IKASTOLA 205 > ikastolak > BISSCHOPELIJK COLLEGE BROEKHIN ANAITUTA HAMAR URTEZ

Pasaia eta Lezo Lizeoa Herbehereetako Roemond herriko eskolarekin

BISSCHOPELIJK COLLEGE BROEKHIN ANAITUTA HAMAR URTEZ

Eskola Trukea egitasmoak hamargarren aldia beteko du 2013-2014 ikasturte honetan. Batxilergoko lehen ikasturteko ikasleak dira eskola trukean parte hartzen dutenak; ohi bezala, Roermond herriko ikasleak hona etorriko dira; eta hemengoak hara joango. Helburu nagusietariko bat ingelesean trebatzea bada ere, baditu akademikoak ez diren beste arlo garrantzitsu batzuk lantzea xede, ikasleen garapen pertsonalarekin zerikusi handia dutenak, hala nola, autonomia landu eta beste kultura bat ezagutzea. Eta proiektuaren emaitzak bikainak izan dira denbora honetan guztian.

Pasaia-Lezo Lizeoa hamar urtez dabil anaituta Herbehereetako Roermond hiriko  eskolarekin,  Bisschopelijk College Broekhinekin. Batxilergo lehen ikasturteko ikasleak dira eskola trukean parte hartzen dutenak; ohi bezala, Roermond herriko ikasleak hona etorriko dira; eta hemengoak hara joango.
“Helburu nagusienetarikoa bat ingelesean trebatzea bada ere, baditu akademikoak ez diren beste arlo garrantzitsu batzuk lantzea xede, ikasleen garapen pertsonalarekin zer ikusi handia dutenak; hala nola, autonomia, errespetua, beste kultura bat ezagutzea…”, kontatu dute Eskola Trukearen arduradunek.

“DBH 4.ean izena eman behar dute trukean parte hartzeko. Gutxi gorabehera  Lizeoko 20-24 bat ikasle aritzen da proiektuan, eta Roermond hiriko beste hainbeste. Urrian hasten dira ikasleen arteko ‘bikoteak’ sortzen, e-postaz euren harremana lantzen, elkarrekin topo egin aurretik elkar ‘ezagutzen’. Gure ikastolan, eskola ordutik kanpo, astean bi orduz elkartzen gara proiektua lantzeko, dena prestatzeko eta, bide batez, ingelesa praktikatzeko, hori guztia egiteko maila egokia beharko baitute”, jarraitu dute Eskola Trukearen arduradunek.
Erantzukizun handia exijitzen du proiektuak, eta irakasleek eta ikasleek lan handia egiten dute  urtean zehar. Proiektuaz jabetu behar dute, familiak topatu, hemengoek Euskal Herriko berezitasunak landu, herriaren enbajadoreak izango baitira hara joandakoan; eta haiei ere berdin gertatuko zaie. Beraz, bi asteko programa bete-betea osatu egin behar da, ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Ikasleek familiatan ostatu hartuko dute. Egunez ikastolara joango dira barruko geletan aktibitateak egitera, inguruak ezagutzera, adibidez, Pasaiako badia, Donostia eta Euskal Herriko hiri nagusiak; Maastrich, Utrecht edota Amsterdam  hara joandakoan. Bizikletan ibiliko dira, baita arraunean eta eskupilotan ere. Elkarrekin emango dituzten egunetan etengabeko informazioa trukatuko dute. Talde bakoitzarekin bi irakasle joaten dira, eta ikasleak horien esanetara ibiltzen dira.

Cultural Evening emanaldi bereziak antolatuko dituzte, baina ez soilik norberaren herrialdeko musika eta dantza ezagutzeko eta gozatzeko, gau horiek kultura propioa erakusteko aukera paregabeak bihurtuko baitira. Horretarako talde bakoitzak bideo bana grabatu beharko du, hitzalditxoak prestatu, aurkezpenak egin, ikasle guztiei eskainiz landutakoa.
Urtero gauza berriak prestatzen saiatzen direnez, “2013ko berezitasuna blog berria sortzea izan da. Egunero idazten zuten zerbait bertan, zertan ari ziren kontatzen eta argazkiak bidaltzen”, zehaztu dute Eskola Trukearen arduradunek.

Dagoeneko holandarrak ezagunak dira Pasaia-Lezo Lizeoan. LHkoak harritzen dira hainbeste ilehori handi ikustean, eta amesten hasi ere hara joango diren egunarekin.

ikastola 205
2013 Urria
205