasun programak, Euskal Curriculumean izandako aitzindaritza …

Urteotan ikastolek oztopo ugari eduki dituztela oroitarazi zuen EHIko lehendakariak, baina aurrera egiten jakin dutela. Egun ere oztopo  handiak dituzte hainbat ikastolak (), eta ikastolen babesa eta laguntzaz gainera, herritarrena eta erakundeena ere behar dutela azaldu zuen. Laguntzarik handiena behar dutenen artean aipatu zituen: Seaskako ikastolak -Ziburuko ikastolaren afera bereziki-, Nafarroako  “eremu ez euskaldunean” diren ikastolak, edota Trebiñuko Argantzungo ikastolak.

Era berean LOMCE dagoeneko legea dela oroitarazi zuen Tellituk, eta hura ez aplikatzeko bideak urratzen eta herri bezala erantzuten jarraitu beharra dagoela azpimarratu zuen. Puntu honetan, Eusko Jaurlaritzari kritika ere luzatu zion, ikastolek ez baitute begi onez ikusi “Balio sozial eta zibikoen eremuari buruz” Hezkuntza Sailak harturiko bidea. Izan ere, laster atera behar diren curriculum-dekretu berrien markoan berariazko erantzuna eman beharrean, LOMCEren garapena besterik gabe aplikatzea proposatu du atal honetan Hezkuntza sailak.

LOMCEri aurre egin eta hura ez aplikatzeko bideak urratzeari buruz, dena den, ohartarazi zuen ikastolen ikuspuntua ez dela LOMCE ez aplikatzearen ondorioz egungo estatusari eustea; aitzitik harago joan eta bide propioa jorratu behar dela nabarmendu zuen.

Hezkuntza Legea

Ildo horretan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege bat egiteko aukera dagoen honetan, hor kokatu zuen Tellituk hezkuntza eredu propiorantz urratsak egiteko bidea: “Hezkuntza, zerbitzu publiko gisa harturik, sare publiko eta itunpekoen arteko dikotomia hautsi eta berdintasunez tratatuko dituzten lege oso bat behar dugu, ikastetxe guztien eskubideak eta betebeharrak finkatuz. Guk hori planteatu nahi dugu, nahiz eta beste puntu askotan ados egon arren gai hau mahai gainean jartzen dugunean eragile batek baino gehiagok ihes egiten duten. Gure ustez, ordea, ezinezkoa izango da gure hezkuntza sistema propioaren ardatzak definitzea, ez badugu aurretiaz definitzen zein izango den nahi dugun sistema publikoa, edota zertan oinarrituko den hezkuntzaren finantziazio eredu berria”. 

Bukatzeko, eta arestian aipatutako gai horiek guztiak oso garrantzitsuak izan arren, ikastolen lehentasuna, lehen, orain eta gero, ikasleen heziketa, ikastoletako irakasleen lana, familien konpromisoa eta ikastola bakoitzaren proiektuaren garapena direla. “Horiexetan tinko diraugu eta horiexek baliatuko ditugu erronkei erantzuteko eta aukerak aprobetxatzeko”, nabarmendu zuen.

Ekitaldian hitza hartu zuten, era berean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok eta Andoaingo alkate Ane Carrerek. Lehendakariak eta ahaldun nagusiak, biek, mendeurrena izan zuten hizpide, eta baita LOMCE ere. Andoaingo alkateak, berriz, ongietorria egin zien bertaratutako guztiei, Udalaren izenean.

Ekitaldi instituzionalaz gainera, Miguel Muñoa eta hark irekitako Euskal Ikastetxea omendu zituzten ikastolek. Horretarako, berariaz prestatutako erreportaje bat eman zuten zinema pantailan. Zurriolako ikastolako Naia Lertxundik eta Markel Sainzek aurkeztuta, Miguel Muñoari eta hark irekitako Euskal Ikastetxeari buruz  hainbat xehetasun eman zituzten. Erreportajea ikusgai dago ikastola.eus webgunean.

Emanaldiaren ondoren Muñoa familiari oroigarri bat eta loreak oparitu zitzaizkien ikastolen esker onaren adierazgarri. Joxe Mari eta Joxe Miguel Muñoak jaso zituzten oroigarriak, eta oholtza gainetik euren osaba zenari eta hark irekitako ikastolari egindako ezagutza eskertu zuten biek.

Askotariko ordezkaritza

Ikastolako komunitateko lurralde guztietako kideak hurreratu ziren Andoainera, eta bertaratutako ordezkaritza zabala eta askotarikoa  ere nabarmentzekoa izan zen ikasturte hasiera ekitaldi honetan.  Erakunde publikoen aldetik hauek agertu ziren: Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta hainbat sailburuorde, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, Andoaingo alkate Ane Carrere, Bidaniako alkate Jos Ramon Goikoetxea… Eusko Legbiltzarreko hainbat hautetsi ere izan ziren, baita Espainiako Gorteetako euskal hautetsi zenbait ere. Alderdi politikoetako ordezkari ugari ere izan ziren (besteak beste, EAJko Lorea Bilbao eta Maria Eugenia Iparragirre, Sortuko Asier Arraiz eta Ikoitz Arrese, PSE-EEko Maria Luisa Garcia…) berdin sindikatuetako eta euskalgintzakoetatik ere (Euskaltzaindia, Kontseilua, AEK, Elkar…). Kristau Eskolako, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak ere bertaratu ziren, eta kooperatiben aldetik Erkideko ordezkari Agustin Mendiola, besteak beste.

Une hunkigarriak

Une hunkigarri eta ikusgarriak ere izan ziren ikasturte hasiera ekitaldi honetan. Horietako bat izan zen Bernat Etxepare Lizeoko ikasleak ‘Ikastola rap’ abestia kantatzen ari ziren unean Ziburuko ikastolako komunitatea oholtzan agertu zenean, jaso duten elkartasuna eskertzeko. Era berean, txalo ugari jaso zituzten ‘Miguel Muñoa eta Euskal Ikastetxea’ erreportajeak, eta ondoren egin zen omenaldi ekitaldiak. Zer esanik ez, Jaso Ikastolako DBHko ikasleek eskaini duten ‘Iki-milikili-klik’ musikalaren zatiak.

Izan ere, iaz bezala, aurten ere ikastoletako ikasleak izan ziren protagonista ekitaldi guztian. Bernat Etxepare Lizeokoek kantaturiko rapa, Jaso ikastolakoek eginiko kantak, Armentiako ikastolakoek (Nahia Gonzalez de Galdeano, Edurne Ponce, Ane Castillo eta Izaro Ruiz) dantzaturiko agurra, erreportajeko Zurriola ikastolako ikasleak… eta, nola ez, ekitaldia aurkezteko erantzukizuna hartu zuten Ibaizabal ikastolako bi ikasleak, euren freskotasunarekin, umorearekin eta taula gainean erakutsitako bat-batekotasunarekin ikus-entzuleak poltsikoratu zituzten. 

ikastola 210
2014 Urria
210