IKASTOLA 236 > ikastolak > Gau Beltza antolatu du Ikastolak, herriko hainbat eragilek lagunduta

Orereta Ikastola, Orereta-Errenteria

Gau Beltza antolatu du Ikastolak, herriko hainbat eragilek lagunduta

Gau Beltza ospatzen zenaren testigantzak egon badaude.

Jaia birsortzea izan da helburu; ardatza, berriz, herria, komunitatea, aniztasuna, berdintasuna, izaera eta euskara.

Gau Beltza ospatzen zenaren testigantzak egon badaude. Azken urteetan, ordea, gureak zirenak itzali, eta atzerritik eraldatuta etorritako jaiek hartu dute haien lekukoa. Jaia birsortzea izan da helburu; ardatza, berriz, herria, komunitatea, aniztasuna, berdintasuna, izaera eta euskara. Ekarpena herriak herriari egin dio, Ikastolako langile talde batek hala proposatuta, Ikastolaren izaera eta baloreekin bat egiten duela sinetsita. Kalabazaren Bidea izan da proposamena; modu horretan, mozorrotuta, uzta garaia agurtu da neguan sartzeko. Emaitza ikusgarria izan da, plaza bakoitzean eta bidean zehar emanaldi ezberdinez josia, herriko eragilek lagunduta. Mokadu gisa, kalabaza pastela, gaztaina erreak eta sagardoa eskaini zaie ume, gazte eta herritarrei.

Amulleta tanbor kofradia, Landarbaso abesbatza, Urdaburu mendizale elkartea, Ereintza dantza taldea, Errenteria Musikal, Xenpelar AEK euskaltegia eta Zaria koru eskola dira aipatu eragileak Gau Beltza antolatu du Orereta Ikastolak urriaren 31ko ilunabarrean, herriko hainbat eragilek lagunduta. Kalabazaren Bidea da proposamena; arratsaldeko 19:30ean Jautarkol plazatik abiatu eta herriko hainbat kaletatik pasa ostean, ordubete ingururen buruan, Lehendakari Agirre plazan amaituko den sorpresaz betetako bidea, hain justu. Kalabazaren gurdiarekin, trikimako gaineko orekariekin, dantzan zein musikaz eta kriseilu nahiz lastargien argipean, mozorrotuta, egingo da uzta garaia agurtu eta neguan sartzeko Kalabazaren Bidea. Eragile laguntzaileen emankizunak ikusi ahal izango dira ibilbidean zeharreko hainbat txokotan: txalapartariak herriko enparantzan, Landarbaso abesbatzako Kontari eta Dizdizka taldeen emanaldia Mikelazulon, Urdaburuko eskalatzaileak Maddalen kalearen amaieran, Ikastolako antzerki-tailerreko ikasleen ikuskizuna azken horien alboan (Gernika artelanaren muralaren pean), trikitilariak Zumardian… Lehendakari Agirre plazako emanaldian, Errenteria Musikaleko dantza-ikasleek Gau Beltzerako prestatutako dantzaldiaz, eta Zaria koru eskolaren eta Landarbaso abesbatzako haur eta gazteen taldeen kantaldiaz gozatu ahal izango da. Hori amaituta, beldurren eltzean izuak erreko dira eta suzko zezenarekin emango zaio bukaera festari, 21:00ak aldera. Mokadu gisa, kalabaza pastela, gaztaina erreak eta sagardoa eskainiko zaizkie herritarrei. Horri lotuta aipatu, herritarrak Kalabazaren Bideari ekin aurretik Lehendakari Agirre plazan etxean egindako kalabaza pastelak uztera animatu nahi ditugula; baita Bidean bertan parte hartzera ere, ahal izatera mozorrotuta. Izan ere, Gau Beltzak herritik herriarentzat sortutako festa izan nahi du eta hala desio duen herritar oro dago bertan parte hartzera gonbidatuta. Ekarpena herriak herriari Ikastolako langile-talde batek hala proposatuta, Ikastolaren izaera eta baloreekin bat egiten duela sinetsita, herrian Gau Beltza antolatzea erabaki du Ikastolak. Jakina da gure herrian egun honen inguruko bizipenak eta usadioak aldatu egin direla azken urteetan: gureak zirenak itzali eta atzerritik eraldatuta etorritako jaiek hartu dute haien lekukoa. Izan ere, herrian Gau Beltza ospatzen zenaren testigantzak egon badaude. Besteak beste, Erdiko Kaleko haurrak Gaztaño auzoko baratzeetara joaten omen ziren kalabaza bila, hustu eta kalean bertan zein hilerri zaharrean jartzeko. Baratze batzuk besteak baino nahiago omen zituzten, bertako kalabazak errazago husten ei zirelako. Hamarkada batzuetan usadioa eta kalabazak itzalita egon badira ere, orain urte batzuk Erdiko Kaleko familia batzuk hasi ziren berriz ere Gau Beltza ospatzen. Hortaz, gureak diren kontakizunetatik abiatuta, esan bezala, gure herrikideek Gau Beltza ospatzen zutenaren testigantzak egon bai baitaude, jai hau birsortzea da helburua; eta honen guztiaren ardatz herria, komunitatea, aniztasuna, berdintasuna, izaera eta euskara dira. Bereziki eskertu nahi ditu Ikastolak Gau Beltza antolatzera ilusio eta gogoz batu zaizkion herriko eragile laguntzaile guztiak; festara batu izanagatik beragatik zein hari egindako ekarpenengatik. Izan ere, ezinbestekotzat dugu horiek guztiak ere honen denaren parte izatea, egitasmoaren beraren izaera eta helburuengatik. Horiek esanda, herritar oro gonbidatu nahi du Ikastolak Gau Beltzean parte hartzera, Gau Beltzak herritik sortu eta herriarentzako zein herritarrentzako festa izan nahi baitu.

 

ikastola 236
2019 Abendua
236