IKASTOLA 207 > iritziak > KULTURA ZIENTIFIKOAREN GARRANTZIAZ ETA ZIENTZIA DIBULGAZIOAREN MUGEZ

Iritzia

KULTURA ZIENTIFIKOAREN GARRANTZIAZ ETA ZIENTZIA DIBULGAZIOAREN MUGEZ

Juan Ignacio Perez Iglesias, EHUren Kultura Zientifikoko koordinatzailea

Zientzia eta teknologiaren menpekoa den gizarte batean bizi gara, eta aldi berean, oso mugatua da jendeak gai horiei buruz duen ezagutza. 

Carl Sagan zientzialari eta dibulgatzaileak idatzi zuen bezala, horixe da deskalabrurako biderik onena. Hain garrantzi handikoak izanik, oso arriskutsua da jendeak zientzia eta teknologiari buruzko ezagutza gutxi edukitzea, hartu behar diren erabaki asko irizpide egokirik gabe hartzea gerta daitekeelako.
Bai gizabanako gisa, bai taldeko kide gisa, gizakiok erabaki asko hartzen ditugu, eta horietako askotarako dauden aukeren artean erabakitzeko orduan, irizpide zientifiko-teknologikoak -oso oinarrizkoak badira ere- garrantzizkoak izan daitezke. Izan ere, irizpide egokirik gabe, herritarrok errazago egongo gara boteredunen edo manipulatzaileen menpe. Eta horretarako, garrantzitsua da gutxieneko zientzia-ezagutza edukitzea. Gainera, zientzia da giza kulturaren zati handi bat eta zientziaren oinarriak ezagutu gabe kultur ondarearen zati hori gabe geldituko litzateke jendea. Hori ere, nire ustez, gutxieneko zientzia-ezagutza edukitzeko beste arrazoi on bat da.

Bestalde, zientzia eta teknologiaren garapen egokiari begira, komenigarria da jendearen atxikimendua. Normalean, ezagutzen ez denarekiko atxikimendua zailago lortzen da ezagutzen denarekikoa baino; hortaz, gizarte batean garapen zientifiko eta teknologiko indartsua izateko, lagungarria da jendeak diziplina horien gutxieneko ezagutza izatea, zientziarekiko gizarte-atxikimendua gakoa izan baitaiteke zientziari dagozkion erabaki politikoak hartzerako orduan.
Hori horrela, zientzia-eragileek gero eta interes handiagoa erakusten dute zientziaren ezagutza handitzeko eta zientzia gizarteratzeko. Dibulgazioak, baina, eragin mugatua du. Egia da zientziarekiko interesa eta jakin mina handi daitezkeela dibulgazio-jardueren bitartez. Baina mugatua da jarduera horien irismena. Azken batean, prestakuntza formala da jendearen kulturaren iturri nagusia. Prestakuntza-sistema da, izan ere, jendearen kulturaren eragile handiena. Eta berdin gertatzen da kulturaren zati den zientziarekin, zalantzarik gabe. Hortaz, nekez lor dezake zientziaren dibulgazioak prestakuntza formalak lortzen ez duena. Zorionez, -eta euskal herritarroi dagokigunez- gero eta emaitza hobeak lortzen ari dira Euskal Herriko prestakuntza-zentroak zientzia eta matematikaren alorretan.
Euskal Herriko Unibertsitateak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, Kultura Zientifikoko Katedra sortu zuenean, lehenago azaldu ditudan gogoetak izan zituen ikusmiran. Baina, adierazi bezala, prestakuntza-sistemarena da kultura zientifikoa sustatzearen erantzukizun nagusia. Hortaz, koordinatzen dudan Katedran irakaskuntza-zentroekin elkar-ekiteko bideak aztertu nahi ditugu gure zereginak ahalik eta modurik eraginkorrenean betetzeko.
Asmo horren barruan kokatzen da Katedrak argitaratzen duen Zientzia Kaiera (zientziakaiera.com) hedabide digitala izatea egunotan ospatzen ari garen Kultura Zientifikoko I. Jaiaren anfitrioia. Jai horren testuinguruan argitaratzen diren zientzia dibulgazioko artikulu guztien berri ematen dugu Zientzia Kaieran eta, gainera, euren bloga ez duten idazleei aukera ematen diegu bertan, gurean, euren lanak argitaratzeko. Nahi genuke, noski, Zientzia Kaieran argitaratzen diren artikuluak Euskal Herriko ahalik eta ikastetxe gehienetara iristea eta irakasle eta ikasleentzako baliagarriak izatea. Eta, bide batez, ikastetxe horietako irakasleak animatzen badira, euren artikuluak argitaratzeko zabalik izango dituzte blogaren ateak. Azken batean unibertsitate aurreko mailetan diharduten irakasleak dira euren ikasleentzat egokiak diren testuen maila eta tonuarekin asmatzeko ezagutza onena dutenak. Beraz, nahi duena gure Zientzia Kaieran kolaboratzeko gonbidatuta dago.

La importancia de la cultura científica
Juan Ignacio Pérez Iglesias es el coordinador de la Cátedra de la Cultura Científica de la Universidad del País Vasco. En este artículo habla precisamente de la cultura científica y de la importancia de la divulgación de ésta en nuestra sociedad, pues aunque esté dominada por la ciencia y la tecnología es vaga la noción que se tiene sobre la misma, con el consiguiente peligro de caer en manos de los que ostentan el poder, o peor aún, de los manipuladores.

L'importance de la culture scientifique
Juan Ignacio Pérez Iglesias est coordinateur de l'Agrégation de la Culture Scientifique à l'Université du Pays Basque. Il nous parle de la culture scientifique et souligne son importance au sein de notre société. Bien que cette dernière soit dominée par la science et la technologie, la culture scientifique reste une notion floue qui court le risque de tomber entre les mains des détenteurs du pouvoir ou, pire encore, des manipulateurs.

 

ikastola 207
2014 Otsaila
207