IKASTOLA 234 > erreportajeak > Elkarlana Galiziako Semente eskolekin

Beste hezkuntza erakunde batzuekin hitzarmenak

Elkarlana Galiziako Semente eskolekin

Ikastolen Elkarteak aliantza akordio bat izenpetu du murgiltze ereduko galiziar eskolekin

Ikastolen Elkarteak eta Semente, Escolas de Ensino Galego eskolek izenpetutako akordioa.

Murgiltze eredua sustatu eta hezkuntza proiektu herrikoi, autogestionatu, irabazi asmorik gabeko eta hezkuntza tradizionalaren alternatiboak bultzatu, sendotu eta aldarrikatzeko helburuak ditu Ikastolen Elkarteak eta Semente, Escolas de Ensino Galego eskolek izenpetutako akordioak.
 

Akordioaren bitartez, ikaskuntza eta hobekuntza ekintza bateratuak ere egin nahi dira, bakoitzaren esperientzia pedagogikoen elkartrukearen, gogoetaren eta kontrastearen bitartez, eta hezkuntza materialak elkar-trukatzea ere adostu dute.

2011ko azaroaren 2an, Santiagon ireki zen lehen Semente eskola,  bi eta sei urte bitarteko umeentzako eskola bat, osorik Galegoz. Egun, Santiagon Haur Hezkuntzako bi Semente eskola daude, eta Lehen Hezkuntzako bat. Trasancosen ere ireki zuten beste eskola bat Haur Hezkuntzarako, eta egun Lehen Hezkuntza ere ematen hasi dira. Vigon eta Lugon ere eskola bana dute, eta Coruñan, Pontevedran eta Amesen aurki irekiko dituzte beste bana.

‘Hazia’ esan nahi du ‘semente’ hitzak, galegoz, eta horixe dira eskola hauek; Galizian murgiltze eredua hedatuko duen hezkuntza eredu propio baten lehen haziak. Herritarren ekimenez sortuak, autogestioan oinarrituak, eta pedagogia berri eta berritzailea duten eskolak dira.

Mende honetan galego hiztunen beherakada nabarmena izan da. Egoera horri aurre egiteko, bildu eta galegoa berreskuratzeko eta Galiziako kulturaren transmisioa ondorengo belaunaldientzat ziurtatzeko sortu dira Sementeak, ‘Escolas de Ensino Galego’.

Semente eskoletan galegoa da komunikazio-hizkuntza, umeen auto-estimu linguistikoa indartzea bilatzen dute, eta Curriculum nazional galego bat osatu nahi dute.

Letra Galegoen Egunean

Akordioa iragan maiatzaren 17an izenpetu zuten bi aldeek, Santiagon, Letra Galegoen Egunean. Ikastolen Elkartearen izenean Koldo Tellitu bertaratu zen, akordioa izenpetzera. Rosalia de Castro idazlearen omenez eginiko eskulturaren aurrean egin zen ekitaldia, eta Ikastolen Elkarteko eta Semente eskoletako ordezkari nagusiez gain, bertan izan ziren eskola horietako irakasle, ikasle eta gurasoak ere.

Duela urtebete inguru hasi zituzten harremanak Ikastolen Elkarteak eta Semente eskolek, Galizian egin ziren jardunaldi pedagogiko batzuen harira, eta urtebete honetako harreman horien ondorioz etorri da Elkarlanerako Aliantza.

“Pozgarria da Ikastolen Elkartearentzat hainbat ezaugarri komun partekatzen dituen hezkuntza elkarte batekin elkarlanerako aliantza bat aurrera eramatea, berariazko hizkuntza duen eta hezkuntza sistema propioa izan nahi duen erakunde batekin ahaleginak gehitzea eta esperientziak partekatzea”, adierazi zuen Koldo Tellituk, akordioa izenpetzeko ekitaldian. “Estatu Frantseseko zenbait erakunderekin Seaskaren bitartez horrelako aliantzak sinatuta ditugu, baina Estatu espainiarreko batekin sinatzen dugun lehenengo elkarlanerako aliantza da hau”, erantsi zuen.

