IKASTOLA 239 > elkarrizketak > “Lortu dugu Batxilergoan eraldaketarako makinaria martxan jartzea”

Elkarrizketa-Amaia Gutierrez Ikastolen Elkarteko Bigarren Hezkuntzako arduraduna

“Lortu dugu Batxilergoan eraldaketarako makinaria martxan jartzea”

“Fokua erronketan jarrita, etapa honetan beste hainbat alorretan ere eragitea da helburu nagusia”

Amaia Gutierrez, Ikastolen Elkarteko Bigarren Hezkuntzako arduraduna.

Ikastolen Elkartean urte batzuk daramatzan arren, ikasturte honetan ekin die Amaia Gutierrezek Bigarren Hezkuntzako arduradun lanei. Batxilergoaz jardun dugu bereziki, baina baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari buruz ere. Datorren ikasturterako Ikastolen Elkarteak ikastolekin batera aurrera eramango dituen proiektuez mintzatu gara.

Irailean hasiko den ikasturte berrirako proiektuei buruz hitz egiteko elkartu arren, ezinezkoa egin zaigu saihestea ikasturte honen amaierari ere erreparatzea, bereziki, elkarrizketa ekainaren 24an egin dugulako, hain zuzen ere, Batxilergoko azken urteko ikasleak unibertsitate sarrerako proba egiten hasi diren egun berean.

Bizi dugun egoera berezi honetan, bazirudien inoiz baino aukera gehiago izango zirela unibertsitaterako probak egin beharrik ez izateko, Frantzian, eta, beraz, baita Ipar Euskal Herrian ere gertatu den moduan. Baina ez da halakorik gertatu.

Mundu guztia jokoz kanpo harrapatu gaituela esango nuke, eta ikasturtea ahalik eta normaltasun handienarekin amaitzeko helburua izanik, bere horretan geratu dira probak ere, egokituta, baina bere horretan. Denon buruan dago ahalik eta ongien amaitzea ikasturtea, burua irailean jartzea eta gertatu denaz hitz egin eta ondorioak ateratzea: gauza onak, funtzionatu dutenak aintzat hartu behar dira eta gure proiektuak aurrera egiteko erabili.

Ezohiko egoera da aurtengoa, baina ia karrera guztietarako unibertsitatean sartzeko nota sekula baino altuagoa izango da.

Kontraesanak dira. Alde batetik, egoera berezi honetan malgutasuna ezarri da proba egiteko, baina, bestetik, mozketa nota zorrotzagoa izango da. Batxilergoan eta Unibertsitatean, plano desberdin horiek, etapa desberdin horiek, nabarmenago agertzen dira.

Pena da, ordea, Batxilergoko bigarren urtea unibertsitaterako sarrera proba prestatzera behartzen dituztelako ikastetxeak, baita ikastolak ere.

Hori da. Aukera handi bat galtzen da. Hala ere, apurka-apurka gauzak aldatzen doaz Batxilergoan. Egia da bigarren urte horretan ez direla gauzak ia aldatu ere egin. Azken batean, norberak ikasi nahi duen alor horretara iristeko, izan unibertsitatean izan Lanbide Heziketako goi zikloan, gero eta exijentzia handiagoak ezartzen dituzte, eta xede hori lortzera mugatu behar izaten da ikasturte oso bat.

Baina azpimarratuko nuke Batxilergoan, askoz ikuspegi akademikoagoa eta zurrunagoa izan duen etapa horretan, aldaketak ematen ari direla azken ikasturteetan; ikasketa prozesua ikusteko moduan eta, zer, zertarako, nola egin nahi dugun etengabe aztertzen ari gara.

Hain zuzen ere duela hiru ikasturte jarri zuen martxan Ikastolen Elkarteak BatxiLab, Batxilergoan berrikuntza pedagogikoa txertatzeko, aipatzen zenuen ikuspegi horri buelta bat emateko xedearekin.

