IKASTOLA 239 > orientazioa > Ikastola komunitateari begirako hizketaldiak
Beñat Azurmendi

Prestakuntza

Ikastola komunitateari begirako hizketaldiak

Online eta webminar moduan antolatuta, sei saio egin ditu Ikastolen Elkarteak

Pandemia garaian, bide berriak urratu ditu Ikastolen Elkarteak ikastolakideen formakuntza eta aholkularitzarako.

Pandemia garaian, bide berriak urratu ditu Ikastolen Elkarteak ikastolakideen formakuntza eta aholkularitzarako.

Saio aberasgarri eta arrakastatsuak izan ziren iragan maiatzaren 25etik ekainaren 3a bitartean Ikastolen Elkarteak ikastola komunitateari zuzenduta prestatutako hizketaldiak. Online eta webminar moduan antolatuta, sei saio egin ziren eta seiek jaso zuten erantzun bikaina. Bereziki ikastoletako gurasoei begira antolatu ziren hizketaldiak, baina irakasle ugari ere erakarri zituen (haietako asko guraso ere badirelako) eta baita ikasle batzuk ere.

Covid19 birusak eragindako pandemian bizi dugun egoera berezi eta larrian, eta konfinamenduak, hasieran, eta kalera irteteko mugak, geroago, eragindako ondorioei so, Ikastola mugimenduko kideentzako aholkularitza eta prestakuntza emateko beharra areagotu egin da. Lehendik ere bazen gogoa eta asmoa komunitate osoarentzako gisa honetako ekimenak eskaintzeko, baina egoeran honetan are eta beharrezkoagoa ikusi zen. Emozioen ezagutza eta kudeaketa, komunikazio afektibo eta ez bortitza, gorputzaren mugimendua eta beronen garrantzia, sare sozialen kudeaketa on eta eraginkorra… etxealdian haurrak/ikasleak erdigunean jarrita, gurasoei eta interesa zuen edonori zuzendutako sei hizketaldi antolatu ziren.

“Garai zail hauetan ikastolako kideen etxeetara hurbildu nahi izan dugu eta gertuko ditugun zenbait gairen inguruan lagungarri izan daitezkeen zenbait ikuspuntu eskaini”, azaldu dio IKASTOLA aldizkariari Beñat Azurmendik, Ikastolen Elkarteko Prestakuntza arduradunak. “Ikastola eta momentua lotu nahi izan dugu”, gaineratu du.

Sei hizketaldi izan ziren orotara, 0-18 urte bitarteko haur eta nerabeen testuinguruan zentratutakoak. Hizlariak, berriz, lau izan ziren, eta horietako bik bina saio egin zituzten, adin tarteka.

Rakel Gamito izan zen bi hizketaldi egin zituenetako bat. Euskal Herriko Unibertsitateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza saileko irakaslea da.  IKTak, Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan, irakasleen prestakuntza, adingabeen Interneten erabilera-ohiturak… hainbat kontutan da aditua. Gaur egungo 10-14 eta 14-18 urtetako haur eta gazteek Informazio eta Komunikazio Teknologiak nola erabiltzen dituzten, beren errealitate digitala nolakoa den azaldu zuen Gamitok, eta segurtasun digitalaz aritu zen.

Errespetuzko komunikazioaz, aritu zen, berriz, Nerea Mendizabal, komunikazio ez bortizeko hezitzaile eta ikastoletan ezaguna dena. Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako gaztetxoekin komunikazio hori nola bideratu dezakegun argitu zuen bi saiotan, (6-14 eta 14-18 urte arteko taldeei begira): nola gerturatu, hitz egin, kontutan zer hartu, eta abar.

Donna Apellanizek berriz, 0 eta 10 urte arteko haurren emozioak nola kudeatu ditzakegun azaldu zuen. Lehen Hezkuntzako Magisteritzan diplomatua da Apellaniz, eta Adimen Emozionalean aditua Hezkuntza arloan. Etxean egotera behartuak izan garen honetan, familia guztietan emozio dantza izugarria izan da, eta zer esanik ez haurrengan. Adin horretan kokatu zen Apellaniz, eta emozio horiei izena jartzen, ulertzen eta kudeatzen laguntzeko gakoak eman zituen.

