IKASTOLA 238 > ikastolak > Irtenbide egokia eta oso erakargarria da gure ikasleentzat

LANBIDE HEZIKETA IKASTOLETAN

Irtenbide egokia eta oso erakargarria da gure ikasleentzat

Durangon elkartu dira ikastoletako Lanbide Heziketa duten zuzendariak.

Zazpi zentro daude Ikastolen sarera bildurik.

LANBIDE HEZIKETA IKASTOLETAN

Zorte handiz, Konfinamenduan sartu baino egun gutxi lehenago, hurbildu ginen Ibaizabal Ikastolara Lanbide Heziketako zuzendariekin eta orientatzaileekin hitz egitera.

Durangon elkartu dira ikastoletako Lanbide Heziketa duten zuzendariak. Zazpi zentro daude Ikastolen sarera bildurik: Bizkaian, Bilboko Harrobia, Durangoko Ibaizabal eta Derioko Txorierri Politeknikoa; Gipuzkoan: Arrasateko Arizmendi, Tolosako Inmakulada, Zarauzko Oteitza eta Donostiako, Zurriola. Inguru aldakorra bezain biziaz ari gara, bizi-biziaz.
Urtean gutxienez zortzi alditan elkartzen dira Erkidekoak; eta beste bitan elkartzeko asmoa dute Euskal Herrikoak LHMin nazionalean (Lanbide Heziketa Mintegi nazionalean), Baionako Bernat Etxepare Lizeokoekin batera. Lanbide Heziketako matrikulazioa hasi aurretik ikastoletako orientatzaileekin biltzen dira garaiz,  informazioa ahalik eta eguneratuena eskaintzeko.

Zertarako elkartzen zarete hainbat orientatzaileekin?

Ana Monge - Ongi baloratzen dugulako urteroko bilera hau. Batetik informazio eguneratua ematen diegulako, galdera eta zalantza guztiak argitze arren; formazioa ematen diegulako orientazio prozesuetan aurrera egiteko ikastoletan: lege aldaketak direla, berriak direla…
Aipagarria da Lanbide Heziketako bilera hauetan, gure orientzatzaileekin lege aldaketaz gain, zertan ari garen azaltzea dela gure helburu nagusia. Izan ere, beste etapekin konparatuz gero, berrikuntza eta proiektu bereziak lantzen ditugulako.
Zehaztu nahi nuke Matrikulazio prozesuak arazo handiak ematen dizkigula, batez ere Goi Mailan, ikasleek batxilegoan aukeratzen duten espezialitateak baldintzatzen dielako Lanbide Heziketa; hau da, lehentasuna galdu egiten dute. Puntu hau garrantzitsua da behar bezala argitzea, urtero sorpresak sortzen dituelako ikasleen eta familien artean.

Josu Orbe - Erdi Mailako ziklotik Goi Mailakora zer lehentasun eta urrats dauden; eta Goi Mailetik Unibertsitaterako sarrerak nolakoak diren; Dualak nola egin; Nazioarteko proiektuak zertan dauden… Izan ere, urterik urtera proiektu berriak ditugunez, ikasleak enpresarekin lanean jartzen ditugu formato ezberdinetan, eta horiek urtero azaltzen dizkiegu.

Aitor Urkidi – Familiak orientatu, gurasoentzat jarraibideak argitu, lan munduko datuak eta profilak eskaini; eta bereziki, ikasleak orientatu eta animatu mundu zabal honetara, ilusioarekin ate berriak irekitzera.
Ahotara ekarri nahi nuke Lanbide Heziketako ikasleek duten lan-munduratze tasa handia dela, ikasi eta titulua eskuan dutelarik lanean aritzeko aukera oso altua dela. 

Fernando Garridos – Bai, ikasleren artean bi joera aurkitzen ditugu, lana bilatu nahi duenak edo gorantz joateko ibilbide baten bila dabilena. Biak oso zilegiak direnez, guri dagokigu haiei xede horietan laguntzea.
Errealitatea da gero eta ikasle gehiago datozkigula Lanbide Heziketa egin ondoren Unibertsitaterako bidea egin nahi dutenak, Alemanian eta beste herrialdetan gertatzen den bezalaxe; baina nabarmendu behar dugu ikasle asko direla Lanbide Heziketa gauzatu nahi dutenak, bukatutakoan zuzenean lan mundura murgiltzeko. Biak oso baliotsuak guretzat.