Nolabait astindu bat eman nahi izan zen, eta fokua erronketan jarri zen. Baina batez ere pentsatzen genuelako fokua hor jarrita eragina izango zuela beste hainbat alorretan; ez zen soilik erronka batzuk txertatzea ikasturtean zehar, baizik eta hori eginda dinamika aldetik, antolaketa aldetik, koordinazio aldetik ekarriko zuen aldaketa sustatzea. Aurreko hiru ikasturteetan pausoak eman dira horren inguruan. Lehenengo urtean bi egunetako erronkak nolakoak izan behar ziren aztertzen egon ginen, eta irakasleak jarri genituen horiek aurrera eramaten. Bigarrengo ikasturtean, erronkak egun gehiagotara luzatu ziren. Eta gainera, euskarriak sortu genituen:  ikaslearen koadernoak, taldearen koadernoak… Eta hirugarren ikasturtean ebaluazioan sartu ginen.

Ziklo txiki bat itxi dugula esango nuke. Orain ikastolak beren erronkak aurrera eramaten ari dira, eta Ikastolen Elkartetik erronka desberdinak diseinatu ditugu.

Zer motatako erronkak diseinatu dituzue?

Gure lan hipotesian erronka mota hauek ditugu: erronka interdiziplinar mugatuak, unitatean txertatutako erronkak, arloetako erronkak eta 0 erronkak.

STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) erronka adibidez, orain amaitzen ari garena eta datorren ikasturtean prest egongo dena, prozedura zientifikoak STEAM markoan garatzen dituen erronka interdiziplinarra dugu. Ekonomia soziala, gizarte ekonomiari buruzkoa da beste bat. Eta azpimarratu nahi dugun beste bat “Bizitza proiektua” deitzen duguna, orientazio akademikoa, norberaren gaitasun, bokazio eta bizitza proiektutik landua eta Batxilergo osoa hartzen duena.

Beste erronka bat ere badugu, hiruhileko oso bateko erronka bat: Euskara-English, ikuspegi diziplinartekotik lantzeko unitatea (azken arazo-egoera bera, urrats komunak eta zubiak arloen artean). Erronka egitura hori eraman nahi dugu irakasgaietara.

Beste erakunde batzuekin elkarlanean diseinatutako erronkak baditugu: “Finantzetan murgilduz” (Laboral Kutxarekin): oinarrizko finantzak barneratzeko https://finantzetanmurgilduz.eus/

“Elkarrekin erabaki” (Gure Eskurekin): elkarrekin erabakiak hartzen ikasteko, filosofia eta hizkuntzak txertatuta  https://elkarrekinerabaki.eus/

“Euskararen Herria ehuntzen” (Euskaltzaindiarekin): euskaldun konprometitua izateko urratsak egiteko http://euskararenherriaehuntzen.euskaltzaindia.eus/

Daukagun guzti hori, gainera, digitalki eskaini nahi dugu. Hori bada beste erronka bat, material pedagogikoa digitalean eskaintzea, teknologia horri pedagogia aldetik ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Pandemia egoera honek ere erakutsi digu teknologien erabilerak zenbat lagundu digu etxetik lan egiteko orduan, eta erakutsi digu, baita ere, ahalik eta etekin handiena atera behar diogula.

Nola txertatuko dituzue proiektu horiek guztiak hurrengo ikasturtean?

Proiektu horiek guztiak ikastolei aurkeztu dizkiegu dagoeneko, eta datorren ikasturtean hori dena aurrera nola atera nahi dugun ere azaldu diegu. Horretarako erronka batzuk pilotatu egin nahi ditugu , eta beste batzuk zuzenean utziko dizkiegu ikastolei. Argi dago guzti hau denon artean egin behar dugula, etengabeko hobekuntza da bidea eta denon ardura da.

