IKASTOLA 216 > ikastolak > Ikastolen Elkarteak, Elkar-ek eta Katxiporretak elkarlanean
"Lur eta Amets"

"Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia" proiektua aurkeztu dute

Ikastolen Elkarteak, Elkar-ek eta Katxiporretak elkarlanean

Aurkezpenean parte hartu zuten egitasmoa aurrera atera duten egile eta koordinatzaileek

Aintxine Mendizabalek, proiektua koordinatzen ari denak, Lotura Filmseko arduradun Juanba Berasategik eta Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak.

‘Lur eta Amets. Euskal Herriaren Historia’ egitasmoa aurkeztu zuten urriaren amaieran Donostian, Ikastolen Elkarteak, Elkar-ek eta Katxiporretak elkarlanean abiarazitako proiektua. Gure herriaren historiaren irakurketa geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzeko asmoz sortu da egitasmoa. Gaztetxo eta haurren beharrei begira pentsatu baina familia osoarentzat ere baliagarriak diren edukiak garatu dituzte.

‘Lur eta Amets. Euskal Herriaren Historia’ proiektua Ezagutza liburuan oinarritzen da, baina horrezaz gain ipuin liburu sorta batek (oraingoz sei eta beste hiru martxan), mahai joko batek eta webgune batek osatzen dute.

Proiektua ez da oraingo ekoizpenarekin amaitzen. Aitzitik, jarraipena izango du, ipuinen bitartez, webgunea garatuz eta edukiz berrituz eta gehituz, eta bestelako egitasmo batzuk abiaraziz, Donostiako aurkezpenean iradoki baino gehiago desio gisa aipatu zuten bezala. Izan ere, gogoa badago, eta garbi esan zuten, egitasmoa marrazki bizidun bilakatzeko. Horren aurrerapen gisa, proiektuaren spot gisa aurkeztu zuten hiru minutuko trailer bat erakutsi zuten. Bildutako jendeak oso harrera ona egin zion egitasmoari.

Horretarako, ordea, ez da nahikoa Ikastolen Elkartea, Elkar eta Katxiporretaren arteko elkarlana. Horregatik, Olatz Osak, hiru elkarte horien izenean hitza hartu zuenean, eragile gehiagoren kolaborazioa eskatu zuen: “Bidelagun berriak inguratu nahi genituzke proiektura, konbentzituta baikaude, indarrak metatuz datozen belaunaldientzat, hezkuntza komunitatearentzat eta oro har euskal gizartearentzat baliagarria den ekarpena egitea lortuko dugula”.

ikastola 216
2015 abendua
216