IKASTOLA 202 > erreportajeak > HAMAR GALDERA ALDERDI BAKOITZARI

Mahai-ingurua

HAMAR GALDERA ALDERDI BAKOITZARI

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza handiena lortu duten alderdietako (EAJ, EH Bilbu, PSE eta PP) ordezkariak bildu ziren “Eta legealdi berrian, zer?" izenburuarekin antolatu zen mahai-inguruan. Xabier Oleaga moderatzaileak hamarna galdera egin zizkien bai ala ez erantzuteko; eta, ondoren, hamarna minutu izan zituen bakoitzak bere alderdiaren jarrera agertzeko. Galdera gehienak EAEn legealdi berriak zabaltzen dituen balizko aukerei buruzkoak ziren.

 “Gaur egungo hezkuntza eredua gaindituta dago? Eredu horrek ordezko bat eskatzen al du finkatutako helburuetara iristeko? Euskal eskolari curriculum propio bat izatea dagokio? Gaur egun euskal eskolak badauka bere curriculum propioa? Euskal eskolaren kalitatea bat al dator euskal gizartearen garapen ekonomikoaren eta kulturalaren mailarekin? Euskal eskolaren erronka eguneratuek euskal eskolaren lege berri bat eskatzen dute?”. Horiek eta antzeko beste hainbat galdera egin zizkien Xabier Oleagak alderdi politikoetako ordezkariei.

Erantzunetan gogorrena EH Bilduko ordezkaria izan zen,  bai krisi ekonomikoa eta Estatu hegemonikoen krisi politikoa aztertzeko orduan, baita LOMCE kritikatzeko orduan ere. Egoeraren aurrean sistemaren erabateko eraldaketa proposatu zuen.

PSEren ordezkariak, bigarrenik, gaurko egoeraren gabeziak aipatu zituen banan-banan, eta emaitzetan hobekuntzak lortzeko eman beharreko pausoez hitz egin zuen. “Ba al dago lege berri baten premiarik?” galdetuta, “garai egokia izan daiteke eta, sektoreko agenteen artean, ikuspuntu komunen bila has gaitezke. Finantzazioa izan daiteke desadostasun iturria”, esan zuen. EAJren ordezkariak ere euskal hezkuntza sistemak egin duen ibilbidea goretsi, eta hobekuntzarako ditugun tresnak aipatu zituen. PPko ordezkariak LOMCEren aldeko arrazoiak eman zituen.

ASIER LAUZIRIKA (EH Bildu)
“Sistema propio, euskaldun, publiko eta parte-hartzailea behar dugu”

“Guk hezkuntza ez dugu zerbitzu gisa ikusten, eskubide bezala baizik. Pertsonak orok aske eta duin bizitzeko behar dituen konpetentziak garatzeko tresna izango da hezkuntza, eta baita herri gisa garatzeko behar dugun tresna ere.(...)  Gure herrian ez daukagu hezkuntza sistema propiorik, ez daukagu curriculum propio bat garatzeko aukerarik, ikasle guztiak euskaldunduko dituen hezkuntza eredurik. Hori horrela izanik, hezkuntza sistema propio, euskaldun, publiko eta parte-hartzaile bat eraikitzeko pausoak ematen hasi behar dugu. Legealdi honi begira, ekinbide politikotik haratago, herri eta hezkuntza eragileen dinamika bat sustatu behar dugu eta adostasunez, denon artean, hezkuntza eredu berri bat eraikitzen hasi. Gainera, beste hainbat eztabaidaren artean publikotasunari buruzkoa dugu zintzilik. Eta euskal curriculumari buruz, itzulinguruka ibiltzeak amaitutzat jo, eta aplikazio fasera igaro beharko dugu”.

MARIAN OSCARIZ (PSE)
“Bide onetik goaz, hobekuntzak behar ditugu”

“Hezkuntzaren kalitateak bikaintasunaren eta aukera berdintasunaren arteko orekatik jaio behar du. Zein dira ditugun erronkak? Ikasle guztientzako bikaintasuna dugu helburu. Askotan pentsatzen dugu urteak daramatzagula hobekuntzak lortzeko ebaluazioaz hitz egiten, baina 2009an egin ziren hemen PISAren lehen neurketak, eta 2010ean jarri zituen Hezkuntza sailak lehen aldiz helburu neurgarriak. Gardentasuna, ikastetxeen ebaluazioa, gestio mailako lidergoarekin batera heziketa mailako lidergoak sendotzea, ikastetxeen autonomia gehitzea, curriculuma garatzea, oinarrizko konpetentziak bultzatzea...; bide horretatik jarraitu behar dugu aurrera. (...) Hezkuntza hirueledunaren alde gaude. Ikasle hirueledunak atera behar ditugu, eta bakoitzak konpetentziak hizkuntza batean edo bestean garatuko ditu testuinguruaren arabera”.

ARANTXA AURREKOETXEA (EAJ. Hezkuntza sailburuordea)
“Ideia guztiak defendatzeko aukera emango du legealdiak”

“Euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzen 50 urteotan lan egin duzuenoi aitortza bat eginez hasi nahi nuke. Nola ikusten dugu legealdia? Ideia guztiak defendatzeko aukera emango du agintaldi berriak. Aspaldian akordio zabal baten zain dagoen euskal hezkuntza sistemarentzat aukera ezin hobea dator, beraz, egoera ekonomikoa oso txarra bada ere. Gure abiapuntua ez da txarra, eta hobetu egin behar dugu. Zentzu horretan curriculuma tresna interesgarria da gure izaerari eta beharrei erantzuteko. Daukagun autonomia maila errespetarazi behar dugu, autonomia hori murrizteko dauden ahaleginei aurre eginez. Jaurlaritzak bere eskumenak, bere esparru juridikoa defendatuko du. Gure sistemak eman dituen emaitzak ebaluatu, aztertu, ondorioak atera eta hobekuntzak ezartzen jarraitu behar dugu, eta garrantzizkoa da emango ditugun pausoak adostuak izatea”.

JUAN CARLOS CASTAÑOS (PP)
“Beste herrialde batzuen pare jarri nahi gaitu LOMCEk”

“Ez dut LOMCEren inguruko monografiko bat egiteko asmorik, baina esan beharra daukat lege hori izango dela legealdi berriko erronka nagusia. Krisian gaude, baina egoera txinatarren antzera begiratu nahi nuke, haiek hitz bakar bat baitute krisia eta aukera izendatzeko. Krisia aukera on bat izan daiteke hezkuntzan, zer egiten ari garen eta egin behar dugun erabakitzeko. Azken urteotako lege guztiak PSOEren eskutik etorri dira, eta hau izango da guk egingo dugun lehen legea, beste herrialde batzuekin parekatu nahi gaituena. Gure esparruan dugun hezkuntza sistemaz zer esan? Ereduen sistema berrikusi egin behar dugu. Familiek behar dute aukeratzeko ahalmena, eta beren hizkuntz eskakizunak onartuak direla sentitu behar dute. Kalitatea, aukera berdintasuna, zentroen autonomia handiagoa, hezitzaileen estatu berria...; horiek dira erronkak”.

 

ikastola 202
2013 Otsaila
202