Hori dena ikasturtean txertatzeko, ikastolei laguntzeko antolaketa simulazio bat egin dugu hiru-hileko batean proposamen horiek egutegian nola kokatu daitezkeen ikus dezaten.

Beste ideia bat ere badago, “zero erronka” deitu dioguna garatzeko. Hiruhileko bakoitzaren hasieran, irakasle talde batek elkarlanean bideratuko du. Hor lantzen direnak beste erronka batzuetarako ere baliagarri izateko xedea dute . Proposatu ditugun lehenbiziko erronkak ikastolaren izaerarekin eta erronken ezaugarriekin zerikusia daukate. Konpetentzia metadiziplinarrak esplizituki landu nahi ditugu eta horietan jasotakoa arlo eta erronka desberdinetara mobilizatzea da asmoa.

Orain hasiko dugun bigarren ziklo honetan, diseinatu dugun antolaketa kurrikular honek funtzionatzen digun ikusi nahi dugu.

Zein balorazio egin duzue lehen hiru ikasturte horiei buruz, lehenbiziko ziklo horri buruz?

Balorazio onak jaso ditugu. Irakasleak ahaldundu egin dira erronkak egiten, eta helburu hori lortu dugu. Batxilergoa ematen duten ikastoletan ari dira erronkak aurrera eramaten: beraiek diseinatutakoak, geuk proposatutakoak… hori zen lortu nahi zena, eraldaketaren makinaria nolabait ere martxan jartzea. Hori da inportanteena; guk proposamen batzuk egiten ditugu, baina ikastolek beraiek ere egin behar dituzte eta ari dira horretan. Oraindik baditugu itxi beharreko puntu batzuk, findu beharrekoak, ebaluazioaren gaian bereziki.

Ebaluazioak sortzen ditu beti kezkarik handienak, ezta?

Bai, noski! Beti esaten dugu ebaluazioaren gaia ez dela amaierakoa, hasieratik ekin behar zaiola, baina engranaje hori doitzea, eta urteetako ebaluazio modua aldatzea zaila egiten da; beno, aldatzea edo eboluzionatzea. Baina aurrera joan behar da; urratsak egin dira eta jarrera ona dago ikastoletan.

Gainera, aldaketak sartzen direnean probatu egin behar dira, ongi funtzionatzen duten ikusi, horretarako pilotatzen ditugu. Ikastolei ere esan diegu bide hau batera egin behar dugula. Guk antolatu dezakegu modu batean eta jar ditzakegu ebaluazio irizpideak eta egiturak… baina benetan pilotatu egin behar dira eta ikastolen iritziak jaso behar ditugu, bilakaera horretan egokitzapenak egin ahal izateko.

Ikasle bakoitzaren jarraipena egiteko orduan erronken bideak, talde-lana oinarri izanik, zailtasunak sortzen ditu?

Talde lana da helburua, konpetentzia metadiziplinar garrantzitsua delako, etorkizunean ere horrela jardun beharko dutelako ikasleek. Ebaluatzeko orduan, dena den, ez du esan nahi lan pertsonalak ez duela garrantzirik, baina ondo antolatu behar da, eta, diziplina artekoak direnez, irakasleen artean ere koordinatu egin behar da. Koordinazioa funtsezkoa da, baina ez soilik erronketan, beste alor guztietarako ere bai baizik. Ebaluatzeko orduan, ez da soilik produktua ebaluatzen, bakoitzak jarri duena ere aintzat hartzen da.

Azken batean, norberaren ezagutzak eta gaitasunak ebaluatzeko aukera ematen digute erronkek. Azpimarratu nahiko nuke, baita ere, proposatzen dugun honetan, ez dagoela metodologia konkretu bat. “Zertarako?” bat eduki behar dugu gogoan. Eta batzuetan klase magistral bat eman beharko da, eta beste batzuetan beste modu bat aukeratu beharko da.

Batxilergoko bigarren urterako urratsa egingo duzue?

