IKASTOLA 207 > erreportajeak > ERKIDE IRAKASKUNTZA KOOPERATIBA

III. Kongresua

ERKIDE IRAKASKUNTZA KOOPERATIBA

"Hezkuntzaren erronkei begira"

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irakaskuntza kooperatibak biltzen dituen erakundeak etorkizun hurbil eta ertainari begirako erronkak eta aukerak aztertu zituen, hezkuntza paradigma aldaketa ere aintzat hartuta.
 

Iragan urtarrilaren 22an eta 23an egin zuen Hirugarren Kongresua Erkide-Irakaskuntzak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irakaskuntza kooperatibak biltzen dituen erakundeak etorkizun hurbil eta ertainari begirako erronkak eta aukerak aztertu zituen, hezkuntza paradigma aldaketa ere aintzat hartuta.
Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen Kongresua. Hasiera ekitaldian parte hartu zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek, Euskadiko Kooperatiben Federakuntzako lehendakari Javier Goienetxek, eta Erkide-Irakaskuntzako koordinatzaile Patxi Olabarriak. 

 

‘Hezkuntzaren etorkizunari begira’ zuen lelotzat Erkide-Irakaskuntzaren 3. Kongresuak, eta Cristina Uriarte sailburua ere etorkizun horri begira mintzatu zen. Hezkuntza mailan Jaurlaritzak bikaintasunaren bidea urratu nahi duela azaldu zuen, eskola inklusiboa bultzatu eta aniztasunean elkarrekin bizitzen ikasi. Horren baitan kokatu zuen bake eta bizikidetzarako Jaurlaritzaren plana.
“Ikaslea da gure ardatza eta xedea”, esan zuen; “ikaslearen irteera profila zehaztu eta hura garatu behar da”. Eta, era berean, hezkuntza sistema egonkorra nahi dutela azaldu zuen. “Hortik dator Heziberri 2020 plana. Marko pedagogikoa adostu, hura dekretu bidez arautu eta etorkizuneko Hezkuntza Lege baterako urratsak egitea du xede”.
Bide horretan, hiru erronka aipatu zituen. Lehena belaunaldi berriak Euskal Herrian eta munduan ibili eta garatzeko bitartekoak ematea; bigarrena, belaunaldi horiek oinarrizko konpetentziak eskuratzeko prestatzea; eta, hirugarrena, hezkuntzarako aukera berdintasuna ziurtatzea.
“Euskara egokiago menderatuko duten ikasleak nahi ditugu, eta euskal kultura ezagutuz, euskara ardatz duen eleaniztasuna ziurtatu behar dugu”, gaineratu zuen.
Hezkuntza kooperatibei begira, Erkideren xedeak elkarrekin garatzeko proposamena egin zuen Hezkuntza sailburuak. Bide horretan, 2014ko azpiegituren finantzaketarako Eusko Jaurlaritzak “esfortzu handia” egin duela azpimarratu zuen. Era berean, hezkuntza eragile ere badenez, Erkide-Irakaskuntzaren parte-hartzea ziurtatu zuen Heziberri 2020ren diseinuan.
Erkide-Irakaskuntzako koordinatzaile Patxi Olabarriak aurreko kongresutik aurtengora bitarteko gertakarien errepasoa eginez abiatu zuen hitzaldia. Krisi ekonomikoaren urteak izan direla gogorarazi zuen; langabeziaren, zerga presioaren eta laguntzen murrizketaren garaia. Baita lan araudiaren aldaketaren garaia ere. Horrek guztiak eragin negatiboa izan duela esan zuen Olabarriak, baina egoera horretan ere, hezkuntza kooperatibek lanpostuei eustea eta batzuetan sortzea ere lortu dutela azpimarratu zuen.
Eskertu zuen Erkide-Irakaskuntzako koordinatzaileak, egoera horretan, Jaurlaritzak 2014rako inbertsio deialdia egin izana, baina esfortzu hori hezkuntza kooperatibek dituzten beharrei erantzuteko ez dela nahikoa esan zuen.
Lomceren mehatxuaren aurrean, Heziberri 2020 egitasmoa beharrezkotzat jo zuen, hezkuntza paradigma aldaketa ekartzeaz gainera, hezkuntza legea ere ekartzeko egitasmoa baita. Egitasmoa aurrera eramateko konpromisoa erakutsi zuen Olabarriak, eta horretarako erakundearen babesa izango duela Jaurlaritzak.
Beste gai batzuk ere aipatu zituen Erkide-Irakaskuntzako koordinatzaileak. Hizkuntza erronka da horietako bat. Ikasle guztiak benetako elebitasuna lortzeko euskal hezkuntza sistema aldarrikatu zuen. Giza eskubideak eta bizikidetza ere aipagai izan zuen; hezkuntza kooperatibek bi gai horietan duten konpromisoa berretsi zuen, baina zehaztu zuen ezin direla maila politikoan konpondu gabeko auziak hezkuntzaren bizkar jarri.
Nortasun kooperatiboari dagokionez, neurri zehatzak eskatu zituen Olabarriak, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza kooperatiba askori herri onurako izaera aitortu dienean ezagutza horrek dakartzan ondorio guztiak aplikatzeko eskatu zion Lakuari.

