IKASTOLA 232 > ikastolak >  “Elkarrekin eraikitzen” proiektuan

Azpeitiko Ikastola, Ikasberri

 “Elkarrekin eraikitzen” proiektuan

DBH 3ko ikasleekin burutako egitasmoa

Proiektuak ikaslea bere ikasketa prozesuko protagonista egin, eta hiru helburu nagusi betetzea nahi.

Ikasleak eskualdeko eragile sozioekonomikoekin harremanetan jarri eta euren inguruneko errealitatea ezagutzea ahalbideratzen du. Ikaslea bere ikasketa prozesuko protagonista bihurtuta, gaitasunak landuko ditu, prozesuak berak duen garrantziaz jabetuta. Horrekin batera, erronketatik abiatuta, gaur egun eskualdeko eragile nahiz herritar ezberdinek dituzten kasuistika zehatzak jasoko ditu, bai eta prozesuak zehaztu eta landu ere. Amaitzeko, ezagutza zein bizipenak aurkeztuko dizkie egitasmoan parte hartutako ikastetxe, enpresa eta erakunde guztietako ordezkariei.
Ikasleek kanpo errealitatea ezagutzeko lehen hurbilketak egitea da asmoa. Horretarako, kasu errealak planteatzen zaizkie, bakoitza bere erronkarekin eta dagokien enpresa edo elkartearekin lotuta.

Azpeitiko Ikastolan,  seigarrengo urtez jarraian eta DBH eta DBHOko orientazio plangintzaren barruan, DBH-3ko ikasleekin martxan jarri berri dugu ELKARREKIN ERAIKITZEN proiektua. 2013/14 ikasturtean Iraurgi Berritzen garapen agentziak gidatu eta Urola Erdiko ikastetxeek elkarlanean abiatu eta ikasturtero garatu den proiektu berritzailea da berau eta, ikasleak eskualdeko eragile sozioekonomikoekin harremanetan jarri eta euren inguruneko errealitatea ezagutzea ahalbideratzen du.

  1. Ikasleen artean ekintzailetzari lotutako balioak eta gaitasunak sustatzea, besteak beste, iniziatiba edo komunikazio gaitasuna.
  2. Ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izan eta etorkizunean lan munduan sartu aurretik dagozkien erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin hartzea.
  3. Irakasleei metodologia berritzaileekin esperimentatzeko aukera eskaini eta prozesua zehar irakaskuntza metodologia berritzaileak aplikatzea.

    Ikasleak kanpo errealitatea ezagutzeko lehen hurbilketak egitea da beraz asmoa. Horretarako, kasu errealak planteatzen zaizkie, bakoitza bere erronkarekin eta dagokien enpresa edo elkartearekin lotuta. Proiektuaren muina, ikasleak protagonistak bihurtzea litzateke, irakasleak bidelagun izanik, beraiek eragile aktibo bihurtu eta kasuaren erronkatan  trebatzea. Horrela, ikasleak lortzen dituzten gaitasunak; talde lana, komunikazio eta ulermen gaitasuna, sormena, autonomia, iniziatiba eta IKTen erabilera izango liratekeelarik nagusiki. Garrantzitsua da aipatzea, ibilbide honetan, prozesuak berak duela garrantzia, bukaeran lan bat aurkezten duten arren.
     

ERRONKAK

Ikasleei aurkezten zaizkien erronkak eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren isla dira. Erronka bakoitzak, gaur egun eskualdeko eragile nahiz herritar ezberdinek dituzten kasuistika zehatzak jasotzen dituzte.

  1. Salmenta lanak industrian.
  2. Produktuen berrikuntza industrian.
  3. Enpresa berrien sorrera.
  4. Hautaketa prozesua industrian.
  5. Merkataritza txikia eskualdean.
  6. Eskualdeko osasun zentroa.
  7. Hirugarren adineko osasun zerbitzuak.
  8. Lehen sektorea ezagutzen.
  9. Langabezia eta lan munduratzea.

Adibidez: “Joseba, DBH3 ikasten ari den 16 urteko Azpeitiarra da. Datorren urtera begira, ikastetxean landuko dituen ikasgai zehatzak hautatu beharrean aurkitzen da eta ondorioz etorkizunean zein ogibidetan lan egin nahi duen pentsatzen hasi da.

Gaur egun, ikasgaien hautaketak zalantza ugari sortzen dizkion arren, eroso sentitzen da ingurukoei laguntzen eta beraz begiz jota du osasun sektorea. Gainera, bere izeba Maite medikua da Azpeitiko osasun zentroan eta oso gustuko du bere izebaren egitekoa. Goiz bat edo beste ere igaro du izebaren kontsultan bere zereginetan laguntzen.

Dena den, behin erabakia hartzeko unea iritsita, herriko osasun zentroaren inguruko informazio gutxiegi duela deritzo eta hau aztertzea erabaki du. Bere izebaren bitartez, herriko osasun zentroarekin harremanetan jarri da.

Besteak beste, herriko osasun zentroaren zeregin eta sail nagusiak ezagutzeaz gain, bertan dauden ogibide ezberdinak ezagutu nahi ditu. Bestalde, ogibide ezberdinetan lan egin ahal izateko beharrezko diren ikasketak eta gaitasunak aztertzeari ekin dio.”  (6. erronka, eskualdeko osasun zentroa)

PROIEKTUAREN FASEAK

Proiektua hainbat fasetan banatuta dago:

  1. Proiektuarekiko sentsibilizazio saioak.
  2. Lan taldeen egituraketa eta erronken aukeraketa ikasleen interesen arabera.
  3. Erronkaren inguruko hausnarketa eta ulermena taldean.
  4. Informazio bilketa eta ekintza plana. Nola jaso informazioa hausnartu eta lortzeko ekintza bat planifikatu, arduradun eta egiteko konkretuak adostuz.
  5. Elkarrizketa informazio bilketarako dagokion eragilearekin. Ikasleek elkarrizketa prestatu, beraiek deitu enpresara eta elkarrizketarako data zehazten dute.
  6. Jasotako informazio guztiaren egituraketa taldean eta amaitzeko dagokion euskarriaren ekoizpena (power-point bat, aldizkari digitala, bideo bat…).
  7. Talde bakoitzak bere proiektuaren aurkezpena beste guztiei ikasgelan.

Amaitzeko ikasturte amaieran ekitaldi nagusi batean, ikasleek bere prozesuaren ezagutza eta bizipenak aurkezten dizkieten egitasmoan parte hartutako ikastetxe, enpresa eta erakunde guztietako ordezkariei.

 

ikastola 232
2019 Otsaila
232