IKASTOLA 204 > elkarrizketak > NATURAREN ZIENTZIA

Amaia Gutierrez, Josepo Teres eta Petro Vera

NATURAREN ZIENTZIA

"Metodo zientifikoaren lehen hurbilketa egiten dugu"

Joxepo Teresek Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan egin zuen ibilbidea eta gaur taldeko arduradun da. Amaia Gutierrez, Elorrioko Txintxirri Ikastolako irakasle, zuzendari eta    EFQMko bideratzailerekin, eta IKT baliabideak txertatzen, Petro Vera Orereta Ikastolako irakaslearekin batera Naturaren  Zientziak arloaren taldea osatzen dute.

 

"Metodo zientifikoaren lehen hurbilketa egiten dugu".

-Zientziaren metodoetan lehen urratsak egiteko adinean daude ikasleak. Galderak ikerketa zientifikoan duen garrantzia aipatu duzue.

Aurretik ere badaki ikasleak galderak egiten, baina etapa honetan ikerketa helburu duten galderak lantzen hasi  gara. Ikasleek Zientzia egin dezaten, ikasleak berak jarri ditugu ikerketa zientifikoaren metodologiak eskatzen dituen urratsak egiten. Ikerketa gehienak galdera bati erantzuteko abiatzen dira eta galdera egokiak egiten hasi behar dute. Metodo zientifikoaren lehen hurbilketa egiten dugu. Bestalde, arazoak bideratzeko urratsak jorratu arren, jarrera kritikoa, kontzientzia etikoa eta ekologikoa lantzen hasteko ere aukerak ematen ditu ikasmaterialak.

-Aipatu DBH1ean landuko dituzten gai nagusiak.

Unibertsoa, Lurra, Bizidunen dibertsitatea, gizakiaren funtzioak, eta dibertsitate honetan eta funtzioetan, bizi-ohituren eraginak dira hiru unitate didaktikoetako gaiak; bakoitzean hiru egoera proposatzen ditugu. Lehen unitatean hasierako egoeran Kazajistandik adopzioan datorren neska iristen da gelako ikasle baten familiara, eta hasten dira ikertzen zeru berdina ikusten ote den herrialde hartatik, Australiatik eta guretik. Simulazioak erabiliz ohartuko dira ilargi bera ikusten dela, baina hemisferioen arabera, alderantziz ikusten dela ilgora eta ilbehera, adibide bat jartzearren.

-Konpetentzia linguistikoak lantzeko arlo honek duen garrantzia aipatu duzue.

Konpetentzia linguistikoen lanketa EKI proiektuan arlo guztietan islatzen da, baina gure arloan uste dugu leku berezia duela. Jarduera askotan ikasleek lortzen dituzten emaitzak deskribatu, biltegiratu, idatzi, baliabide digitalen bidez eta ahoz komunikatu … egin dira. Bestalde, hizkuntza zientifikoaren erabilerak bere garrantzia ere hartzen du.

-Zuen aurkezpena ikusita, irudipena izan dut IKTen erabilera garrantzitsua dela.

IKT baliabideak balio erantsia eta materialari plus bat ematen dionean erabiltzea proposatzen dugu. Naturaren arloan simulazioak aztertzea eta manipulatzea garrantzi handikoa da, astroen mugimenduak eta eraginak ondo ulertzeko esate baterako. Ondo erabiltzen bada,  informazio iturriak arakatzeko tresna oso baliotsua da. Komunikazio arloan ere aukera ugari eskaintzen ditu: aurkezpen digitalak, horma irudi digitalak…Eta zer esanik ez, laborategiko hainbat material dituen euskarri digitalak: mikroskopioak…

 

 

 

 

ikastola 204
2013 Ekaina
204