Manex Erdozaintzi Etxrt Kolegioan
SEASKAREN BARNEALDEKO KOLEGIOAN, ANTZERKIAREN BIDEZ BIZITZAZ IKASTEN
Bi antzerki proiektu ereman dituzte aurten 13 eta 15 urte bitarteko ikasleen artean.
Helburua izan da antzeztuz gozatzea, ingurumen kulturalari lehentasuna emanez eta ikasleen motibazioa piztuz. Lehena “Libertimendua”(Baxe Nafarroko antzerki mota bat). Bigarrena “Opera panica” (Alejandro Jodorowsky txiletarraren antzezlana) gazteleraz. Ahozkoan trebatzea eta haien gorputzekin jolastea lortu dute. Mattin Irigoien, Maika Etxekopar eta Viviana de Souza artistekin kontatu dute. Pozik dira.
Seaskako barnekaldeko kolegio bakarra da, Garazi, Oztibarre, Ortzaize, Amikuze eta Sohütako ikasleak biltzen ditu 11-15 urte bitartekoak. Bi gela dituzte 4. mailan, guztira 35 ikasle. Denek parte hartu dute, kolegioko proiektua izan baita antzezlanarena.
“Nagore Ruiz , euskara irakasleak, eman zien Libertimendua antzezlana egitearen gogoa. Berehala jaso zuen baietza. Mattin Irigoien, Amikuzen Libertimenduen idazleetariko bat, gomitatu zuten antzerki mota horri buruzko xehetasunen ukaiteko . Libertimendua zer den, nola osatua den, bere historia... Orduz geroztik ikasleak beraiek aritu izan dira proiektua sortzen, hasieratik bururaino, ideiak ateratzen, idazten, adosten eta, gero, gauzatu egin dute antzerki lana. Maika Etxekopar artistarekin kontatu dute antzezteko. Irakaslea, informazioa emaiten eta ahalbideratzen aritu da, besterik ez.
“Proiektu honen xedea da euskaraz aritzea eta gozatzea. Saiatzen gara ahozkotasunari zor zaion lekua emaiten, euskara baliatzen eta euskaraz bizitzen. Libertimenduari eta hemengo kultura inguruari lehentasuna eta gogoa emaiten. Amikuzeko idazle den Mattin Irigoienekin biltzea erabaki zuten, zirtzilen jokoa hobeki ezagutzeko. Arte Plastikoan errealitatea eta izpiritu kritikoaren inguruan lan egin dute. Ondotik ikasleek muntatu dute haien antzerkia non bertsoak ere txertatu diren.
Gorputz Heziketako erakasle den Eñaut Alfarorekin landuak izan dira dantzak eta gorputz adierazpenak; horiekin baliatu gara lotsak uxatzeko eta gorputz askeak lantzeko” jarraitu du Céline Tourreuil zuzendariak.
“Urte osoko egitasmoa izan da. Bigarren etapan, nahasirik zeuden ideiak ordenatuz eta zerrendatuz, Maika Etxekopar artista gonbidatu zuten berekin antzezlana plazaratzeko. Publikoki nola zabaltzen ahal zen jakiteko, zein ideia, zein antzerki mota egiten ahal zen. Berak eskaini zien laguntza handia. Lanak arrakasta handia izan du, beste ikasleen aurrean, Kolegio mailan. Biziki maitatu dute egitasmoa. Proiektu polita izan da benetan, hemengo inguruari lotuta. Pozik gara” esan zuen zuzendariak.
Baina beren proiektua aurkezteko eguna uztailaren 1ean izanen da. Egun horretan iraganen da kolegioko urteko besta eta bertan izanen dira buraso guziak. Orduan, 35 ikasleek Libertimendua aurkeztuko dute gaineratiko ikasleekin batera. Izan ere, egun horretarako, ikastetxe guzia izango da parte hartzaile. Bertsoak, kolegioko bertso eskolako haurrek emanen dituzte. Dantzak ordea, aire hartzeetan proposatzen den dantza tailerretako partaideek. Emanaldi politaren mentura beraz !
Izan da bigarren antzezlan bat Mañex Erdozaintzi Etxart Kolegioan aurten ere. Bigarren hau 3.enean dauden ikasleekin burutu da, kasu honetan ere “Opera Panica” Alejandro Jodorowsky txiletarraren obraren adaptazio bat sortzea izan da helmuga; berezitasun batekin, ez dela euskaraz muntatu, gazteleraz baizik, Espainola eta Gorputz Heziketa irakasleekin batera, eta Hecho En Casa konpaniako Viviana de Souza artistaren laguntzarekin. Oraingoan, ahozkoan trebatzea eta hizkuntza berrian antzeztea izan da helburu. “Bi antzezlanetan gelako dinamika positiboa bilakaraztea izan dugu ardatz, euren artean gozatzea, eginez gozatzea” bukatu zuen kontatzen Céline Tourreuilek.