IKASTOLA 209 > ikastolak > EUSKARAREN DOMEINUA SAREAN

"puntu . eus"

EUSKARAREN DOMEINUA SAREAN

Udaberriak lehen lorea eman du, eta udarekin batera datoz beste 90.

Zazpi urte igaro dira, baina amaitu da itxaronaldia. Udaberriak lehen lorea eman du, eta udarekin batera datoz beste 90. ‘.eus’ martxan da, euskara eta euskal kulturaren komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua.

Honelaxe azaltzen du PuntuEus fundazioak domeinu hau: “’.eus’ domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskara eta euskal kultura sustatu eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea kohesionatzea da. ‘.eus’, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona”.

Zer ekarriko du, beraz, ‘.eus’ domeinuak? Zergatik da hain garrantzitsua horrelako domeinu bat? Batetik, Interneten gure hizkuntza eta kultura ikusgarri bilakatzeko bidea delako. Bestetik, ikusgarritasun horrek eta erabilpenerako irizpideek hizkuntzaren eta kulturaren presentzia areagotzea dakartelako. Eta azkenik, kalean gure nortasunarekin identifikatzeko ikurrak erabiltzen ditugun moduan, Interneten ere euskara eta euskal kulturaren komunitatea biltzeko gaitasuna duen ikur bat dugulako.

Abenduaren 3an edonorentzat eskuragarri

‘.eus’ domeinuaren proiektua 2007an hasi zen lehen urratsak egiten. Kataluniako ‘.cat’ domeinuaren ildo beretik zihoan. 2008. urtean PuntuEus Elkartea eratu zen, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea egituratzeko helburuarekin. Hurrengo lau urteetan zabaltze prozesuan egon zen elkartea, eta, egun, guztira 58 elkartek eta erakundek osatzen dute PuntuEus Elkartea. 2012. urtean, PuntuEus Elkarteak PuntuEus Fundazioa sortu zuen. Ikastolen Elkartea fundazio horretako kidea da.  Hain zuen ere PuntuEus Fundazioa izan zen ICANNen aurrean 2012ko maiatzean ‘.eus’ domeinuaren eskaria aurkeztu zuena. Eskari hori ebaluatu eta 2013ko ekainaren 14an jakin zuten .eus domeinua onartua izan zela. Eta martxan jartzeko beharrezko lanak bukatu ondoren, 2014ko apiriletik ikusgarria da ‘.eus’ domeinua Interneten.

Udaberriko lore hori www.domeinuak.eus izan zen. Uda honetan, berriz, 90 webgune loratuko dira ‘.eus’ domeinuarekin. Aitzindarien taldeak osatuko du 90eko talde hori; erakunde, elkarte, enpresa eta norbanakoek osatzen dute, Aitzindari taldean sartzeko diru ekarpen berezia egin dutenak.

Benetako urratsa, ordea, abenduaren 3an egingo da, Euskararen Egunarekin batera. Orduan irekiko da edonorentzat bere webguneari ‘.eus’ domeinua jartzeko aukera.

ikastola 209
2014 Ekaina
209