IKASTOLA 237 > orientazioa > Lur eta Amets, hasi da abentura!

Filma

Lur eta Amets, hasi da abentura!

Otsailaren 7an estreinatu dute gure Historian oinarritutako abenturazko filma, Euskal Herriko zinema aretoetan

Abian da abentura! Lur eta Amets filma Euskal Herriko zinemetan da otsailaren 7tik (egun horretan estreinatu da Hego Euskal Herrian, eta otsailaren 12tik aitzina Ipar Euskal Herrian). Urtarrilaren 31n aurkeztu zuten prentsaurrekoan Euskal Herriko Historian ardaztutako abenturazko marrazki bizidunen filma.

Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute filma, eta Eneko Olasagatik eta Karlos Zabalak egin dute gidoia Unai Elorriaga eta Uxue Alberdik idatziriko ipuinen gainean. Lotura Films ekoitzetxeak ekoitzi du, eta Ikastolen Elkartea, Elkar argitaletxea eta Katxiporreta dira bultzatzaileak. Prozesu sakona izan da; izan ere, zinemara jauzi egin baino lehen, 2015ean “gure herriaren historiaren irakurketa geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzeko asmoz” sortu zuten Lur eta Amets proiektua Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak. Orduan Ezagutza Liburua, urteotan handitzen joan den ipuin sorta bat, eta Euskal Herriko Historia modu ludikoan ikasteko 1.500 galdera-erantzunez osatutako mahai joko bat plazaratu zituzten proiektuaren barruan. Webgune berezi bat ere egin zuten, baliabide multimendia askorekin.

Baina, proiektua abian jarri zuten une beretik ere bazuten buruan film bat egitea. Egitasmo horrek orain izan du argia, baina urte batzuk lehenago jada aurreikusi zuten.

«Euskal Herrian euskaratik eta euskaraz egindako animazioaren aldeko apustua da hau, eta gure herriaren historiarekin lotu dugu hori, abentura film bat eginez eta pertsonaiak Euskal Herriko hainbat eremutan eta historiako hainbat garaitan kokatuz», azaldu zuen Miren Berasategik, Lotura Filmseko ordezkari eta filmaren ekoizpen arduradunak. Gaineratu zuenez, «abenturekin gozatzeaz gain», haur eta gaztetxoengan Euskal Herriko historiaren inguruan «interesa piztea» izan dute helburu. Era berean, azpimarratu zuen abentura filma dela animaziozko pelikula berezi hau eta  publiko zabalari zuzenduta dagoela, “guztiok partekatzen ditugun garai, bazter, pertsona eta emozio erakusten dituelako”. 2017an ekin zioten filma ekoizteari, eta bi urte pasatxo behar izan zituzten lana burutzeko.

60 lagun inguruko lantaldea

Filma Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute arren, 60 lagun inguruko taldeak jardun du lanean berau garatzen. Bere garaian plazaratutako ipuinetako istorioak izan dituzte abiapuntu kontakizuna sortzeko; Uxue Alberdik idatzi zituen ipuin guztiak, bat izan ezik, Unai Elorriagak sortu zuena, eta Patxi Pelaezek ilustratu zituen. Istorio haiei forma emateaz gain, beste zenbait abentura gehitu zizkieten Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala gidoilariek. Eta, hala, Lur eta Amets pertsonaiek bidaia bat egingo dute historiaurretik joan den mendeko 80ko urteetaraino, haien amona Andere eta Baltaxar katua lagun dituztela.

Hain zuzen, amonaren baserrira asteburua pasatzera doaz Lur eta Amets arreba-neba bikiak, eta bertan «gauza magikoak» gertatzen direla azaldu zuen Olasagastik; historia abentura bihurtzea, esaterako. Abentura hori kontatzen du pelikulak, «garai batetik bestera salto eginez», Olasagastiren hitzetan. «Lur eta Amets beti dira protagonista istorioetan, beti daude herri honen hainbat garaitako une garrantzitsu horietan; beharbada ez erdigunean, baina bai ondoan, badakigulako Historia ez dela bakarrik erdigunean idazten, periferian ere idazten baita».

