Elkar hartuta jokatzeko garaia

Guztion arteko elkarrizketen ondorioz ahalik eta neurri adostuenak lortzea da xede nagusia.

Guztion arteko elkarrizketen ondorioz ahalik eta neurri adostuenak lortzea da xede nagusia.

Bizitzen ari garen honek guztiak eragin duenaren inguruko gogoeta egitea merezi du, eta ondorio bezala, besteak beste, zera azpimarratu nahi dugu: ezinbestekoa izan dela egoera honi erantzuteko guztion arteko elkarlana, guztiona, salbuespenik gabe. Kasu honetan ikastola komunitatea osatzen dugun pertsona eta erakundeak ez ezik, pertsonak ordezkatzen dituzten eragile eta instituzio guztien arteko elkarlana ere beharrezkoa izan da, eta nola ez baita zeurea ere, irakurle.

Ez ohiko jardun honi erantzuteko garrantzitsua izan da hezkuntza komunitateaz gain, hezkuntzari zerbitzuak eskaintzen dizkioten erakunde eta enpresak ere (editorialak, osasun zerbitzuak, gizarte laguntza zerbitzuak, informatika zerbitzu enpresak, zerbitzu osagarriak eskaintzen dituzten enpresak…), bakoitzak bere mailan, ekarpena egitea, eta horrela egin dute. Erakunde publikoekin ere elkarlanerako momentua izan da; Udal edo herriko etxe eta Udal zerbitzuak, Aldundiak, Nafar Gobernua eta Eusko Jaurlaritza.

Denok gara beharrezko, eta guztion arteko elkarrizketen ondorioz ahalik eta neurri adostuenak lortzea da xede nagusia. Adostasun horietatik elkarlana eta elkartasuna garatu beharko genuke. Bide horretan aurkitu ditugu traba nagusiak; batetik, Hezkuntza-eragileen arteko elkarlana ez da egoerak eskatzen zuen mailan egon hainbat momentutan, eta bestetik, egoera zail bezain korapilatsu honetan komunikazio eza, alde bakarreko erabakiak, ziurgabetasuna… izan dira nagusi. Kontziente gara honen guztiaren kudeaketa ez dela erraza eta alde guztiak asebeteko dituen erabakiak hartzea ezinezkoa dela; hala ere, hezkuntza eragileekin kontsultatu gabeko erabakiak hartzea eta hauek betearaztea ez dugu uste prozedura egokia denik, gainera, gure hezkuntza sistemaren gabeziak gehiago nabarmendu diren une batean.

Ipar Euskal Herrian, gainera, ikastoletako irakasle eta langileek gurasoekin batera kudeatu dute krisia osoki. Parisek, beti bezala, aginduak eman ditu, baina inolako kontsultarik gabe eta inolako baliabiderik eman gabe ikastoletan osasungintzako langileen haurren derrigorrezko harrera segurtatzeko. Eta Hegoaldean ez bezala, ikasturte bukaera bitartean ikasgela guztiak ireki beharko ditugu, 15 ikasleko taldeekin, baina inolako baliabide gehigarririk gabe.

Honetan ardurak eta erantzukizunak ere badaude. Hezkuntza sailen presentzia faltan bota dugu, kontraste eta akordiorako mahai bat faltan bota dugu, komunikazio zuzen eta gardena faltan bota dugu… Hala ere, garaiz gaude oraindik beste testuinguru bat sortu eta guztion artean Euskal Hezkuntza sistemari egokitutako erabakiak hartzeko.

Pandemia honek guztioi gain hartu digu, ezjakintasunetik erabakiak hartu izan dira eta erabaki horien aurrean guztiok arduraz jokatu badugu ere, ondorio latzak izan ditu. Hala ere, ez dugu atzera begira jarraitu nahi, ez dugu egindako akatsetan zentratu nahi, etorkizuna irudikatu eta guztion artean eraiki nahi dugu. Asko dira egin beharko ditugun apustuak, hartu beharko diren erabakiak, erantzun beharko ditugun galderak… eta horiei era bateratu eta koordinatuan heltzeko gure prestutasuna agertu nahi diogu hezkuntza komunitate osoari eta, nola ez, Hezkuntza Saileko arduradunei. Honi aurre egiteko ordua da, ausardiaz jokatzeko garaia da eta elkarrekin jardutea ezinbestekoa dela uste dugu.

2020-2021 ikasturtea ate joka dugu, baina orain ere ziurgabetasun egoera batean kokatzen gara. Ikasturte berezia izango da berriro ere, aurrez aurreko ikaskuntza eta irakaskuntza zalantzan dagoen honetan, errealitate ezberdinak irudikatu eta horiei erantzuteko eskola antolaketa eta bitartekoak behar ditugu. Horrez gain, ikasturte honetan bizitakoaren ondorioak ere kudeatu beharko dira; maila emozional eta pertsonalean sortutako egoerak, teknologiarekiko dugun estrategiak, euskararen egoera hezkuntzan, osasun mailako prebentzioa eta bestelako neurriak, curriculum mailan egin beharreko egokitzapenak…

Indarguneak baliatu

Azken hilabeteetako esperientzia dugu honi guztiari forma ematen laguntzeko. Izandako beharrak eta hutsuneak identifikatzea eta ondo egindakoak eta indarguneak baliatzea ezinbestekoa izango da etorkizuneko hezkuntza eredua diseinatzerako orduan. Lan hau guztia aurrera eramateko denbora behar da; denbora eta lidergoa, eta horregatik uste dugu lehenbailehen ekin behar diogula lanari. Hori da EAEko zein Nafarroako hezkuntza sailei planteatu nahi dieguna, guzti hau koordinatuko duen Hezkuntza eragileen arteko mahai bana abian jar dezatela. Udalei ere dei egiten diegu hezkuntza eragile eta herritarrak bilduko dituzten mahaiak osa ditzaten.

Hezkuntza sailek, administrazioek gidatuko duten prozesuetan, hezkuntza eragileen parte hartzea eta jarrera konstruktiboa bermatu behar dira. Ekarpenak egitea, adostutako irtenbideak aurkitzea eta irtenbide horiek zabaltzea lirateke mahai horietako kideen egitekoak. Ikastolen komunitatea prest dago horretarako, beti bezala; Ikastolak, Ikastolen Elkartea eta gure komunitate osoa lagun izango dute gogoeta partekatzeko eta irtenbideak adosteko. Elkar gaitezen eragile guztiok ikasturte amaieratik harago asko dugu hitz egiteko eta.

Ekin diezaiogun, bada, lanari!

ENTRESAKA

Hezkuntza sailen presentzia faltan bota dugu, kontraste eta akordiorako mahai bat faltan bota dugu, komunikazio zuzen eta gardena faltan bota dugu… Hala ere, garaiz gaude oraindik beste testuinguru bat sortu eta guztion artean Euskal Hezkuntza sistemari egokitutako erabakiak hartzeko