IKASTOLA 239 > erreportajeak > Ikasleak geletara itzuli dira, ez denak ordea

2019-2020 Ikasturte amaiera

Ikasleak geletara itzuli dira, ez denak ordea

Administrazioek emandako jarraibideetan anabasa izan da nagusi, eta ikastetxeek beraiek antolatu behar izan dute itzulera

Ikasturteari ahalik eta amaiera onena ematea izan da ikastolen helburua.

Covid19 pandemiak zeharo markatutako hilabeteotan. Esperientzia gogorra, lan handia eskatu duena eta, era berean, aberasgarria izan da, esperientzia honetatik ikasgai asko atera dituztelako.

Ikasturteari ahalik eta amaiera onena ematea izan da ikastolen helburua, Covid19 pandemiak zeharo markatutako hilabeteotan. Esperientzia gogorra, lan handia eskatu duena eta, era berean, aberasgarria izan da, esperientzia honetatik ikasgai asko atera dituztelako. Ezohiko egoera honetan, ikastolek, eta, oro har, hezkuntza komunitate osoak oso urrun ikusi dituzte administrazioetako hezkuntza arduradunak.

Iragan maiatzaren 11n hasi ziren ikasleak ikastoletara itzultzen. Ipar Euskal Herrian abiatu zuten itzulera mailakatua, adin tarte eta mailaka, Frantziako Gobernuak ezarritako egutegiaren baitan. Seaskako ikastolek bi arrazoi jarri zituzten ikastolak irekitzeko: lehena konfinamenduaren ondorioz euskaraz mintzatzeko aukerarik izan ez zuten ikasleei aukera emateko euskaraz aritzeko; bigarrena, berriz, haurrak zaintzearen ondorioz lana gal zezaketen gurasoei irtenbide bat emateko. Itzulera borondatezkoa izan zen hastapenean, haurrak etxean geratzeko aukera ere eman zuelako Frantziako Gobernuak. Ekainaren 22tik aurrera, ordea, ikasturtearen azken bi asteetarako itzulera nahitaezkoa ezarri zuen Parisek, nahiz eta inor ez zuela gogoz kontra itzularaziko ere esan zuen.

Hego Euskal Herriko ikastoletan, berriz, maiatzaren 25ean hasi ziren itzultzen. Iparraldean ez bezala, ez da izan itzulera orokorra. Maila gehienetako ikasleek etxetik jarraitu dituzte ikasketak, ikastolara itzuli gabe. DBHko 4. mailako Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak izan dira ikasgeletara itzuli direnak; Nafarroan, Batxilergoko bigarren urteko ikasleak soilik. Kasurik gehienetan errefortzu gisa itzuli dira, ikasturtea behar bezala amaitzeko xedearekin, hirugarren hiruhilekoak amaierako ebaluazioan eraginik ez zuela izango kontuan hartuta. Batxilergoko bigarren urteko ikasleen itzulera Unibertsitateko Sarrera Proba prestatzeko izan da, eta Lanbide Heziketaren kasuan, ikastoletan bertan egin beharreko praktikak burutzeko itzuli ziren ikasleak. Kasu bakan batzuetan, 0-2 etapako haurrak ere itzuli ziren ikastolara, baina salbuespenak izan dira, lan presentzialera itzuli behar duten gurasoei laguntzeko hogei bat ikastolak haurrak hartzeko aukera eman duten arren, guraso gehienek haurrak ez eskolatzea erabaki dutelako.

Gazi gozoa izan da itzulera, batetik ez direlako ikasle guztiak itzuli, itzulera orokorrak onurak baino arazo gehiago sor zitzakeelako eta osasun neurrien eta protokoloen ondorioz eraikinek ezin zituztelako ikasle guztiak hartu; baina, bestetik, itzuli direnen kasuan ikasleak elkarrekin eta irakasleekin ikasturtearen azken egunak partekatzeko aukera izan dutelako.

Hori bai, ikasle gehiagok izan dute irakaslea eta beren ikaskideak agurtzeko aukera, ikastola askok agur egunak antolatu dituztelako ia etapa guztietan, izan taldekako agurrak, izan irakaslearekin banan-banako agurrak. Segurtasun eta prebentzio neurriekin, eta ia gehienetan maskara eraman behar izan zuten arren, une hunkigarriak izan ziren ikastola komunitatean bizitakoak, azken hilabeteetan urrundik komunikatu arren, aurrez aurreko hori faltan bota dutelako bai ikasleek, baita irakasleek ere.

Anabasa administrazioetan

Ez da batere samurra izan ikastolentzat gelak berriro irekitzeko prozesua, Hezkuntza kudeatzen duten administrazioek ezarritako jarraibideak ez zirelako argiak, egun batetik bestera aldatzen zituztelako, eta ia beti hezkuntza eragileekin adostu gabe ezarri zituztelako. Hezkuntza eragileekin egin diren bileretan (ez dituzte gobernu guztiek egin), beren egitasmoak aurkeztera mugatu ziren, haiek zuzentzeko edo moldatzeko aukerarik eman gabe.

Frantziako Gobernuak, esaterako, maiatzaren 11tik lau aldiz aldatu ditu protokolo, distantzia eta ratioen inguruko jarraibideak, horiek aurrera eramateko baliabideak jarri gabe, eta ikastetxeen ardurapean jarriz. Neurriak malgutzen joan da ikastetxeek gero eta ikasle gehiago hartu ahal izateko. Horrela, kontraesan handi bat gertatu da: zenbat eta ikasle gehiago itzuli ikasgeletarako, orduan eta prebentzio neurri eskasagoak izan dira.

Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 18ra aurreratu nahi zuen itzulera mailakatua, deseskalatzearen lehenbiziko fasean, alegia, eta iragarri ere egin zuen, hezkuntza komunitatearen harridurarako. Baina, Espainiako Gobernuak eragotzi egin zion. Derrigorrezko itzulera aipatu zuen lehenbizi, borondatezkoa gero, baina ikastola askok eskualdeko ikuskari zenbaiten presioak ere jaso zituzten. Nafarroako Gobernuak borondatezko itzulera ezarri zuen hastapenetik, baina ikastolek eta hezkuntza eragileek behin baino gehiagotan salatu duten moduan, Hezkuntza Departamendua “desagertuta” egon da, ez da bidelagun izan krisi handi honetan.

Administrazio desberdinek itzulera mailakatuaren inguruko irizpideetan erakutsitako anabasaren aurrean, Ikastolen Elkartearen eta ikastolen artean jarraibide propioak aztertu, adostu eta martxan jarri zituzten, ikastola bakoitzeko langileekin eta lan komiteekin hitzartuta. Irizpide horiei jarraituz egin dute itzulera mugatua

Guztiarekin amaitzear doa ikasturtea, Covid 19 birusak eragindako pandemiak markatu duena. Irailera begira jarriak dira ikastolak. Ziurgabetasun handia dago, noski, eta eskenatoki desberdinak aintzat hartu behar dira. Ikasturte amaiera honetan ikasitakoak balioko du oporren bueltan berriro ere martxan jartzeko.

ikastola 239
2020 Uztaila
239