IKASTOLA 205 > ikastolak > "LEKU NAHIKORIK EZ, ETA OBRA BERRIA DAGOENEKO"

Ibaizabal Ikastola, Durango

"LEKU NAHIKORIK EZ, ETA OBRA BERRIA DAGOENEKO"

Ibaizabalen bigarren fasea jaio da. Batxilergoko hiru gela eta Haur Hezkuntza goi zikloa eskaintzen duen ikastola funtzio anitzekoa da; izan ere ikastolako jardunaz gain eraikin berdinean hainbat jarduera burutzen dira, taberna, ostatua, aterpetxea eta kirol-gunea hain zuzen.  Ibaizabaleko bazkide diren ikastolak ere handituz ari direnez, epe laburrean ikasle gehiago aurreikusten dira eta, horri aurre egiteko, 2013ko maiatzean eraikina handitzeko lanei ekin zioten. Urrirako prest izango da 1.000 m2ko eraikina, jangela eta bederatzi ikasgela hartzeko lekua izango dituena. 

“Ibaizabal handitzen ari den ikastola da” esan zigun harrotasunez Idurre Maortua zuzendariak.  “Durangoko Kurutziagak hirugarren lerroa lortu zuenez geroztik, Zornotzako Andra Maritik, Elorrioko Txintxirritik, Galdakaoko Eguzki-Begitik, eta azken bolaran Lea-Artibaitiko bi ikastoletatik hasi den joera ikusirik, ikaslez bete zaigu ikastola. Eta joera mantenduz gero, lekurik ez genuela izango aurrikusi genuen”.

“Garaia zailak direla, kontzertuak lortzeko zailtasunarekin, eta abar luzea eskuartean genuela ikasturte oso bat eman dugu  lanean, borrokan ere bai, zenbakiak egiten; eta azkenean, gure ikastola egonkortuta dagoela ikusita, obra berriarekin hastea erabaki genuen. Ibaizabalen hezkuntzako jardueraz gain beste batzuk ere egiten dira, berezikik kirolarekin zer ikusia dutenak, eta espazio faltagatik elkarbizitza kaotikoa bihurtzen hasia zitzaigun”, jarraitu zuen Idurrek.

“Hori horrela, momentua  zela erabaki eta ausartu egin gara obrari ekiteko. Mila metro karratuko obra da eraikin berria. Lehenagoko jangela eta hiru gelak eraberrituz gain, bi solairu gehitu ditugu, zortzi gela berri egin ditugu. Eraikin berria jarduera akademikotako erabiliko dugu; eta lehengokoa “Errota” izenekoa,  jarduetarako”.

Uda partean lanak egin dira. “Maiatzean hasi eta, ziztu batean, urriarako prest izango dugu. Maiatza eta iraila zailak izan ditugu, espazio eskasa eta baldintza murritzekin ibili behar izan dugulako, baina listo, bukatu da eta laster izango dugu inauguraketa” kontatu zigun zuzendariak.

ikastola 205
2013 Urria
205