Iparraldeko Ikastolak
GLISSEGUNEAN, SURFA, ESKATERRA ETA GOZAMENA EUSKARAZ
Euskara sustatzeko urtero antolatzen da Glisseguna.
Euskara sustatzeko urtero antolatzen den Glisseguna oso arrakastatsua izan da aurten ere. Eguraldia lagun, parte hartze handia lortu du Lapurdiko kostaldean. Euskarak arnas pixka bat irentsi du uhin artean eta jai giroan. Surflariak, skaterrak, rollerrak, hawaiiar piraguako arraunlariak eta itsaso maitaleak elkartu dira kirola euskaraz egin daitekeela aldarrikatzeko, gazteek euskaraz bizi nahi dutela adierazteko, eta horretarako zer hobe surf txapelketa bat antolatzea baino? Hamabigarren edizioan gure hizkuntzak leku handiagoa izan du, eta Haritz Larrañaga Altuna izan da horren laguntzailea.
Iparraldeko Ikastolen Elkartearen eta Lapurdi Surf taldearen laguntzarekin antolatzen da Irail-ero Glisseguna. Hamabi urte igaro dira lehen ediziotik. Orduan surfa baino ez zen antolatu. Gerora, alokatutako skate arrapalak gehitu ziren. Gaur egun, egitaraua oso zabala da, eta ez da egun bakar batera mugatzen. Ekimena egiteko lekua ere aldatu da; Angeluko skate pistaren ondoan ospatzen da egun jaialdia, La Barre inguruan. Bertan ikus daitezke surflariak, hawaiiar piraguan arraun egiten duten kideak, skaterrak, patindunak, sorosle taulekin dabiltzanak, itsas jardueren berri ematen duten informazio guneak eta abar.
Surf txapelketa Zaldunen hondartzan antolatzen da, bertako surf elkarteak duen egoitzaren parean. Urterik urte gero eta jende gehiago biltzen da txapelketan. Ekimenaren helburua da Lapurdiko kostaldean euskaraz bultzatzea; beraz, surf txapelketa bat bada, baina ez da ohiko bat. Berezia izanagatik nolabaiteko ospea lortu du surf komunitatean, ezaguna bihurtu da, maila handiko parte hartzaileak izaten baitira lehiakideen artean.
Hizkuntzari dagokionez, parte hartzaile eta antolatzaileen artean ere aldaketak izan dira. Lehen urtetan euskara fitsik ez zekitenen artean, bada nork euskara ikasi duenik! Egia aitortu aldera, oraindik frantsesa da nagusi iparraldeko surflarien artean, baina giro aldaketa somatzen da, apurka-apurka hitz solteak eta euskarazko esaldiak gero eta gehiago entzuten baitira, lehen urrats lez.
Argzakiak Patxi Ladevese-renak dira.