Askotariko inteligentziak eta hezkuntza emozionala
Bizi dugun mundu eta garai aldakorrean etorkizuna aurreikusteko zailtasun ugari planteatzen zaizkigun honetan, nola ziurtatu hezkuntza aldetik etorkizuneko erronkei egoki aurre egingo dieten belaunaldi berri prestatuak edukitzea? Erkide-Irakaskuntzaren III. Kongresuan hainbat pista eman zituzten.
Hezkuntza paradigma aldaketa gauzatzen ari da; konpetentzietan oinarritutako heziketak izan behar du ardatz; ezagutzak transmititzeko moduak ere aldatu behar du, irakasleek irakasteko modua aldatu behar dute, ikasleek ikasteko modua. Ikastoletan landu eta aurten praktikara eramaten hasi diren EKI proiektuak hezkuntza paradigma berri horretara garamatza; Eusko Jaurlaritzaren Heziberri 2020 egitasmoak ere bide hori urratzen du.
Argi dago mundu aldakor batean hezkuntza sistema ezin dela egonean gelditu. Hark ere aldatu egin behar duela. Hortik abiatuta, formula magikorik ez dago, baina klabe batzuk bai. Horiek azaltzera joan ziren Euskalduna Jauregira zenbait aditu; besteak beste, Nuria Sanchez, Javier Bahon eta Rafael Bisquerra.
Testuinguru berrian hezkuntza alorrean aintzat hartzeko eman diren eta ematen ari diren aldaketa nagusiak  zehaztea da lehen urratsa. Hauek lirateke:

-Mundua aldakorra da. Lehen Hezkuntzan ari diren haurren hiru laurdenak oraindik existitzen ez diren lanbideetan lan egingo dute.
-Horren aurrean, eskolak, irakasleek, ezin dute soilik ezagutzak transmititu; ikasleen garunak trebatu behar dituzte. Eskola, beraz, zerebroa trebatzeko entrenamendu eremua izan behar da.
-Eskolak jakintza kanal bakar izateari utzi dio, eta irakasleak jakintza horren transmisore bakar izateari.
-Hezkuntzaren teknologia tradizionalek eskura dauden bakarrak izateari utzi diote.
-Hezkuntza globalizatua izatera igaro da.
-Eskolak dibertsitateari erantzun behar dio.

