IKASTOLA 202 > erreportajeak > ESKOLA ITUN ETA HEZKUNTZA LEGE BERRI BATEN ALDEKO ADIERAZPENA

Ikastolen proposamena

ESKOLA ITUN ETA HEZKUNTZA LEGE BERRI BATEN ALDEKO ADIERAZPENA

Topaketak 2013 ekitaldiaren amaieran Ikastolen Elkarteak lau orriko adierazpena eman zuen ezagutzera, gaurko testuinguruari buruzko gogoeta batzuekin hasi, eta Eskola Itun eta Hezkuntza Lege berri baterako irizpideekin bukatzen zena.

“Azken hogei urteotako EAEko hezkuntza politika 1992an egindako Eskola Itunerako Akordio Politikoan oinarritu da”, dio, baina, bien bitartean, euskal gizartean aldaketa sakon eta esanguratsuak eman direla gogoratzen du, hala nola, ezagutzaren eta berrikuntzaren gizartea eta globalizazioa, IKT-en eragina, etorkinen etorrera eta hainbat lege aldaketa. “Horren ondorioz aldatu egin dira gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskakizunak. Aldaketaren premia areagotu egin du hezkuntza gaietan Europako markoaren gidaritzak eta konpetentzietan oinarritutako curriculuma garatu beharrak. Testuinguru honetan kokatu behar dira 2011tik aurrera euskal gizartean bizikidetzarako sortu ziren aukera berriak”, dio. Adierazpenak ez ditu ahazten gaurko egoeraren alderdi ilunak ere: krisialdia eta LOMCE lege proiektua dira nagusienak.
“Zer egin hezkuntza sistema propio bat lortzeko?”, galdetzen du, eta segidan Euskal Herria bezalako herri txiki batek aurrera egin nahi badu, hezkuntzari lehentasuna eman behar diola nabarmentzen du, “hezkuntza ataleko gastua baita egin daitekeen inbertsiorik onena”.

“Honen aurrean alderdi politiko desberdinek eta hezkuntza alorreko hainbat eragilek Eskola Itun eta Hezkuntza Lege baten beharra adierazi dugu behin baino gehiagotan”, dio, eta horretarako aipatzen diren arrazoien artean, hauxe: “Une honetan sistemako ikastetxe erdiek baino ez daukate lege baten babesa. Euskal Eskola Publikoaren Legearen menpean ez gaudenok Administrazioarekiko harreman markorik gabe dihardugu, lege-euskarri finkorik gabe -dio, esate baterako-. Lege horrek hezkuntza sistemaren eta bertan kokatutako ikastetxe guztien eta bakoitzaren eskubideak zein betebeharrak arautu beharko lituzke, edozein dela ere titularra. Administrazioaren titulartasuneko ikastetxeak eta gizarte-ekimenekoak bere baitan biltzen dituela, denon partaidetzarekin bideratuko lirateke helburu orokorrak”.

Adierazpenak dioenez, datorren legealdian saihestezineko helburua da legea. Ikastolen Elkarteak uste du Lege horrek, hezkuntza sistema propio baterako atea zabaltzeaz gain, ondorengo helburu eta lehentasunei erantzun beharko liekeela. Helburu horiek labur-labur aipatuko ditugu:

  1. Euskara ardatz hartzen duen elebitasun erreala eta eleaniztasuna bideratzea.
  2. Hezkuntza sistemak beharko lituzkeen konpetentzietan oinarritutako euskal curriculumaren dimentsioa uztartzea eta bermatzea.
  3. Aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa garatzearekin batera, ikasle guztien eskola errendimenduaren hobekuntza, hots, bikaintasuna, helburu izatea.
  4. Irakasle-jarduera eta funtzio berrituaren eraketan, honako irizpide hauek kontuan hartzea: hasierako formazioa eta iraskasle-eskakizunaren egokitzapena, hezkuntzaren berrikuntza eta ikastetxeen erabateko autonomia, haien hezkuntza proiektua barne, ahalbidetuko dituen etengabeko formazioa bideratzea.
  5. Hezkuntza sistema eta bertan diharduen ikasleriaren beharrei erantzun ekitatiboa emateko ezinbestekotzat jotzen dugu hezkuntza-baliabideen banaketa ekitatiboa lortzea; hots, oinarrizko funtzionamendua bermatzeko, hezkuntza sistemako ikastetxe guztientzat oinarrizko finantziazio berdina izatea.

Honako prozesua abian jarriz gero, ordezkatzen ditugun ikastolen izenean ondoko konpromisoak hartzeko prest gaude:

  • Ikastolaz ikastola, akordio zabal baten partaide izan nahi dugu.
  • Partaidetza aktibo eta eraginkorra eskatzen dugu, partaidetzarako jarrera erakusten dugunean.
  • Eskola akordioaren abiapuntua norberaren hezkuntza-eredua izanik, guk geurea aurkezten dugu eztabaidarako ekarpen bezala.
ikastola 202
2013 Otsaila
202