IKASTOLA 208 > ikastolak > GAU LITERARIOA, LINTERNATXO ETA GUZTI

Betiko Ikastola, Leioa

GAU LITERARIOA, LINTERNATXO ETA GUZTI

Juul kanpainaren barruan antolatutako ekintza berritzailea izan da aurtengoa. 

Juul kanpainaren barruan antolatutako ekintza berritzailea izan da aurtengoa. Ikasleek sorpresaz beteriko “Gau literarioa” egin dute ikastolan; pasillotan gelditu dira lotan. Esterilak zabaldurik, lo-zakutan sartuta, linternatxoak pizturik irakurri egin dute eta misterioan sartu dira. Irakurritakoarekin amets egin dute, goiza iritsi arte. Ikastolako jangelan gosaria prest izan dute, gelan sartu aurretik indarrak hartzeko. Hori bai dela irakurzaletasuna sustatzea!
Euskaraz Bizi eta Hizproko taldekoei Betiko Ikastolan, klaustroko bilera egiten dutenean “ea sorgintxuk zer dakarzuen oraingoan” galdetzen diete. Nola ez ba ideia sortzaile badira, eta Juul kanpainaren jarraitzaile sutsuak izanik. Aurten “gau literarioa” egitea erabaki dute. Eskaintza luzatu diete LH eta DBHko ikasleei, eta sekulakoa izan da erantzuna! Gaua ikastolan ematearena bolondresa den arren, ikasle mordoak izena eman du, jakina, enkantu handiko gaua izango baita. Apirilaren 3tik 4rako gauean ikasleek, hasteko, etxetik afaritxoa eramango dute, iluntzeko 19:30etan elkartzen direnerako, elkarrekin afaltzeko. Horrekin batera lotarako esterila eta lo-sakua eraman beharko dute eta, faltarik gabe, linternatxo bana gauean irakurtzeko balioko diena.
Ikasleek sorpresa handia hartuko dute ipuin kontalaria ikusitakoan. Ordu beteko saioa eskainiko die txikienei, euren atentzioa lapurtu nahian. Helduagoak ere zur eta lur geldituko dira musika eta bertsuak entzungo dituztelako ustekabean. Hori gaua hori, Betiko Ikastolan!
Behin afaldutakoan, sorpresa entzunda, “oheratzeko” ordua iritsiko zaie. Ez dira, ordea, etxeko ohetara joango, ikastolako pasillotan “lo” egingo baitute.  Esterilak zabaldurik, lo-sakutan sartuta, linternatxoak pizturik irakurtzen hasiko dira, hori baita “gau literarioa”, hori baita liburuaren misterioan sartzea… Irakurritakoarekin amets egingo dute, goiza iritsi arte. Ikastolako jangelan gosaria prest izango dute, gelan sartu aurretik. Biharamunean bai, gelan sartuko dira, eta egun normal bateko goiza egingo dute, hau da, ikasi eta ikasi arituko dira. Arratsalderako, bariku arratsaldea izanik, beste ekintzaren batean parte hartuko dute, irakasle bakoitzaren esku. Eta ondoren baino ez dira etxera itzuliko.
Irakasle asko bolondres eskaini da, gau horretako magian laguntzeko. Oraingoan irakasleak eta ikasleak baino ez dira bilduko ikastolan. Hurrengo ekintzaren batean gurasoek ere parte har dezaketen erabakiko dugu, hala eskaini baitira.
Juul kanpainarekin lotuta dago ekintza hau, irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina. Apirilaren 2an bozketa eguna izango da, benetako bozketa, pankartak eta guzti, kartelak nonahi “emaiozu botoa halako liburuari” ez baita txantxa nork irabaziko!
Betiko Ikastolak irakurzaletasuna bultzatzen du. Duela gutxi liburutegi erraldoia antolatu zuten ikastolako pasabideetan. Ikasle bakoitzak liburu bana eraman zuen, eta denon arteko, ostiral arratsaldeko, liburu erakusketa antolatu zuten. Datorren urtean 50 urteurrena ospatuko du ikastolak, honezkero fruitu ugari emandako ikastolak. 

ikastola 208
2014 Apirila
208