IKASTOLA 232 > ikastolak > Jose Antonio Sistiaga Mosso artistak jaso du 2018 – NIE Saria

NAFARROAKO IKASTOLEN  ELKARTEA - NIE

Jose Antonio Sistiaga Mosso artistak jaso du 2018 – NIE Saria

NIE Saria, kultura eta arteari lotutako profesionalei merezimenduz aitortua, egindako lanagatik esker onez, errespetuz eta mirespenez eskainia

2012an sortu zen NIE Saria, kultura eta arteari lotutako profesionalei eskainia.

Aitormena izan da “euskal kultura mundu osoan barna zabaltzeagatik, sorkuntza eta artearen pedagogiaren espaziorik korapilatsuenetan ikertuz, 60 urtez aritu izana”. Sistiagak Elorrioko Eskola Esperimentalean hartu zuen parte (1964) planteamendu pedagogiko, berritzaileekin, Parisen Arno Stern eta Freineten metodologietara hurbilduz, GAUR taldekide aktiboa izanik, sortzaile, abangoardiaren ikur, ausarta… ikastolekin erakutsitako eskuzabaltasunagatik ere omendua izan da. Faustino Aizkorbe artistaren eskultura eman zioten Mikel Asiain lehendakariak eta Josu Reparaz zuzendariak.
 

Jose Antonio Sistiaga Mosso artistari eman dio Nafarroako Ikastolen Elkarteak NIE Saria, horren bidez aitortu nahi izan baita "60 urtez aritu izana euskal kultura mundu osoan barna zabaltzen, sorkuntza eta artearen pedagogiaren espaziorik korapilatsuenetan ikertzeagatik; eta ikastolen laguna izateagatik”. Nafarroako Ikastolen Elkarteak gogo biziz adierazten du kultura eta arteari lotutako profesionalekin harremana lantzearen nahia, bidenabar euren jarduera balorean jartzen delako. Horregatik 2012an sortu zen NIE Saria, kultura eta arteari lotutako profesionalei merezimenduz aitortua, egindako lanagatik esker onez, errespetuz eta mirespenez eskainia.

Saria Mikel Asiainek eta Josu Reparazek eman zioten, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta zuzendariak, hurrenez hurren, "Sistiagak Elorrioko Eskola Esperimentalean izandako parte-hartze bitxia gogora ekarri zuten (1964), beronek ikastolen sorreraren garaiarekin bat egin zuelako, antzeko planteamendu pedagogikoekin; hau da, sentituz kultura orok bere tradizio-estetika berreskuratu behar zuela eta, aldi berean, bere sentsibilitatea berritzea ahalbidetuko zion ikerketa ezberdinak egiten, metodologia berritzaileen ezagutzatan murgildu zen, pedagogia konkretuak eta praxi berriak martxan jartzearekin batera. Metodologia berri hauek bere Pariseko egonaldian ezagutzeko aukera izan baitzuen Arno Stern eta Cèlestin Freineten eskutik, hain zuzen”.

GAUR taldeko kide bezala izandako papera ere goretsi zioten (Oteiza, Chillida, Arias, Mendiburu, Ruiz Balerdi, Basterretxea eta Zumetarekin batera) baita 1972. urtean Iruñeako Topaketetan izan zuen parte hartze aktiboa ere; Espainia eta atzerriko beste 350 artistekin batera,  jendarteari irekitako arte ekitaldi, iragankor eta boluntarioan oinarrituta.

Ekitaldia bertaratuei agurra emanez hasi zen. Hunkigarria izan zen Esther Ferrer artistak bidalitako eskutitza irakurri zen unea. Diziplina ezberdinetan aritu den artista hau, bere belaunaldiko artista onenen artean dago; eta Jose Antonio Sistiagarekin batera Euskal Herriko proiektu garrantzitsuetan partaide izan da. Paz de Ziganda Ikastolako Abesbatzak eta Dantza Taldeak girotutako ekitaldian, Sistiagaren ibilbide artistikoarekin lotutako irudiak proiektatu ziren, bere arte-lan esanguratsuenekin batera. Gainera, zinemagintza esperimentalari lotutako film labur bat ere ikusi ahal izan zen ekitaldian, “Impresiones en la alta atmósfera” izenekoa. Kamerarik gabeko zinema honek, zeluloidean eskua sartuta, fotogramak banan-banan eskuz margotuta, oso pertsonala den pintura sortu zuen zeina mugimenduan dagoen.

Emozioz betetako ekitaldi honetara erakunde ezberdinetako ordezkariak etorri ziren Nafarroako Gobernuko ordezkaritza instituzionala, Unibertsitateen eta Hezkuntza baliabideen zuzendari orokorra den Nekane Oroz eta Euskarabideako zuzendari-gerentea den Mikel Arregi, Jaione Apalategi NUPetik, Carlos Garaikoetxea lehendakaria, NIEko lehendakari ohiak eta Nafarroako Ikastoletako ordezkaritza zabala; eta, jakina, artistaren familiakoak eta lagunak ere bai.

Faustino Aizkorberen eskultura eman zioten saritzat, gorazarre eginez Jose Antonio Sistiagaren lanaren ausardi finari, azpimarratuz modu irekian eta abangoardistan, arteen irakaskuntzari emandako guztia, talentu askatzailea izanik, ezagutza artistikoen transmisioan adierazitako ausardia. Eta espreski  ikastolekiko erakutsitako eskuzabaltasunagatik esker oneko omenaldi bihurtu zen.

ikastola 232
2019 Otsaila
232