Aldaketak zehaztuta, egokitu egin behar da hezkuntza sistema. Nola? Adituok klabe batzuk ematen dituzte. Bereziki bi aldaketa nabarmendu dituzte; ikaskuntzari buruzko ikuspegia eta metodologia pedagogikoak aldatu behar dira. Ikaskuntza elkarrekin lotutako hiru alorretara eraman behar dela diote: garapen neurologikora (inteligentzia), garapen emozionalera eta garapen psikomotor eta sentsorialera. Aldaketak, gainera, hastapenetik abiatu behar du, estimulazio goiztiarraren bidez, eta neurologian egin diren ikerketak aintzat hartuz, askotariko inteligentziak sustatuz.
Askotariko inteligentziaren teoriak giza gaitasunaren potentzialaren eta inteligentziaren ideia konplexuaren gaineko ikuspegi berri bat ireki du. Horren arabera, gizaki bakoitzak inteligentzia mota horien konbinaketa bakar bat dauka. Askotariko inteligentziak estimulatzeak, berriz, gizaki bakoitzari ikaskuntzarako ate berriak zabaltzea dakar, eta ebaluatzeko tresna eta bitarteko berriak eskatzen ditu.
Hori horrela, metodologia berriak behar dira, askotariko inteligentziatik abitutako gaiekin, diziplina anitzeko ulermen proiektuekin, askotariko inteligentziak eta horiek garatzeko bideak aintzat hartuko dituen materiala osatuz, eta askotariko inteligentziak ikastetxe guztian garatzea ahalbidetuz.
Beraz, askotariko inteligentziak garatuko dituen eskola baterako urratsa proposatzen dute adituok. Ikuspegi berri bat dakar haurrek ikasten duten moduari begira, irakasleek irakasten duten moduari begira eta eskolak laguntzen duen moduari begira.
Irakasleak haurren ikaskuntza prozesuan bitartekari izan behar du, eta xedea da konpetentziak eskuratu dituzten haur zoriontsuak lortzea, gaitasunak dituztenak eta hautatzeko aukera dutenak.
Xede horren bila, paper garrantzitsua jokatzen du hezkuntza emozionalak. Hezkuntza emozionalaren helburua ongizate pertsonala da. Horretara iristeko gaitasun emozionalak garatu behar dira, bost bloketan:

-Kontzientzia emozionala: emozioen jabe egitea. Inguruarekin emozio jakin baten arabera jartzen gara harremanetan. Esperientzia horiek erabakiko dituzte gure erreakzioak eta harremanak.
-Erregulazio emozionala: Emozioak ezagutu eta haiek kudeatzen ikastea.
-Autonomia emozionala: unean unean beharrezko emozioak sortu eta aukeratzeko gaitasuna eskuratzea.
-Gaitasun soziala. Bestearekin harreman ona izateko gaitasuna eskuratzea.
-Bizitzarako eta ongizaterako trebetasuna. Hezkuntza emozionalaren helburua, lehen esan bezala, ongizatea delako. Hezkuntza emozionalaren ondorioak lirateke: gaitasun sozial eta emozionalak eskuratzea, jarrerak hobetzea, eta ondorio kaltegarriak saihestu edo gutxitzea.


despiezea
IKTak
Hezkuntza paradigma aldaketa ezin da ulertu teknologien aurrerapenik gabe, eta teknologiak ezinbesteko tresna dira, jada gaur egun ere, hezkuntzan. Hezkuntzaren etorkizunari begira jarritako kongresuan, beraz, IKTen presentzia ezinbestekoa zen, eta halaxe izan zen. EKI digitalaren azalpenetik hasi eta baliabide tekonologiko desberdinetatik igaroz, presentzia nabarmena izan zuten IKTek jardunaldietan.


III. Congreso de Erkide Irakaskuntza
Nos encontramos ante un cambio de paradigma en la educación. Pero en un mundo y tiempo de continua transformación donde es difícil prever tan siquiera el futuro inmediato, ¿cómo asegurar, mediante la educación, una generación bien preparada para hacer frente a los nuevos retos? En el tercer congreso de Erkide-Irakaskuntza se ofrecieron varias pistas.

Défis de l'enseignement
Les 22 et 23 janvier s'est déroulé au Palais Euskalduna de Bilbao le IIIème Congrès d'Erkide-Irakaskuntza. L'entité réunissant les coopératives enseignantes d'Araba, Bizkaia et Gipuzkoa s'est penchée sur les défis et les opportunités à court et moyen termes. Thème central du Congrès: le changement du paradigme éducatif.

 

ikastola 207
2014 Otsaila
207