IKASTOLA 239 > elkarrizketak > “Haurren sozializazioa, emozioak askatzea eta euskara izango dira aurtengo lehentasunak”

Aisialdia - June Rivas Ikastolen Elkarteko aisialdi arduraduna

“Haurren sozializazioa, emozioak askatzea eta euskara izango dira aurtengo lehentasunak”

Egoera bereziak haurrengan eragindako premiei erantzuteko Ikastolen Elkarteak egin duen udaleku proposamenaz jardun gara Aisialdi Taldeko arduradunarekin

June Rivas, Ikastolen Elkarteko aisialdia arduraduna.

June Rivasek urteak daramatza Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldean lanean. Aurten hartu du, ordea, taldearen gidaritza. Urte zaila izan da aisialdi sektorearentzat, beste arlo askotan bezala, pandemiak zuzenean eragin diolako eskolaz kanpoko aisialdi hezitzaileari. Lanpetuta, baina udaleku irekiei ekiteko gogotsu harrapatu dugu.

Beste sektore guztietan bezala, urte osoko lana ia hankaz gora jarri zion pandemiak Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldeari. Gainera, izen emate kanpaina hasi berritan ziren, eta oso erantzun ona jasotzen ari ziren.

Gogorra izan al zen dena bertan behera geratzear zegoela ikustea?

Udara begira jarriak ginen, planak zehazten, eta itxialdia agindu zutenean, plan guztiak zeharo aldatu behar izan genituen. Norabide barik utzi gintuen, eta hausnarketa asko egitera behartu gaitu, aisialdi hezitzailearen inguruan, udalekuen inguruan, haurren premien inguruan… Erabakietako bat izan zen udaleku itxiak bertan behera uztea, horiek bideratzeko ezintasunarengatik, baina apustua izan zen haurrei aukera eman behar zitzaiela, baita familiei ere, aisialdiaz gozatzeko.

Gainera, itxialdia hasi eta aste gutxira, udako aisialdi eskaintza guztiak bertan behera geratuko zirela ere esan zuten erakunde publiko guztiek.

Horrek sektoreari min handia eragin zion. Udaletxe eta elkarte askok erabakiak hartu zituzten udaleku propioak bertan behera uzteko. Hori kutsatu egiten da, eta sektorean elkarte askok erabaki horri jarraitu zioten.

Batetik, egoerak berak kutsatu zituen, baina arduraren auziak ere pisu handia dauka. Norena da ardura udaleku baten kutsatze bat gertatzen bada? Ardurak partekatua izan beharko lukeela uste dugu guk. Gure kasuan, ardura gurea da, baina baita gurasoena eta ikastolarena, eta gizarte bezala horrela funtzionatu beharko genukeela uste dugu guk, ardura partekatuarekin, zabarkeriarik gertatu ez denean behintzat.

Manifestuak ere etorri ziren haurren aisialdi hezitzailearen premiaz. Oinherrirena da horietako bat, zuek ere babestu duzuena.

Oinherriren talde eragilean gaude. Manifestua etorri zen haurren eskubideak aldarrikatzetik. Itxialdi honetan kaltetuenetakoak izan dira. Ez zaie inolako aukerarik eman kalera ateratzeko ere. Oso gogorra izan da, bai eskubideen aldetik, baina baita erabili den diskurtsoaren aldetik ere, oso kutsagarriak direla esanez aritu baitira asko. Baina haurrak dira, gure gizartearen parte dira eta oso gaizki pasatu dute eta pasatzen ari dira. Hortik abiatuta egon zen mugimendu bat eta hortik aurrera, gure sektorean ikusi zen eskola eta elkarte batzuen eskutik zeozer eskaintzea. Agian udaleku kontzeptua aldatu egin beharko dugu, ez delako ohiko baldintzetan emango. Manifestua ere hortik etorri zen, beste manifestu batzuk ere izan dira, eta guk geuk ere erabaki genuen geurea ateratzea.

Gerora, udaleku irekiak antolatzeko aukera ireki zen, eta zuok buru-belarri aritu zarete horiek prestatzen. Erlojupeko lan handia izan al da?

Aurrera egitea erabaki genuenean ez ginen korrika eta presaka hasi, ez baikenekien zer baldintzatan hasi beharko genuen ere. Ikastolak ere hasieran oso beldurtuta zeuden, eta ulergarria da. Harremanak estutu ditugu ikastolekin, udalekuak zer motakoak izango diren azaltzeko, umeen beharretan zentratzeko… Orain hasi gara presa sentitzen. Izan ere, ohiko antolaketa lanez gain, segurtasun eta prebentzio protokoloak ere martxan jarri behar ditugu, eta horiek oraintxe jakin ditugu.

Horrelako jarduerak arautu behar dira, baina berandu dator hori dena. Orain protokoloak diseinatu behar ditugu, formazio berezia eman behar zaie begiraleei, izen emateak aktibatu behar dira, udalekuen formatuak ere moldatu behar ditugu ikastola bakoitzaren arabera, haur kopuru eta adinaren arabera, egin daitezkeen ekintzak eta egin ezin daitezkeenak….