Momentuz lehenbiziko urterako ari gara lanean nagusiki. Uneotan haste eta hazte prozesuan gaude. 0-18 urte bitarteko antolaketa kurrikularra egiten ari gara, eta ikusi behar dugu honek denak nolako egokitzapena egitera bultzatzen gaituen. Pilotatu egin behar dugu, egokitzapenak egin, eta eraikitzen joan. Eta bigarren urtera ere hedatu beharko dugu. Batxi 2k duen izaera dela eta, pilotajea lehen mailan egitea lehenetsi dugu. Hala ere, Bizitza proiektuak batxilergo osoa hartzen du eta Batxi 2n esperimentatzeko aukera ere egongo da.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, EKI proiektua garatzen jarraitzen duzue.

Halaxe da, bai. Uneotan EKI proiektuaren hasierako egitasmoan testuliburuetara eraman ez ziren ikasgaiak lantzen ari gara. Egin beharreko urratsa zen, etapa osoan ikasgai guztiak konpetentzietan oinarritzeko. EKI proiektua borobiltzeko eta hasieran proiektutik at geratu ziren ikasgaiak (Teknologia, Musika, Plastika, Gorputz Heziketa eta Frantsesa) integratzeko urratsak egiten ari gara. Mintegietan lantzen aritu ginen, egoerak planteatzen, jarduerak diseinatzen… Mintegiek ongi funtzionatu dute, eta EKIra pasatzeko prozesuan ekinbideak zehaztu dira. Datorren ikasturtean, Teknologia, Musika eta Frantsesa EKI proiektuaren barruan eskainiko dira DBH 1ean, digitalki. Urterik urte ikasturte bat gehiagora iritsiko gara.

Urte batzuk igaro dira EKI proiektua martxan jarri zela, atzo izan zela dirudien arren.

Bai, egia da! Zazpi urte igaro dira EKI proiektua martxan jarri zela ikastoletan, eta ikusi dugu irakasgaien eta egoeren inguruan sinergiak aprobetxatzeko aukerak badirela eta horiek aprobetxatu egin behar ditugula.    

Praktika onen aurkezpenekin ikusi zen ikastolen artean ezagutza partekatu eta denetara hedatzeko aukera, eta hori abiapuntutzat hartuta talde bat osatu zen eta egoera interdiziplinarra (Fisika eta Kimika, Matematika, Gizarte eta Euskara) “Herria hobetu dezagun” izenburua zuena, DBH2rako, sortu zen. Ikasturte honetan, bidea jarraituz, DBH2.ziklorako beste bi egoera interdiziplinar garatu ditugu, “Zer esana dugu, entzun gaitzazue!”, ikerketa zientifikoan oinarrituta iritzia osatzen laguntzeko egoera eta “Afinatzea ez da musika kontua bakarrik!”, finantzen garrantziaz jabetzeko hartu beharreko erabaki jasangarrietan.

Lehen aipatu bezala, urratsak egiten ari gara ebaluazioan. Ebaluazioarekin ikaslearen ikaskuntza prozesua bera hobetzea lortu nahi dugu, ikaslea zentroa izanik. Askotan azpimarratzen dugun ideia da, ebaluazioa bukaera baino abiapuntua izatea dugu helburu. Eta ikasle guztiengana heltzea ezinbestekoa da. Horregatik, inklusibitateari begira EKI unitateak aztertzen eta hainbat proposamen garatzen ari gara, irisgarritasuna aintzat hartuta aukera desberdinak ematen dituena.

Ikusten den moduan, EKIren garapena osotasunean ematen ari bagara ere (ikuspegi interdiziplinarra txertatuz eta aniztasuna kontuan hartuz), zehaztasunean ere jarri dugu fokua (DBHko etapa osoa ebaluazioaren ikuspegi bateratua izateko lanean adibidez). Oraindik ere bizi-bizi dagoen proiektua da EKI.

ikastola 239
2020 Uztaila
239