Zertan aldatu da Lanbide Heziketako irakaskuntza?
A.M. – Hasteko esan behar dugu Lan-merkatua asko aldatu dela gizarte mailan, eta, ondorioz, enpresa mailan ere. Aldaketa horri aurre egiteko, eta ikasle profil berriari erantzun bat eman nahian, Erronka eta proiektuetan lanean gabiltza zentratuta, aldaketarik handiena horretan eman baita: zein konpetentzia/k landu behar diren, titulazio ezberdinetan baino gehiago.

Bizi garen garaian, munduan, ikasleak momentu zailei aurrea hartzen prestatu behar ditugu, aldakor den gizarte bati aurre egiten, konpetente izaten lagundu behar ditugu. Guri dagokigu horretan laguntzea, horretarako ikasketa-ibilbide ezberdinak diseinatzen eta lantzen. Eta horretan dihardugu.

Jose Ignazio Martija – Konpetentzia eta erronka horiek dira lantzen ditugunak ikasleekin gelan; baita enpresatan ere. Kanpoko doikuntza asko baitira, deialdiak eta enpresen eskaerak direla, erakunde publiko eta mankomunitatearenak… Ekintzaletasuna sustatzen da. Esan dezakegu konplexutasun baten kudeaketan murgilduta gaudela, gizarte beharrei eta merkatuari erantzuteko ahaleginean.

Iker Gomez de Segura – Beharrezkoa dugu erronka eta eskakizunei aurre egiteko eguneratuta izatea, etengabeko formakuntzan gaude irakasleok, eta horixe bera ikasleei transmititzen saiatzen gara. Ikasketak ez dira amaitzen, ikasketak jarraipena dute.

J.O. – Zer esanik ez, iraultza berriari begira jarrita gaudelako, 4.0 izenekoari.

Nola bideratzen duzue hizkuntzen trataera

A.U. – Liburuetatik edo apunteetatik ikasten zuten ikasleek lehen. Erronken metodologian Ikaslea orain informazio bilketarako internetez eta espezializatutako aldizkarietatik hornitzen da. Bertan jasotzen dituen edukiak barneratu bezain pronto aplikatzeko asmoan murgiltzen da, proiektu bihurtzeko ahaleginean. Materiala bildu, barneratu, garatu eta moldatu egingo du etaparen edo zikloaren arabera, eta hizkuntza batetik bestera pasako da naturaltasunez.

J.I.M. eta J.O. – Mekanikan ibilbidea dago euskaraz egina; robotikan, aldiz, oraingoz ezer gutxi; baina gure ikasleak hiru hizkuntzatan mugitzen dira.

I.G.S. eta Lizar Irazusta – Hezkuntzan errazagoa da guretzat euskaraz aritzea, baina horrek ez du kentzen beste hizkuntzatan ere ibiltzea. Zenbait arlotan (osasun munduan, adineko zaintzan, kirol munduan eta abar) euskararen eskakizuna asko gehitu da, gizarteak euskal profila duen langileak eskatzen dituelako. Hori horrela gure egitekoa da maila txukuna ziurtatzea, eta hiru hizkuntzatan lan egiteko habetara heltzea.
 

Zuzendariak zaratenez, zer mezu emango zeniekete ikasle eta familiei?
Lanbide Heziketa irtenbide egokia eta oso erakargarria da gure ikasleentzat. Batetik, Erdi Mailatik sartuz gero, familia aukeratzeko lehentasuna dutelako; baita Goi Mailara eta Unibertsitatera joateko ere, lehentasuna eta bide zuzena baitute. Ikasleen heldutasunari eta lan-eskarmentuari dakarkien onura nabarmena da, eta hala onartzen dute lan-merkatuko kontratatzaileek, inkestek diotenez.

Zoritxarrez batzuentzat oraindik Lanbide Heziketa aipu gutxiko ikasketak izan arren, zorionez lan munduak eta enpresek guztiz kontrakoa baloratzen dituzte, balio handikoa direlakoan. Esan dezakegu hori dela guretzat altxor; errealitatea termometroarekin neurtuz gero, tenperaturarik onena.

Elkarrizketako Izenak
Ana Monge,
Inmakulada Lanbide Ikastola; Josu Orbe, Txorierri Politeknika Ikastegia; Aitor Urkidi, Arizmendi Ikastola; Lizar Irazusta, Zurriola Ikastola; Jose Ignazio Martija, Oteitza Lizeo Politeknikoa; Fernando Garridos, Harrobia Lanbide Ikastola; Iker Gomez de Segura, Ibaizabal Ikastola eta Iban Tikoipe, Bernat Etxepare Lizeoa.

 

 

 

 

ikastola 238
2020 Maiatza
238