IKASTOLA 208 > ikastolak > AUZOLANEAN URDAIBAI OSOA BATUTA

Seber Altube Ikastola, Gernika

AUZOLANEAN URDAIBAI OSOA BATUTA

Aurtengo Ibilaldiaren bideoklipean.

"Ibilaldiak, grabatu duen bideokliparekin, aurtengo helbururik gehienak lotu nahi izan ditu. Hasteko ideia nagusiaren arabera sortu dela esan daiteke. Izan ere, aurtengo ikastolen jaia eskualde osoarena dela irudikatzen da. Horretarako, Oka ibaia da bideokliparen eszenatoki nagusia, eskualdearen bizkarrezurra. Aldi berean esan daiteke, Urdaibai osoa batuta ikusi dugula Ibilaldia irudikatu duten pertsonaien eta pasarteen bidez" kontatu digute Ibilaldiko antolatzaileek.

"Bestetik, bideoklipa egiteko prozesua azpimarratu behar da, bideokliparen emaitza bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa izan baita. Prozesu horrek balio izan baitu jendea eta sinergiak batzeko Ibilaldia eta Seber Altube Ikastolako proiektuaren inguruan.  Eta nola ez, ondo pasatzea ere izan da bideokliparen helburua. Parte hartu dugun guztiok oso ongi pasa dugu, dibertitu gara, gozatu dugu, gustora egin dugu barre.  Bideoklipak hirurehun bat lagun mobilizatu ditu, horrek eskatzen duen guztiarekin, zer esanik ez koordinazio mailan, une batzutan erotzeko modukoa. Hori bai, eromen zoragarria izan da. Eta zein zorte ona izan dugun eguraldiarekin!" jarraitu dute kontatzen.

"Bideokliparen ekoizpena, oro har, auzolanean egin da. Alde batetik dago Ibilaldiko lan-taldeek egiten duten lana; beraiek mugitu eta koordinatu dituzte Ibilaldiko bideoklipa grabatzeko behar diren pertsona, talde eta baliabideak. Beste alde batetik, Seber Altube ikastolako ikasle ohiak daude noski, eremu teknikoagoan Ikus-entzunezkoen arloan lan egiten dutenak, besteak beste, Zigor Etxebarria (Berde Produkzioak), Nerea Andres (Hamaika Telebista), Ager Galarza (Filmak Media), Hannot Mintegia edo Oier Plaza (Filmak Media). Aipatu beharra dago, Berde Produkzioak eta Filmak Media enpresek ahalegin berezia egin dutela inguruan dituzten baliabide teknikoak zein pertsonak bideokliparen zerbitzura jartzeko. Enpresa horien inguruan sarritan lan egiten duen Gotzon Bareño zinema ekoizlea, adibidez, bideokliparen ekoizpen eta koordinazio beharretan ibili da. Guztiei gure esker onak eman nahi dizkiegu, bihotz-bihotzez, eskerrik asko!" Ibilaldiko antolatzaileek adierazi ziguten amaitzeko.

BIDEOKLIPA 
Joserra Plaza: Produktore exekutiboa. Guraso ohia. Filmak Media.
Oier Plaza: Errealizatzailea, kamera. Ikasle ohia. Filmak Media.
Fermin Aio: Kamera. Filmak Media
Aitor Ferrer: Errealizadore laguntzailea. Filmak Media.
Eider Plaza: Produkzio idazkaria. Ikasle ohia. Filmak Media.
Gotzon Bareño: Produkzioa. Filmak Media.
Kerman Goikuria: Kamera. Filmak Media.
Dani Ojanguren: Aire-irudi operadorea. Filmak Media.
Ager Galarza: Kamera. Ikasle ohia eta gurasoa. Filmak Media.
Hannot Mintegia: Edizioa. Ikasle ohia.   
MAKING OF-A (Bideokliparen ingurukoak)
Zigor Etxebarria: Bideo-grabazioak. Ikasle ohia. Berde Produkzioak
Nerea Andres: Bideo-grabazioak. Ikasle ohia. Hamaika telebista
Hannot Mintegia: Edizio-lanak. Ikasle ohia     

 

 

ikastola 208
2014 Apirila
208