IKASTOLA 209 > ikastolak > DAGOENEKO INAUGURATU DIRA MILA METRO KARRATUAK

Ibaizabal Ikastola, Durango

DAGOENEKO INAUGURATU DIRA MILA METRO KARRATUAK

Bazkide nagusiak Bizkaiko bost ikastola dira: Txintxirri, Zubi Zahar, RM Azkue, Andra Mari eta Kurutziaga. Ikastola hauek hazten ari direnez, lanak derrigorrean egin behar ziren, eta prest daude.

Ikastola berrantolatzen lagundu die obra berriak. Izan ere Ibaizabal Ikastola atipikoa da, jarduera akademikoez gain bestelakoak ere badituelako, hala nola, kafetegia, ostatua eta gimnasioa. 250 ikasle ditu. Bigarren mailako kooperatiba bat da, kooperatiben kooperatiba bat. Bazkide nagusiak Bizkaiko bost ikastola dira: Txintxirri, Zubi Zahar, RM Azkue, Andra Mari eta Kurutziaga. Ikastola hauek hazten ari direnez, lanak derrigorrean egin behar ziren, eta prest daude.
 

Maiatzaren 17an inauguratu da Durangoko Ibaizabal Ikastolaren obra berria. Aitzakia hori hartuta, Ikastola Aldizkariak egin dio elkarrizketa Idurre Maortua zuzendariari:

1- Egoera ekonomikoa onenetakoa ez izan arren, aipaiguzu zerk bultzatu zaituen obra berri hau egiten? 

Ibaizabal Ikastolaren ikasle iturri DBH4rarteko eskaintza duten Kurutziaga, Andra Mari, Txintxirri, Eguzkibegi eta Lea Artibaiko RM Azkue eta Zubi zahar Ikastolak dira. Ikastola hauek hazten ari dira eta ondorioz, baita Ibaizabal Ikastola ere.

Gainera Batxilergoko eskaintzarekin hasi zen Ibaizabal duela 15 urte inguru, baina gaur egun Batxilergoaz gain, Haur hezkuntzako goi mailako zikloa dugu eta formazio ez arautuan ere 700 ordu inguruko eskaintza.

Jarduera guzti hauek kalitatez eskaintzeko, lehengo eraikina txiki gelditu zitzaigun eta ekonomikoki bertigoa ematen duen arren, inbertsioari aurre egitea erabaki genuen. 1000 m2 eraiki ditugu eta soiltasuna irizpide garrantzitsua izan da obra egiterakoan. Guztira 900.000 €ko kostua izan du. Beraz, argi dago jarraipen estua egin dugula obraren inguruan baina kopuru handia da, kontuan izanda gure 250 ikasleko ikastola dela.

2- Etorkizunari aurre egiten, erabaki zenuten Ibaizabal handitu behar zenutela. Zein motatako obra egin duzue?

Esan bezala, guztira 1.000 m2 dira eraiki ditugunak. Obra lehen genuen eraikina bera handitzean oinarritu da; obrarekin 10 ikasgela berri, bulegoak eta jantoki handiagoa egin ditugu. Gainera, ikastola berrantolatzen ere lagundu digu obrak. Izan ere, Ibaizabal ikastola atipikoa da, jarduera akademikoez gain bestelakoak ere baditugulako (kafetegia, ostatua, gimnasioa). Obra honekin, jarduera ezberdinak espazio aldetik hobeto antolatu ahal izango ditugu.

3- Nortzuk osatzen duzue Ibaizabal Ikastola? 

Ibaizabal bigarren mailako kooperatiba bat da, hau da, kooperatiben kooperatiba bat gara. Bazkide nagusiak bost ikastola dira: Elorrioko Txintxirri, Ondarruko Zubi Zahar, Zornotzako Andra Mari, Lekeitioko R.M. Azkue eta Durangoko Kurutziaga. Hauez gain gurasoak eta ikasleak (Lanbide Heziketan) ere bazkide dira. Eta gure hezkuntza proiektuarekin bat egiten duten bazkide laguntzaileak ere baditugu, pertsona fisiko zein juridikoak.

4- Maiatzaren 17an inauguratu zenuten obra berria. Kontaiguzu nola joan ziren ospakizunak.

Ekitaldi xumea burutu genuen baina uste dut etorri zirenen gustukoa izan zela. Protagonista nagusiak Ibaizabaleko ikasleak izan ziren, eurak direlako ondoen gure ikastola zelakoa den deskribatu dezaketenak. Denetatik izan genuen, antzerkia umore tonuan, elkarrizketak, musika… eta zelan, bukaeran otamen gozoa. Jendeak erantzun zuen eta parte hartze polita izan genuen, beraz, pozik.

 

ikastola 209
2014 Ekaina
209