IKASTOLA 209 > ikastolak > BEDERATZIGARREN URTEAN SORMENEZ BETEA

Armentia Ikastola, Gasteiz

BEDERATZIGARREN URTEAN SORMENEZ BETEA

Armentia KROSS-BTT-Lasterketan, Jesus Mari Urbengaini Izaskun Basarasen oroigarria.

Talde berri batek hartu du aurtengo gidaritza, lehengoaren lekukoa hartuta. Zortzi bat guraso aritu dira azken hilabete hauetan buru belarri lanean, egun bikaina antolatzeko asmoarekin. Bederatzigarren urtea duen lasterketa honek helburu ezberdinak biltzen ditu. Lehena, euskararen aitzakian familia-ekintza batzuk eskaintzea, non kirolak duen pisurik handiena. Araba Euskaraz-en eskaintza bat ere bada, motorrak berotzeko balio duena; eta bolondres lan egiteak ere badu bere lekua, horrelako egun betea antolatzeko laguntza handia behar baita. Hori guztia uztartzen ditu Armentia Kross-BTT-lasterketak.

Has gaitezen kontatzen zenbat ekintza diferente antolatzen diren ekainaren lehen igandean. Goizean goiz Nagusien kross lasterketak du  lehen ordua izendatuta. Honetan 117 korrikalari helmugaratu ziren. Challenge zirkuituan sartuta dagoen ekintza da, eta hortik ere duen ospea. Horien trofeak banatutakoan, txiki eta gazteen ordura pasatzen da. Lau lasterketa ezberdin dira hurrenez- hurren ematen direnak: Lehena, 2009-2014ra jaiotakoentzat, 200 metrokoa. Bigarrena, 2006tik 2008koentzat, 400 metrokoa. Hirugarrena, 2002tik 2005en artekoentzat, 600 metrokoa. Eta laugarren lasterketa, 12 eta 16 urtekoentzat da.

Partaidetzari dagokionez  hauxek izan dira kopuruak: Junior lasterketan 5 ikastetxe desberdinetako 92 lagunek parte hartu dute aurten. 600mtr.ko lasterketan 10 ikastetxetako 122 gazte. 400mtr.ko lasterketan, berriz, 11 ikastetxe eta 116 lagun. Eta azkenik, 200mtr.koan 14 ikastetxe eta 96 korrikalari. Pozik daude antolatzaileak.

Laugarren lasterketa, 12 eta 16 urtekoentzat da. Maila honetako gazteentzat aukera berriak eskaintzen saiatu dira aurten. Kepa Barrenetxea guraso antolatzaileetako batek kontatu digunez “Junior mailakoa deitzen den lasterketa honi bi urrats berri eman dizkiogu: batetik, moztu egin dugu luzapena, hiru kilometro eta erdira jaitsi dugu, gazte gehiago erakartzeko asmoarekin. Eta bestetik, Gasteizko ikastetxe guztietara, eta Arabako ikastola guztietara bidali dugu parte hartzeko gonbidapena. Kirola egiteko adin aproposa da, bultzada emateko amu hona. Horretarako sariak ere gehitu egin ditugu, eurak animatzeko. Ikastetxe batetik ikasle gehien apuntatu denari saria eman diogu; ikasle irabazle gehien izan duenari ere bai. Ez da lehia bultzatu nahi duguna, motibazioa baizik”.

“Bigarren berrikuntza bat ere sartu dugu aurten: Kirol minorizatu bati, aurten rugby-ari, lekua eman diogu erakusketa eta tailerren bidez ezagutarazteko, gazteak eta familiak bertaratzeko, ikusteko, probatzeko” jarraitu du kontatzen Jose Alberto Santiago guraso eta komunikazio lanetan aritutakoak. Datozen urteetan Federazio ezberdinekin kontaktuan jartzeko asmotan dira, urtero kirol ezberdin bati aurkezteko aukera eskaini nahi baitiote.

Neskak eta mutilak  korrika batera aritu diren arren, sariak ematerakoan hala nesken lehen, bigarren eta hirugarrenak jaso duten, nola mutiletan ere horrela mailakatu diren. Ikastolako ikasleen artean ere neurtu dira, baita saritu ere, beti ere motibazioa lantzeko asmoarekin.

Izaskun Basaras Armentia Ikastolako irakaslearen omenaldiak bere leku propioa izan du. Hirugarren urtea da bere izenarekin doan plaka aitak, Ramonek, ematen duena. Aurten Jesus Mari Urbegain-i egokitu zaio hunkitasunez eskaintzen den oroigarria jasotzea. Izaskun, beti, ikastolaren oroimenean jarraitzen baitu.

Eguna ez da oraindik bukatu, oraindik azken ekitaldi handi bat falta da, eta hori bizikleta martxa da. Armentiako basoan barrena, lau kilometro eta erdiko zirkuitua du, familian burutzeko, gurasoak seme-alabekin batera egiteko, lehiarik gabe, klasifikaziorik gabe, lasaitasunean, elkarrekin egiteko opari bezala antolatzen baita.

Tartean eta aurretik puzgarriak daude txikitxuenentzat goiz osoan zehar; zozketa mordoa egiten dira  banatutako dorsalen zenbakien baitan; kategori bakoitzak dorsal ezberdinak dituenez, sariak ere ezberdinak eta ugariak dira. Goizaren bukaeran zozketatu zen lehen saria: Londreserako bidaia bi lagunentzat! Baina baziren beste sari inportanteak ere: Gasteizko hainbat jatetxetan bazkaltzeko aukera; gaztak, urdaiazpikoak, kirol dendatako baleak, Elkar megadendako materiala, etab.

Imajina dezakegunez  lan handia dago honen guztiaren atzetik. Hala baieztatu digute guraso arduradunek. Baimenak eta azpiegiturako gestio ugari, kontutan izanik Armentia inguru babestua dela. Kontaktoak, esponsorrak, mediku eta anbulantzia, komunikazioa, bolondresak… hori guztia eta gehiago dela esan digute, baina gustura egindakoa dena, inondik ere!

ikastola 209
2014 Ekaina
209