IKASTOLA 232 > erreportajeak > Ikastola guztietako zuzendariak, elkarrekin, elkarlanean

ZUMIN nazionala

Ikastola guztietako zuzendariak, elkarrekin, elkarlanean

Gai nagusiak jorratzeko berrindartu egin da Ikastolen Zuzendarien Mintegi Nazionala

Elkarrekin, hezkuntza eraldatzen. Ez da lelo soil bat.

Elkarrekin, hezkuntza eraldatzen. Ez da lelo soil bat. Aitzitik, gero eta nabariagoa den errealitatetik sortu den leloa da. Ikastoletan ematen ari den hezkuntza eraldaketa ez da ikastola bakan batzuetan gauzatzen ari; erritmoak ez dira berdinak izango, baina guztietan ari da eraldaketa garatzen. Horren seinaleetako bat Ikastolen Zuzendarien Mintegi Nazionalak hartu duen indarra.
 

Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluan lurralde guztietako ordezkariak biltzen dira; zuzendaritza taldean ere lurralde guztietako arduradunek hartzen dute parte. Zuzendarien Mintegi Nazionala, berriz, Euskal Herriko ikastoletako zuzendariak elkartzeko gunea da. Ikastola guztiei eragiten dien gai nagusiak, pedagogikoak, estrategikoak eta kudeaketakoak, elkarrekin jorratu, errealitate desberdinak bizi dituzten ikastolen arteko ezagutza sendotu eta harremanetarako eta elkarlanerako sareak estutzeko sortu zen Zuzendarien Mintegi Nazionala.

Ez da zuzendarien biltoki bakarra. Kasik hilero elkartzen dira ikastoletako zuzendariak, baina ez lurralde guztietakoak. Zuzendarien mintegia dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoek, zuzendarien bilerak dituzte Nafarroakoek, eta baita Seaskakoek ere. Zuzendarien Mintegi Nazionala, berriz, epe eta maiztasun jakinik gabe biltzen da, esku artean dituzten gaien arabera. Aurtengo ikasturtean, ordea,dagoeneko bi aldiz elkartu dira, biak Altsasun, ikastola guztiei eragiten dieten gaiak ere gero eta gehiago direlako, eta elkar ezagutzatik elkar eragiteko esparruak ere zabaltzen ari direlako.

Aurtengo ikasturtean bi aldiz elkartu dira Euskal Herriko ikastoletako zuzendariak. Urriaren 19an izan zen lehenbiziko mintegi nazionala, eta iragan urtarrilaren 25ean bildu ziren azkenekoz. Azken mintegiaren hasieran  Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi Jose Luis Sukiak azpimarratu zuen bezala, gero eta gai gehiago dituzte ikastolek nazio mailan jorratzeko, eta horrek Zuzendarien Mintegi Nazional gehiago egitera bultzatu dituzte.

Ikastolen Digitalizazio Egitasmoaren gaineko azterketa eta egin den inkestaren emaitzak, ikastolen mugimenduaren komunikazio ildoen azterketa, Lehen Hezkuntzako egitasmoaren ikuspegiaren azalpenak … izan ziren zuzendarien mintegian jorratutako gaietako batzuk. Aurkezpenak izan ziren batzuk, taldean lanketa egiteko gaiak izan ziren beste batzuk, eta ikastola eta errealitate desberdinetatik etorritako zuzendariek euren iritziak partekatu zituzten eta aurkeztutako proposamenen gainean ekarpenak egin zituzten.

ENTRESAKA
Ikastolen Digitalizazio Egitasmoaren gaineko azterketa eta egin den inkestaren emaitzak, ikastolen mugimenduaren komunikazio ildoen azterketa, Lehen Hezkuntzako egitasmoaren ikuspegiaren azalpenak … izan ziren zuzendarien mintegian jorratutako gaietako batzuk

ikastola 232
2019 Otsaila
232