Azkenik, Alvaro Beñaran pedagogo eta psikomotrizistak mugimendua, ekintza eta jolasaren zentzua izan zituen mintzagai, eta hauen garrantzia azpimarratu zuen 0 eta 8 urte arteko haurren artean; bere esperientzia zabaletik, garai hauetan haur horiek duten beharraz jardun zuen.

Hizketaldi hauek zuzenean jarraitzerik izan ez zutenentzat, edo berriro ikusi nahi dutenentzat, eskuragarri daude ikastola.eus webgunean.

Abiapuntu bat

Saioen inguruko balorazioaz galdetuta, Azurmendi oso gustura dago hizketaldiek emandakoaz eta izandako harreraz. “Oso harrera ona izan du. Hiruzpalau egunetan 1.300 lagun matrikulatu ziren hizketaldi hauetarako. %60tik gora gurasoak izan ziren. Bateren batean, ia zortziehun lagunek eman zuten izena. Egia esan, gure aurreikuspenak gainditu egin ziren”, aitortu digu. Gauzak horrela, batera konektatzeko kupo handiagoa kontratatu behar izan zioten saioak online egiteko aukeratutako plataformari. “Hasieran 300 lagunentzako kontratatu genuen, gero 500entzako, gero gehiago…”, dio.

Arrakasta horren zergatiez mintzo, hainbat arrazoirengatik izan zitekeela adierazi du: “Gaien eta momentuaren aukeraketa, saioen ordutegia, guraso asko une horretan etxean egotea…”. Balorazio onak jaso dituzte, gainera. Ikastolen Elkarteko Prestakuntza arduradunak formatuaren aukeraketan asmatu izana azpimarratu du: “Ordubete inguruko saioak prestatu genituen. Hiru ordu laurden inguruko azalpenak, eta ordu laurden bat galdera erantzunentzat gordea”.

Salbuespen baten garairako pentsatutako formatua eta gaiak izanik ere, Ikastola komunitatetik jasotako erantzunaren ondorioz, beste gai batzuk eskaintzeko abiapuntu ere izan daitekeela uste du Azurmendik. “Salbuespen bakan batzuk kenduta, orain arte irakasleen prestakuntzan zentratu izan gara Ikastolen Elkartean, baina aspalditik bagenuen asmoa gurasoetara eta, zergatik ez?, ikasleetara ere iristeko, eta hizketaldi hauekin ikusi dugu Ikastola komunitatean bertan ere badagoela gose hori, jakinmin hori. Horixe da nahiko genukeena, Ikastola komunitate osoaren jakinmina piztea”. Gai pedagogikoak izan daitezke, baina baita harago doazenak ere: “Euskararen erabilera eta kalitatea handitzeko estrategiak, inklusioa, Ikastola Eredua…”, gaiak aipatzen hasi eta ez du amaierarik.

Jardunaldi pedagogikoak

Urtero Jardunaldi Pedagogikoak antolatzen ditu Ikastolen Elkarteak, eta Azurmendi da horien koordinatzailea azken urteotan. 27. Jardunaldiak izan behar ziren aurtengo udaberrian, baina pandemiak eragotzi egin zuen haiek egitea. Udaberrian ez, baina udazkenean egin ahal izateko lanean dihardu Prestakuntza alorreko lantaldeak.

Aurtengoak, dena den, ezin izango dira ohi modukoak izan, urtero, saio bakoitzean seiehun lagunetik gora elkartzen baitira, eta egungo egoeran nekez egongo gara horrelako ekitaldi bat egiteko moduan. “Formatuaren aldetik aldatu egin beharko dugu, noski: leku txikiago bat, aforo txikiago bat, baina online ikusteko aukerarekin…”.  Gainera, pandemia garaian webminar ikastaroetan hartutako eskarmentuarekin formatu erakargarri bat egiteko aukerak badirela konbentzituta dago Azurmendi:  “Lanean ari gara, eta hitzaldi sorta bat egiteko ideiak ez zaizkigu falta”, erantsi du, eta ikastola komunitate osorako eskaintza izatea darabilte buruan, gaiak eta hizlariak konbinatuz.

ikastola 239
2020 Uztaila
239