IKASTOLA 206 > ikastolak > "HEZKUNTZA KOMUNITATE OSOA INPLIKATUTA PLANETAREN ETORKIZUNA "Gure esku"

Herri Ametsa Ikastola, Donostia

"HEZKUNTZA KOMUNITATE OSOA INPLIKATUTA PLANETAREN ETORKIZUNA "Gure esku"

Badira  lau urte Donostiako Ulia mendian kokaturik dagoen ikastolan Aste Berdea ospatzen hasi zirela  ikasleak iraunkortasunean hezteko bide egokia zela erabakita. Aurten kontsumo jasangarriagoan hausnartu eta ekin egin diote HHn, LHn eta DBHn. Etapetako arduradunek eta ikasle ordezkariek elkarlanean sortutako jarduerak egin eta hezkuntza komunitate osoa motibatu dute.

 

"Duela lau urte hasi ginen Donostiako Ulia mendian kokatuta dagoen Herri Ametsa Ikastolan Aste Berdea ospatzen, gure ikasleak iraunkortasunean hezteko behar-beharrezkotzat jotzen baikenuen ikastola osoaren partaidetza" kontatzen hasi zaigu Miren Zabaleta, irakasle eta Agenda 21eko arduradunak.

"Hori dela eta, urtero, ikasturtea hasita, urrian, Eskolako Agenda21-i dagokion gaiaren inguruko sentsibilizazioa egiteko tartetxoa erabiltzen dugu, eta horri Aste Berdea deitu diogu. Aurten gure kontsumoa jasangarriagoa izan dadin hausnartzen eta egiten aritu gara hiru etapatan: HHn, LHn eta DBHn. Etapetako arduradunek eta ikasle ordezkariek elkarlanean sortutako jarduerak egin ditugu, gure hezkuntza komunitate osoa motibatu asmoz. Horrela, taldean, errazagoa da pentsamendua eta sentimenduak piztu, eta ingurumen-arazoekiko dugun arduraz kontziente izatea" jarraitu du Mirenek.

"Argazkian ikus daiteke nola ikasleak berdez jantzita etorri ziren egun batean ikastolara. Bestetik, LHko ikasle zaharrenek asmatu zuten dantza Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Eskuetan" abestiarentzat. Horrekin txikiei irakatsi nahi zieten planetaren etorkizuna gure eskuetan dagoela, gure aldetik lagundu diezaiokegula mundu berdeago batean bizitzen, naturatik gertuago, harekiko errespetuan. Argazkian bertan ikusten den erosketako karroak kontsumo jasangarriago baten beharra irudikatzen du. Iruditu ez arren, gure txikiak, pixkanaka, jolastuz eta antzerkien bidez, barneratzen doaz ulertzeko erraza ez den jasangarritasunaren ideia. Gure asmoa haurrek ikastolaren inguru natural eta historikoa ezagutzea ere bada, hura maitatu eta zaintzeko ahalegina egin dezaten." adierazi zigun Zabaletak.

 

ikastola 206
2013 Abendua
206