IKASTOLA 232 > iritziak > Akordiorik onena hitzartu dutela uste dute ikastolek

Ikastolen Lan Akordioa

Akordiorik onena hitzartu dutela uste dute ikastolek

Jaurlaritzari gogorarazi diote hezkuntza sistemako langile guztien lan baldintzetan erantzukizuna duela

Hobekuntza esanguratsuak lortu dira 2018 eta 2019 urteetarako ikastoletako langileen lan baldintzetan eta soldatetan.

Abendu hasieran sinatu zuten Ikastolek eta gehiengo sindikalak (LAB) Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ikastoletarako Lan Akordioa, zeinaren bitartez hobekuntza esanguratsuak lortu diren 2018 eta 2019 urteetarako ikastoletako langileen lan baldintzetan eta soldatetan. Akordioak Ikastolen Elkarteko 59 ikastoletan du eragina, 3.500 langileren lan baldintzetan. Guztira, 46.603 ikasle biltzen dituzte ikastolok.

Ikastolen Elkartetik balioan jarri nahi dute Akordioa, negoziazioak urtebete iraun duen arren, “beti egon delako sinatzaileen aldetik adostasuna aurkitzeko borondatea, eta borondate horren bitartez erdietsi ahal izan delako izenpetutako akordioa”. Akordioa Hezkuntza Sailak jarritako baldintzetatik haratago lortu dela esan du Ikastolen Elkarteak, eta borondateaz gain, esfortzua ere aipatu dute, “aldeek gatazka saihestu, eta irtenbideak elkarrekin aurkitzeko lana egin dugulako”.” Azken aldian  hezkuntzan dugun testuingurua kontutan izanda, lortu zitekeen akordiorik onena izan zen eta izaten jarraitzen du, gure ustez” azpimarratu du.

“Askotan esan dugu, baina askotan esateak ez dio baliorik kentzen, ikastolen helburua dela gure langileek ahalik eta lan baldintza onenak izatea, muga ikastolen bideragarritasuna izanik. Muga horretan jardun dugu oraingoan ere”, azaldu du Ikastolen Elkarteak. Azken urteetan lortu den bezala, aurrerantzean ere langileen egonkortasuna eta lanpostuei eusteko konpromisoa berretsi dute aldeek Akordio honetan.

“Akordioa ona da”, dio Ikastolen Elkarteak, eta puntu hauek azpimarratu ditu: hainbat hezkuntza ataletan diagnostiko partekatua jasotzeaz gain, langileentzat hobekuntzak ditu, bereziki 0-3 zikloko langileentzat, zerbitzuetako langileentzat eta Hezkuntza Laguntza Espezialistentzat; soldata altxaketak jasotzen ditu lan hitzarmeneko lan kategoria guztietan, baita DBHko 1. zikloko soldata homologazioa ere; eta lanpostuak mantentzeko tresna egokia da.

Lan Akordioaren balorazioa egitearekin batera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ere aipatu du Ikastolen Elkarteak. “Ez diogu eskatzen, ezta nahi ere, negoziazio horietan parte zuzena hartzeko, baina itunpeko sarean izan diren lan negoziazioei buruz Hezkuntza Sailak egin dituen adierazpenak mingarriak izan dira”, adierazi dute. “Esan du berak ez duela zer ikusirik negoziazio hauetan, arazoak hitz eginez konpontzen direla beraiek sare publikoan egin zuten bezala (adierazi gabe sare publikoaren lan akordioak 40 milioiko gain esfortzua suposatu diola EAEko hezkuntza sistema osoari)”.  Horrez gain, ikastolei mingarri egin zaie 2019ko aurrekontuen proposamenean, nahiz eta bertan behera geratu den, hau ikusi dutenean:

• 0-3 zikloan, itundutako sarearentzat (13.000 ikaslerekin) 29 milioiko partida izendatu dutela, iaz baino milioi bat gutxiago; eta Partzuergoarentzat, berriz, (5.000 ikasle) 47 milioikoa, iaz baino 4 milioi gehiago.

• Atzerritar jatorriko ikasleak eskolatzeko sare itunduan %20ko jaitsiera dagoen bitartean, sare publikoan 126 irakasle gehiago jarriko direla (bost milioi euro).

• Hezkuntzako langile guztien soldatak %2,25 igotzeaz gain, sare publikoko langileen pentsio-plan pribaturako (Itzarri) %1eko igoera adosten den bitartean, alegia, 11 milioi euro guztira, ikastoletako langileentzat bigarren partida hori ez dela azaltzen.

• Hezkuntza Laguntza espezialisten kasuan, espresuki ukatzen zaiela ordu osagarriak ezartzea (are gehiago debekatu egiten dietela).

Euskadiko Eskola Kontseiluak berak azpimarratu du 2015-17 txostenean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak itunpeko sarearen finantzaketaren %66a baino ez duela betetzen; eta, aldiz, gurasoen ekarpenak %21era iristen direla, Europako batez bestekoaren oso gainetik (%6,8).

“Jarraituko dugu esfortzuak egiten ikastoletan dihardugun eragile guztiok, baina ordua da Hezkuntza Sailak bere erantzukizunari heltzeko”, adierazi dute ikastolek. “Helburua bada hezkuntza sistema propio bat eratzea, helburua bada hezkuntza sare guztiak, titulartasuna gorabehera, partekatu behar dituzten zerbitzu publikoaren elementu komunak  nabarmentzea, ezin dira mantendu gaur egun sareen artean finantziazio publikoaren ikuspegitik dauden desberdintasun nabariak, bereziki hezkuntza sistemako langileei eragiten dietenak”, gaineratu dute.

Hala, Hezkuntza Sailari adierazi diote jabetu behar duela hezkuntza sistemako langile guztien lan baldintzetan erantzukizuna duela, ez bere titularitatepeko ikastetxeetako langileena bakarrik, “guztiek osatzen dute-eta hezkuntza zerbitzu publikoa, eta guztiek lan bera egiten dutenez, guztiek dituztelako eskubide eta betebehar berak, ez erdiek bakarrik”.

Hezkuntza, ondasun eta zerbitzu publiko gisa, pertsonen oinarrizko eskubidea izateaz gainera, hezkuntza hori gure gizartearen oinarrizko balioekin bat etorriz egiten dela bermatzeko betebeharra ere badute erakunde publikoek, diote ikastolek, eta balio horien artean tratu-berdintasuna bultzatzea dagoela.

“Ez da garai txarra, Hezkuntza Akordioaz behin eta berriro hitz egiten ari gara, eta bertan Hezkuntza Sistema osoa arautu nahi bada, eta bertan gure hezkuntza sistema ondasun publiko kontzeptuaren inguruan oinarritu nahi bada, adostu beharko dira ikastetxe guztiek, titulartasuna gorabehera, bete behar dituzten baldintzak eta egokituko zaizkien baliabideak”, gaineratu dute.

Ikastoletan erronka handiak dituzte aurrerantzean ere, Ikastolen Elkarteak adierazi duenez: “Besteak beste, Hezkuntza Sailari bere esku bakarrik dauden hainbat gaietan interpelatzea (errelebo kontratuak, heziketa berezirako laguntzak, soldaten homologazioa…), ikastoletako langileek lan baldintza hobeagoak merezi dituzte eta”.

Hezkuntza Sailaren ardura euskal hezkuntza sistema osoa dela gogorarazi dute, “ez soilik bere menpeko ikastetxeak”.

ikastola 232
2019 Otsaila
232