IKASTOLA 207 > orientazioa > JAPONIATIK eta GIRONATIK ETORRI DIRA ESPRESKI

Ikastolak munduan zehar

JAPONIATIK eta GIRONATIK ETORRI DIRA ESPRESKI

Ikastolen eredu pedagogikoa ezagutzera

Astebeteko epean bi bisita jaso ditu Ikastolen Etxeak, ikastoletako eredu pedagogikoa ezagutzeko interes handia zuten eta: Japoniako Hezkuntza Ministerioaren babespean ordezkaritza bat otsailaren 12an, eta Gironako Unibertsitateko Pedagogia Fakultateko ordezkaritza bat otsailaren 5ean.
 

Harrokeriatik urrun, baina harrotasunez, askotan esan dugu ikastolen eredu pedagogikoa aitzindari izateaz gainera aurrerakoi eta aurreratua dela, eta etengabe hobetuz doala. Ez da guk diogulako, guri aitortzen digutelako baizik.Horren erakusle da otsailean jaso ditugun bi bisitak. Biak erabat interesatuta zeuden eredu pedagogikoarekin oro har, eta, zehazki konpetentzietan oinarritutako EKI proiektuarekin eta Haur Hezkuntzatik eleaniztasuna bultzatzeko Eleanitz programarekin.
Horren guztiaren berri jaso zuten Ikastolen Etxera egindako bisitan, baina baita ere, Japoniako ordezkaritzaren kasuan, programa hauek bertatik bertara ezagutzeko ikastoletara egindako bisitetan. Izan ere, Ikastolen Etxera joan aitzin, aurreko bi egunetan eta hirugarreneko goizean, Donostiako Zurriola, Axular eta Santo Tomas eta Bergarako Aranzadi ikastolak bisitatu baitzituzten. Programak ezagutzeaz gainera, horiek ikasgeletan nola aplikatzen diren ikusi nahi zuten, eta erabat harrituta geratu ziren ikusi zuten emaitzarekin. Hirugarren eguneko arratsaldean, berriz, Ikastolen Etxera joan ziren, EHIko zuzendaritzarekin, arduradun pedagogikoarekin eta alorretako adituekin batzartzera.
Japoniako ordezkaritza hori hango Hezkuntza Ministerioak Europara bidalitako begirale eta adituak dira. Kontinente Zaharrean hezkuntza alorrean ematen ari diren berrikuntzak ezagutu eta, haiek ikasiz, eredugarri izan daitezkeenak Japonian aplikatzeko xedearekin etorri dira.
Ikastolen hezkuntza ereduaz interesatuta, Gironako Unibertsitateko Pedagogia Fakultateko ikasle eta irakasle talde baten bisita  ere jaso zuen Ikastolen Etxeak otsailaren 5ean. Ikasleen etapa desberdinetako pedagogia programak, konpetentzietan oinarritutako EKI proiektua, Eleanitz programa eta ikastolen beste hainbat ezaugarriren berri jaso nahi zuten, eta jaso zuten, EHIko zuzendari nagusiaren, arduradun pedagogikoaren eta etapa eta programa bakoitzeko arduradunen eskutik.
Goiz osoan zehar izan ziren Kataluniako ordezkaritzako kideak Ikastolen Etxeko arduradunekin bilduta. Interes handiz jarraitu zituzten EHIko profesionalek eskainitako azalpenak, eta hauek ere gogotsu aritu ziren Gironako Unibertsitateko irakasle eta ikasleei euren berri ematen.

ikastola 207
2014 Otsaila
207