IKASTOLA 205 > ikastolak > JAIEN AURRETIK EUSKARAZ BLAI, 1513ko BORROKA GOGOAN

Zangozako Ikastola, Nafarroa

JAIEN AURRETIK EUSKARAZ BLAI, 1513ko BORROKA GOGOAN

Hausnarketa baten ondorioz sortu zen ideia. Nola motibatu ikasleak euskaraz egiten oporretatik bueltan? Nafarroako Erresuma gaiari helduz, Zangozan 1513ko borroka gogoratuz, eta herriko jaiak baino lehen suelto diren lau eskola-egunak antolatuz. Horiek izan ziren erantzunak. Hori baino gehiago izan da ondorioa. Ipuin bat ardatz hartuta, soka luzeak jarraitu dio: historia entzun, mintza-lagunarekin hitz egin, gazteluak eraiki, ingurua bisitatu dute. Balorazioa ezin hobea. Datorren urtean berriz.

Hausnarketa baten ondorioz sortu zen ideia. Nola motibatu ikasleak euskaraz egiten oporretatik bueltan? Nafarroako Erresuma gaiari helduz, Zangozan 1513ko borroka gogoratuz eta, herriko jaiak baino lehen, suelto diren lau eskola-egunak antolatuz. Horiek izan ziren erantzunak. Eta ikastolako makina martxan jarri zen. Nagore Oriak kontatu dizkigu xehetasunak.

Batetik, gai bat behar zen ikasleak motibatzeko eta hori Nafarroako Erresuma izan zen. 1513ko Zangozan gertatutako borroka latza gogoratu zen. Lehen egunean, ipuin bat ardatz hartuta, zenbait bideo ikusi zituzten. Historia kronologikoa gogora ekarri ere: erromatarren garaia, bisigodoena, Nafarroako Erresumarena eta orduko bizimoduak. Hortik aurrera patioan, lurrean eserita, gazteluak eraiki zituzten, eta berezitu ere gaztelu eta jauregiaren arteko diferentzia. Eta gaztelua zer zen ezagutzera joan ziren, gertu dagoen Xabierreko gaztelura. Oraingoan, ordea, beste begi batzuekin bisitatu zuten lehendik erlijioarekin lotuta ezagutzen zutelako, eta ez historiari lotuta. Han, garaian, euskaraz mintzatzen zela jakin zuten. Leire-raino jarraitu zuen bisitak, errege eta erreginaren hilobiak ikusteko aitzakiarekin. Bueltatu ziren Zangozara eta bertako bitxiak bisitatu, hala nola, herriko liburutegia garaian jauregia izan zena eta Santa Maria elizako ataria.

Bestetik, euskaraz mintzatu ziren, Mintza-lagunari esker. Zangozako Ikastolan badute programa bat Mintza-lagun izenekoa, Lehen Hezkuntzako txikiak eta handiak batzen dituena. Ikasle handi batek (4-5-6 mailakoa) txiki bat (1-2-3 mailakoa) du alboan, urtean zehar, euskaraz mintzatzeko, bultzatzeko eta animatzeko. Bikote lagun horiek ere baliatu dituzte ikasturte hasierako egunak indartzeko.

Balorazioa ezin baikorragoa izan da. Ikastolan urte asko daramakien irakasle batek esan zuenez “Orain arte ezagutu dudan sarrerarik onena izan da aurtengoa”, hala kontatu digu txoritxo batek.

 

ikastola 205
2013 Urria
205