Aurtengo udalekuak bereziak izango dira. Batetik, egoera bera berria da, eta osasun alarmara egokitu behar izan duzue. Bestetik, haur eta nerabeen beharrak ere desberdinak izango dira aurten. Zein izango dira zuen lehentasunak?

Lehenengo eta behin identifikatu ditugu zeintzuk diren itxialdiaren ondorioz sortu zaizkien beharrak. Gehienbat mugimenduarekin lotutakoak dira; jolas, salto, korri egin behar dute. Baina baita ere behar sozialak, itxialdian egon dira eta haurrek behar dute beste haurrekin egon, dibertitu, jolastu… Behar emozioanalak ere hor daude, bizi izan duten hori guztia askatu ahal izateko bidea ireki behar diegu haurrei, familia bakoitzak era desberdinean bizi izan du eta hori ere egoera natural batean askatu eta adierazteko aukera eman behar zaie.

Eta euskara. Arazo handi baten aurrean gaude. Itxialdia hasi zenetik ikastolara bueltatzen diren bitartean sei hilabete igaroko dira. Haur askok ez daukate etxekoekin euskara egiteko aukerarik, ikastola dute euskarazko territorioa, eta hori gabe egongo dira sei hilabete. Horrek eragin handia izango du gure hizkuntzan. Berriro haur horiek elkartzea eta egoera natural eta seguru batean euskaraz jardutea ziurtatu behar diegu.

Beraz, haurren sozializazioa, emozioak askatzea eta euskara izango dira aurtengo lehentasunak.

Egoera eta behar berezi horiek aintzat hartuta, zer nolako udalekuak izango dira aurtengoak? Zer aisialdi eskaintza egingo du Ikastolen Elkarteak? Nola antolatuko duzue eskaintza hori?

Aurten hiru proiektutan zentratu gara, hiruak ikastoletan egingo direnak. Eman hegoak da lehena eta berria. Astero gai diferente bat jorratuko dute; behar izan horiek eta helburuak ondo definitu ditugu eta horren arabera diseinatu dugu programa. Beste aldetik, urteroko eskaintza duguna, Enjoy English, egingo dugu. Aurten ezingo ditugu atzerriko  begiraleak ekarri, baina funtsean betiko programa izango da, ingelesez eta Ikastolen Elkarteak garatutako materialekin. Azkenik, Robotika, LH5 eta 6ko umeentzat prestatua; programa desberdin bat da gai honetan interesa duten ikasleei arlo hori euskaraz jorratzeko bidea ematen duena; hezkidetza sustatzeko aukera ere ematen du, askotan genero konkretu batekin lotzen dugulako robotika.

Aisiola Begirale eskola ere hor dago. Nola joan da aurtengo ikasturtea? Nola egokitu duzue pandemia garaian?

Azpimarratu nahiko nuek kurtsoa salbatu egin dela. Kontuan hartuta inork espero ez zuen eta sekula gertatu gabeko egoera baten aurrean ginela, egoerara moldatzen asmatu genuen. Aisialdi Taldeak martxan jarri zuen online plataforma, eta horren bitartez hasi ziren edukiak eta ikastaroak ematen. Ikasleek oso ondo erantzun dute, formatzaileek ere bai. Eta oro har oso balorazio ona egin dugu.

Begirale eskolan aritu diren ikasle guztiei praktikak bermatzeko aukera ikusten duzue?

Horretan gabiltza. Egoera uneotan ez dago argi, guk geuk ere oraindik ez ditugu matrikulazio kopuruaren behin betiko zenbakiak, eta beste aisialdi talde batzuek ere ez dituzte. Kontuan izanda, gainera, hainbat udaleku bertan behera utzi dituztela… praktikak egin ahal izateko bolumena ez da aurreko urteetan bezalakoa izango. Zaila izango da, ikasle asko ditugulako eta eskaintza, berriz, asko jaitsi delako.

Hemezortzi urte bete ez dituztenek ere praktikak egiteko aukera izango dute?

Kasu hau bitxia da. Berez Eusko Jaurlaritzarena da aisialdi begiraleen formazioaren gaineko eskumena, berak tramitatzen ditu tituluak, baina kudeaketa, berriz, Foru Aldundiena da. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak debekatu egiten du hemezortzi urte beteak ez dituzten ikasleek praktikak egitea. Gipuzkoako Foru Aldundiak, aldiz, 18 urte bete gabe eduki baina urte honetan betetzen dituztenei uzten diete praktikak egiten.

 

ENTRESAKAK: “Haur askok ez daukate etxekoekin euskara egiteko aukerarik, ikastola dute euskarazko territorioa, eta hori gabe egongo dira sei hilabete. Horrek eragin handia izango du gure hizkuntzan. Berriro haur horiek elkartzea eta egoera natural eta seguru batean euskaraz jardutea ziurtatu behar diegu”

ikastola 239
2020 Uztaila
239