IKASTOLA 209 > ikastolak > MEREZITAKO OMENALDI HUNKIGARRI ETA GOXOA IMANOL URBIETARI

Salbatore Mitxelena Ikastola, Zarautz

MEREZITAKO OMENALDI HUNKIGARRI ETA GOXOA IMANOL URBIETARI

Esker handia zor zitzaiolakoan gorazarre egin nahi izan zaio Imanoli.

Imanol Urbieta gizon handia da Salbatore Mitxelena Ikastolarentzat eta Ikastolen taldearentzat. Euskal Herriko musikari handia, Xirula Mirularen sortzailea izan da. Haurrentzako zuzendutako metodo bizia sortu zuen; eta kantua, solfeoa zein musika baliatu zituen zaletasuna irakasteko, xirula, txistu, trikitrixa, dulzaina, gitarra eta perkusioa erabiliz. Umeentzako kanta ugari asmatu zituen; nork ez ditu ezagunak Txoria nintzela, John Brown indioa, Astoa ikusi nuen ala Zaldi txiki-txiki bat?

“Gure ikastolako hastapenetan egin zuen ekarpenarengatik, zor bat zitzaiolakoan, Salbatore Mitxelena Ikastolakook gorazarre egin nahi izan diogu, eta omenaldi goxoa eskaini. Ikastolatik abiatutako omenaldia herri guztiarentzat antolatu nahi izan dugu”, kontatu digu Ander Iturralde irakasleak. “Horretarako bideo bat grabatu genuen lankide eta ikasle ohiekin, Andoni Egaña, Josune Murua, Andu Lertxudi, Juan Martin Elexpuru eta Pablo Eskibel-ekin. Garaia bateko eskola bizipenak zein ezberdinak ziren adierazteko Florido pensil antzeko ikuskizun bat antzeztea ere pentsatu genuen eta hala egin ere, 70. hamarkadan bere ikasle izan ziren 8 antzezleren eskutik,  Ainhoa Alberdik gidatuta,”.
“Gurutze Izagirre eta Jose Luis Aranguren “Txilikuk” antzerkiko testua prestatu zuten. Txapasek eta Mertxe Isastik, oraingo eta orduko ikasleekin kantu saioa antolatu zuten, eta, nola ez, Astoa ikusi nuen eta Zaldi txiki-txikia abestu ziren. Unai Lazkano eta Oiartz Eizagirre-k Agurra dantzatu zuten; Ikastolako zuzendariak, Josune Muruak, eta lehendakari ordeak, Salba Bergarak, garaikurra eman zioten”, esan digu Txomin Aizpurua guraso eta antolatzailetako batek. Herriko txistularien gidaritzan “Behin betiko” abestuaz eta Imanolen hitz hunkigarriekin amaitu zen saioa.

Omenaldiaren egunean gainezka izan zen Zarauzko Munoa plaza, ia 800 lagunek parte hartu baitzuten ikastolak herrian bultzatutako esker oneko ekitaldian.

ikastola 209
2014 Ekaina
209