IKASTOLA 203 > elkarrizketak > "INGELESA SARTZEAK EUSKARARI KALTE EGINGO AL ZION GALDETU ZIDAN GARAGORRIK"
josep maria artigal
josep maria artigal

XX. Jardunaldi Pedagogikoak

"INGELESA SARTZEAK EUSKARARI KALTE EGINGO AL ZION GALDETU ZIDAN GARAGORRIK"

Josep Maria Artigal

 

Umetan poliziak ikusi zituen etxean bere aitaren bila, katalanista zelako. Katalana eskolan sartzen hasi zen orain 35 urte eta, geroztik, Bretainian, Okzitanian, Finlandian edo Italiako Tirolen lan egin du. Harremanik sendoena, dena den, Ikastolen Elkartearekin izan du.

 

-1978an hasi zinen eskolan katalana irakasten, eta oso azkar ohartu zinen ez zutela ikasten.

Nik katalanez hitz egiten nien, dena ulertzen zidaten, baina ez ziren hitz egiten hasten. Garaiko didaktikaren teorikoek normaltzat jotzen zuten hori. Ezin al ditugu ulermena eta mintzamena aldi berean landu?, galdetzen nion neure buruari. Hurrengo ikasturtean  katalana erabiltzeko proposamenak egiten hasi nintzaien ikasleei. Handik hiru urterako Generalitat-en gidaritzapean 1.500 irakasle hamabostean behin biltzen ari ginen. Etapa horretan katalanekin bakarrik egin nuen lan. 1997an hasi nintzen lanean Tirolen alemanarekin, eta Finlandian suedierarekin, berriz, 89an.

-Noizkoak dira Ikastola Elkartearekin dituzun harremanak?

1991n hitz egin nuen lehen aldiz Xabier Garagorrirekin.  Italiako Tirolen zer egiten ari ginen ikustera etorri zen, eta galdera bat egin zidan: ingelesa ikasteko eskabide handia dugu gurasoen artean, esan zidan, baina ingelesa ikasteak euskarari kalte egingo ote dion beldur dira beste hainbat guraso eta irakasle. Zer egin dezakegu? Nik erantzun oso garbia eman nion: kontua ez da umeak zenbat hizkuntza ikasi behar dituen, nola ikasi behar dituen baizik. Ingelesa ondo sartzen badugu, euskarari mesede egingo diogu. Urte horretan bertan hasi ginen ikastoletako zuzendariekin bilerak egiten. Oso garbi genuen ikasle eleanitzak nahi genituela, baina ikasle euskaldunak.

-35 urteko zure ibilbidea nola laburbilduko zenuke?

Lau urterekin ingelesa sartzen hasi ginenean erotuta geundela esaten ziguten. Emaitzek arrazoia eman digute. Hirugarren hizkuntza sartzeak indartu egin du euskara. Itziar Elorzaren doktorautza tesiak hori erakutsi du. Bigarrenik, historiak arrazoi eman digu, guk zabaldu genuen bidera datoz orain besteak. Mundu globalean bizi daitekeela erakutsi dugu gure nortasunari uko egin gabe. 

 

 

ikastola 203
2013 Apirila
203