Ikastolen Elkarteko lehendakariak azaldu zuenez, Sementerekin hitzartutako akordioa “hezkuntza tradizionalaren eta egungo eredu publiko estatal/administratiboaren aldean, bestelako eredu bat, herri ekimenez sortutako hezkuntza proiektu herrikoi, murgiltze ereduko, autogestionatu, irabazi asmorik gabeko eta laiko bat, aurrera atera nahi duten pertsona eta erakundeentzako bultzada eta inspirazio izatea nahiko genuke”. “Nahiko genuke, baita ere, modu honetako aliantzek, beste proiektu batzuekin batera, beharrezko oinarriak eraikitzen laguntzea gure herrietan eskola nazional bat sortzeko eta gure eskoletatik harago hezkuntza euskaldun eta galegoa sustatzeko”, gaineratu zuen.

BIGARREN TESTUA

Galegoaren beherakadarekin kezkatuta

Galiziako Estatistika Institutuaren webgunean, Galizian mintzatzen diren bi hizkuntza nagusien gaineko datu ugari daude. Datu horietan guztietan islatzen da galegoaren erabilera gero eta urriagoa dela adin tarteetan behera eginez gero. 5 eta 14 urte bitartekoen artean, galizieraz soilik mintzatzen direnak %15 baino ez dira, 65 urtetik gorakoen artean %53 den bitartean. Noski, gaztelaniaren datuak hartuz gero, guztiz desberdinak dira.

Datuok kezkagarriagoak dira, herrien tamainari begiratuz gero. 50.000 biztanletik gorako herri eta hirietan, galegoz mintzatzen diren pertsonak %11 dira soilik, eta galegoz gaztelaniaz baino gehiago mintzatzen direnak (zer nahi izanik ere horren esanahia) %21. Adinen arteko daturik ez dauden arren, erraz antzeman daiteke gero eta gazteago izan, gero eta gutxiago mintzo direla galegoz.

Lege aldetik duten arazoetako bat da egungo hizkuntza legeriak galegoa gutxiesten duela. Horrela, galegoz dakiten haurrek, eskolan galegoz hitz eginez sartuta ere, euren hizkuntza galtzen dute askotan. Sementeak sortu dituzten irakasle eta familiak ikastolei begira jarri ziren euren proiektuak aurrera ateratzeko eredu gisa; Euskal Herrian izan duten eragina ikusi eta ikastolak hartu zituzten ispilutzat.

“Lehen Hezkuntzan ezin diogu Galiziako Hezkuntza Departamenduaren legeriari jarraitu hizkuntzari dagokionez, gure hizkuntzaren heriotza izango zatekeelako”, dio Santiago Quirogak, Lugoko Semente eskolako ordezkariak. Berak azaldutakoaren arabera, Lehen Hezkuntzako eskolak legeztatu zituzten atzerriko eskola baten, Ameriketako Estatu Batuetako baten, bitartez. “Horrek ahalbidetuko digu gure ikasleak Sementeetatik galegoz, ingelesez eta gaztelaniaz maila onarekin irtetea. Gure proiektua eleanitza da”. Izan ere, Quirogaren arabera, “galegoa ez baldin bada hegemonikoa ikasgeletan, gizartean ez den bezala, ikasle hauek ezingo dira hizkuntza aldetik konpetenteak izan. Galiziako Estatistika Institutuaren arabera, DBH amaitzen duten ikasleen %20ek bakarrik dakite galegoz mintzatzen. Hori akabera da hizkuntzarentzat”

 “Galegoak bizi duen egoera honi irtenbidea emateko zati bat baino ez da eskola, baina ez dago irtenbiderik eskolarik gabe”, diote. “Eskola batek, murgiltze eredua ezartzeaz gainera, umeen autoestimu linguistikoa bultzatu behar du eta munduaren ikuspegia galegoz eman behar du. Galegoz eginiko hezkuntzak, hezkuntza galegoa ere izan behar du, Galiziatik eta Galiziarentzat eraikia izan behar du”.

Horrela ari dira lanean, eta horrela jarraitu nahi dute, haziz hazi, galegoa berreskuratzeko ahaleginean.

ikastola 234
2019 Ekaina
234