Zinkunegik azaldu zuen marrazkilari eta animatzaile multzo handi batek jardun duela proiektuan lanean; tartean, Jose Angel Lopetegik, Iñaki Holgadok, Patxi Pelaezek eta Aitor Etxebestek. Poncek adierazi zuen «euskararen aldeko ekarpen txiki bat» egin nahi izan dutela pelikularekin; horrela, filmak euskara batua oinarri duen arren, hainbat euskalkirekin aberastu nahi izan dute, Lur eta Ametsen abenturak gertatzen diren Euskal Herriko eremu geografiko ezberdinetakoak. Pertsonaia guztiei hainbat lagunen artean jarri diete ahotsa. Istorioari musika, berriz, Joserra Senperenak jarri dio.

Juanba Berasategi gogoan

Proiektu handi hau aurrera eramateko pertsona askoren beharra izan da. Horietako bat izan zen Juanba Berasategi, euskal animazioaren aitzindiaria, proiektua abian jarri zenetik ilusio handiz heldu ziona. Berak urteetan zuzendu zuen Lotura Films, eta bere eta bere enpresaren bitartez abiatu zen Lur eta Amets zeluloidera eramateko bidaia. Berasategi 2017ko udaberrian zendu zen, erretiroa hartu berritan. Haren lekukoa bere alabak hartu du, eta hark eraman du aurrera aitak utziriko ondarea. Filmaren aurkezpenean, noski, gogoan izan zuten Juanba Berasategi, zeinaren ekimenarengatik izan ez balitz, ez baitzukeen argirik ikusiko egunotan Euskal Herriko zinema aretoetan ikusgai den filmak.

Lur eta Amets Euskal Herriko areto guztietara iritsi aurretik, bi aurrestreinaldi egin dituzte: otsailaren 2an, Donostiako Principe zinema aretoan eta otsailaren 6an, Bilbon, ETBren Multibox aretoan. Pelikula ikusteko lehen aukera horiek izan zituztenak oso gustura irten ziren zinema aretoetatik. Harrera ona eduki dute estreinaldi aurrekoek, eta horrela izatea espero dute Euskal Herri osoko zinema aretoetatik igaro ostean ere. Atera Films eta Gastibeltza Filmak etxeak arduratu dira filma Euskal Herrian banatzeaz.

ENTRESAKAK

«Lur eta Amets beti dira protagonista istorioetan, beti daude herri honen hainbat garaitako une garrantzitsu horietan; beharbada ez erdigunean, baina bai ondoan, badakigulako Historia ez dela bakarrik erdigunean idazten, periferian ere idazten baita».

Filmaren aurkezpenean, gogoan izan zuten Juanba Berasategi, zeinaren ekimenarengatik izan ez balitz, ez baitzukeen argirik ikusiko egunotan Euskal Herriko zinema aretoetan ikusgai den filmak

 

KEZKA KONPARTITU BATETIK ILUSIO KOLEKTIBORA

Lur eta Amets Euskal Herriaren Historia, kezka konpartitu batetik abiatu eta ilusio kolektibo handi batera iritsi den proiektu bat da. Kezka konpartitua, proiektua abian jarri zutenek, Elkarrek, Katxiporretak eta Ikastolen Elkarteak, ikusten zutelako bazegoela hutsune bat ikasliburuetatik harago, gure haur eta gaztetxoak Euskal Herriaren Historia ezagutzera bideratzeko. Ilusio kolektiboa, berriz, hutsune hori betetzeko abiatu zuten proiektuak eta orain arte eman duen emaitzak bultzatzaileei eragin dietena da.

Azpimarratzekoa da, era berean, Elkarren, Katxiporretaren eta Ikastolen Elkartearen arteko sinergia honek ahalbideratu duela proiektu on bat,  alegia, haur eta gaztetxoentzako Euskal Herriaren historiari buruzko liburu bat,  proiektu erraldoi bat bihurtzea: historia liburu bat, ipuinak, jokoak, web orrialde bat… Papererako pentsatutako proiektu bat, proiektu multimedia bilakatu da, eta azkenik, filma iritsi da.

Proiektu hori horrela zabaltzeak ahalbideratu du, bestalde, egitasmo berean oso jende onak elkarrekin parte hartzea: Manu Arregi eta Txiliku, Uxue Alberdi eta Unai Elorriaga, Juanba Berasategiren inguruan ibili diren marrazkilari eta ilustratzaile guztiak, Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala, Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce…

Lur eta Amets filmak, hori guztiori biribiltzen du, baina oraindik irekia segitzen duen proiektu bat da. Etorkizunean, harago joateko asmoa du abentura honek.

ikastola 237
2020 Otsaila
237