IKASTOLA 204 > elkarrizketak > XABIER GARAGORRI
mikele aldasororekin batera
aurkezpen ekitaldian Abel Ariznabarreta eta Mikel Arrizabalagarekin

"Euskal Curriculumetik EKI nola jaio zen"

XABIER GARAGORRI

"Denon artean egin genuen egitasmoa ikasmaterialetan gauzatu behar zen"

Xabier Garagorrik eta Mikele Aldasorok aurkeztu zuten EKI ikasmaterial berrien markoa Gasteizko ekitaldietan. Lehena izan da, orain hamasei urte hasita, Euskal Curriculumaren egitasmoa diseinatzen eta gorpuzten lanik gehien egin duena. Euskal Curriculumaren garapenerako EKI ikasmaterialen curriculumaren zehaztapen-mailen diseinua bien arteko lankidetzan egindakoa da; eta Mikele Aldasoro izan da diseinu horren aplikazioa ikas arloetan gauzatu ahal izateko gidaritza eta koordinazio lanak egin dituena.

"Eredu honek ikaslea bihurtzen du ikasketa prozesuaren eragile nagusia"

EKI egitasmoak ezinbestekoa zuen Euskal Curriculuma?

EKI proiektuko ikasmaterialen sorkuntza ez da hutsetik abiatzen, ikastoletan eta euskal irakaskuntzan egindako ibilbide luzean oinarrituz baizik. 1996an hasi ginen Euskal Curriculumaren egitasmoarekin lanean. Herri guztiak saiatzen dira nor diren eta nor izaten jarraitu nahi duten islatzen duen ondarea belaunaldi batetik bestera pasatzen sortzen dituzten erakundeen bidez, kasu honetan eskolaren bidez. Baliabide ekonomiko eta politiko sendoak dituzten herriek mekanismo naturalak dituzte kultur ondarea luzatzeko. Hizkuntza eta kultura ahulak dituzten herriek, aldiz, neurri bereziak hartu behar izaten dituzte ondare hori babesteko. Ideia horretatik abiatu zen Euskal Curriculumaren egitasmoa. Ikastolok, Kristau Eskola, sare publikoaren sektore garrantzitsu bat, eta EAEko Hezkuntza Saila partaide izan genituen ibilbide horretan.  Euskal Curriculuma da Euskal Herriko hezkuntza eragile eta ikastetxe gehienek elkarrekin eraiki, ebaluatu eta onetsitakoa; eta EAEko curriculum ofizialak neurri esanguratsu batean bereganatzen duen proposamena. Hezkuntza berrikuntzan hain garrantzitsuak diren behetik gorako eta goitik beherako sinergiak lortu ziren. Denon artean egin genuen egitasmoa ikasmaterialetan gauzatu behar zen, eta behar horretatik, jaio dira EKI material didaktikoak.

Zein dira eraiki duzuen hezkuntza ereduaren bereizgarriak?

Lehen bereizgarria konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren hautua egitea izan da. Oinarrizko Hezkuntzaren bukaeran ikaslearen bizitzarako ezinbestekotzat jotzen diren oinarrizko konpetentziak, hau da, ikaslearen irteera-profila, argi finkatzen da.

Oinarrizko gaitasun horiek, ordea, ez dira era berean garatzen leku guztietan; aitzitik, ikaslearen testuingururen arabera egokitzen dira. Horregatik, bigarren bereizgarria da, Euskal Herrian eta munduan bizitzeko, euskal curriculumaren kultur ibilbidean oinarritutako curriculuma finkatzea.

Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza garatzeko hautu pedagogiko desberdinak daude. Horien artean, ikuspegi sozioeraikitzailea, hau da, ikasleak testuinguru eta bizitza eremu jakin bateko egoeratan jardunez ikasten duela azpimarratzen duen Integrazioaren Pedagogiaren hautua egitea da hirugarren bereizgarria.

Oinarrizko konpetentziak hezkuntza egitasmoaren zutabe nagusiak direla esateak onarpen handia jasotzen du, baina asmoak gauzatu ahal izateko, prozedura metadiziplinarrak arlo guztietan integratzea izan da laugarren bereizgarria.

Azkenik, beste elementu guztiak besarkatuz, euskaran ardaztutako eleaniztasuna bideratzen eta konpetentzia digitala arlo guztietan txertatzen dituen eredua eraiki dugu. Bata bestearekin lotzen diren bost bereizgarri horiek nabarmenduko nituzke.

-Zer irakatsi garrantzitsua da, baina baita nola irakatsi ere. Integrazio Pedagogiaren eredua aukeratu duzuela esan duzu.

Ikasleak eremu guztietako egoeratan prestatu behar ditugu (pertsonala, soziala, akademikoa eta lanekoak) eraginkortasunez jarduteko. Eremu akademikoa eta lanekoa garrantzitsuak dira, baina baita eremu pertsonala eta soziala ere. Horretarako ezagutzak (kontzeptuzkoak eta prozedurazkoak) ikastea beharrezkoa dute, eta hori bideratzen du aukeratu dugun Integrazioaren Pedagogiaren ereduak. Eredu honek ikaslea bihurtzen du ikasketa prozesuaren eragile nagusi. Ereduaren bereizgarri nagusia, dena den, honako hau da: ikasleak dituen ezagutzak modu integratu batean eta era guztietako egoeratan mobilizatzen eta transferitzen ikasten du. Ereduaren planteamenduak egiteko orduan Xavier Rogiers eta Alexia Peyser Lovainako irakasleen laguntza izan dugu.

 

ikastola 204
2013 Ekaina
204