Orain artekoa
Egoera berrira egokitu gara
Koronabirusak eragindako krisia hasi zenetik gaur arte kolektibo bezala hartutako bidea eta egindakoa
Ikastolen Elkartearen eta ikastolen arteko hartu-emana, koordinazioa eta elkarlana gakoak izan dira.
Koronabirusak eragindako krisia hasi zenetik gaur arte kolektibo bezala hartutako bidea eta egindakoa
Pandemiak goitik behera aldatu du ikastolen egiteko modua, goizetik gauera. Oso denbora gutxian erreakzionatu behar izan dute ikasleen ikasketa prozesuak etenik izan ez zezan. Ikastolen Elkartearen eta ikastolen arteko hartu-emana, koordinazioa eta elkarlana gakoak izan dira hau guzti hau aurrera ateratzeko.
Bilera, proposamen eta erabaki asko hartu ditugu elkarrekin oso epe laburrean, baina guztiak bide onetik joan dira. Gainera, hartutako erabakien inpaktua neurtu eta beharrezko doikuntzak ere egin dira eta egiten jarraitzen dute. Lerro hauetan etapaz etapa eta etapaz gaindi egin diren urratsak azaltzen ditugu.
Haur Hezkuntza
Kontutan hartuta suertatu den egoera berezi honek adin tarte honetako haurrengan duen eragin emozionala, haurrarekiko gertutasuna eta familiekin harreman estua eta elkarlana bermatzea izan dira ikastoletako erronka eta helburu nagusiak. Horretarako hainbat baliabide eta estrategia landu dituzte: telefono deiak, bilera birtualak, ipuin kontaketak, abesti saioak... haurrek bere erreferentearen irudia eta ahotsa ikusi eta entzun ahal izateko; gurasoei denbora pasatzen laguntzeko zenbait baliabide; gelan landuko liratekeen zenbat gai etxean lantzeko materialak, ideak…
Egoera zail honen aurrean, hIZAN erreferenteen sarea baliatu da ikastolekin harreman zuzena mantendu eta joan etorri horretan elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko. Ikastolen Elkarteko zonaldeko arduradunak banan banako elkarrizketak izan dituzte ikastola bakoitzeko erreferentearekin, ikastolaren martxa ezagutu eta izan ditzazketen beharrak jasotzeko. Egoera honetan ikastolak nola antolatu diren jakin nahi izan da, familiekin harreman estu hori nola ari diren zaintzen, ze baliabide jarri dituzten familien eskura eta zein partekatu ditzakegun ikastolen artean. Ikastolekin banan banako harremanaz aparte eskualdeko mintegiak ere egin dira ikastoletako erreferenteek beraien artean kezkak, zalantzak eta esperientziak partekatzeko. Era berean, Ikastolen Elkartetik ere zenbait baliabide jarri dira beraien eskura.
Harreman estu hau posible izan da azken urteetan egin den ezagutza sareari esker. Ikastolek asko eskertu dute halako guneak izatea, aholkuak jaso, kezkak partekatu eta esperientzietatik ikasteko. Oso ondo baloratu da denen ahalegina.
Lehen Hezkuntza
Lehen Hezkuntzako hasiera zikloari begira, ikastoletako erreferenteekin bideokonferentzien bidez bilerak burutu dira. Bi helburu nagusi zituzten bilera hauek: batetik, irakasleekin harreman zuzena mantentzea orain arte bezala, eta bestetik, ikastola bakoitzak COVID-19 birusaren pandemiaren aurrean hartutako erabakiak eta dituzten beharrak jasotzeko. Aste Santuko oporren ondoren, banan banako elkarrizketak izaten ari dira ikastoletako erreferente guztiekin, azken hiruhilekoari begirako kezkak eta beharrak partekatzeko.
Alderdi emozionala zaintzeak duen garrantzia kontuan hartuz, familiekin harremana bikoiztu egin da: gurasoekin eta umeekin etengabeko komunikazioa lehenetsi da, lasaitasun mezuak emanez, garrantzitsuena zerbait egiteko gogoari eustea eta ondo eta lasai egotea dela transmitituz, familiekin, ikasleekin eta irakasleekin komunikatzeko, gertutik erantzuteko eta bertan izateko bide guztiak zabalduta edukiz eta Ikasle- familia batzuetan, beharrak kontuan izanik, telefonoz laguntza eta jarraipen handiagoa eskainiz.
Era berean, baliabide digitalak eskaini ditugu, direla joko aplikazioak, edo irakurketa-ulermena lantzekoak, lan koadernoak, eguneroko jarduna erregistratzeko egunerokoak...
LHko 4, 5 eta 6. mailetarako, aurrez aipatutako jarraipena egiteaz gainera, EKI ikasmaterial eta lan koaderno digitalak ikastola guztien esku jarri dira, eta orain arte erabiltzen ez zituztenei prestakuntza saioak eman zaizkie.
KiVa etxealdi garaian
Etxealdia ez da aitzakia izan eskola jazarpenari aurrea hartu eta aurre egiteko KiVa programa ez erabiltzeko. Aitzitik, doitu egin da, bereziki ziber eraso aukerei arreta handiagoa jarriz, eta hori aurrera eramateko zenbait iradokizun helaraziz: irakasleak ikasleak erabiltzen ari diren aplikazioei arreta jarriz, familiak ere bai; ikasleei nahiz familiei jazarpen kasu baten aurrean nola jokatu adieraziz; ikasle zaurgarrienei jararraipen bereziak eginez...
Bigarren Hezkuntza
Azken ikasturteetan digitalizazioan egindako urratsak oso baliagarriak izan dira egoerara egokitzeko. Baliabide digital guztiak zerrendatu eta era zabal batean ikastolei eskaintzeko aukerak aztertzea izan zen lehen lana.
Ikastolekin batera ikasle bat dispositibo bat bermatzea izan zen lehen egitekoa. Horretarako, ikastolek dispositiboak ikasle guztiek zituztela bermatu ondoren, konektibitatearen arazoari ekin zion Ikastolen Elkarteak.Euskaltelekin hitzarmena egin, eta konektibitatea lortzeko mifi aparailuak eskuratu ziren, ikastolen beharren arabera, eta aparailu horiek ikastoletan banatu ziren.
Bigarren Hezkuntzarako Ikastolen Elkarteak dituen EKI liburu eta koaderno digitalak, bai Ikasgunen bai Alexiaclassroomen eskuratzeko prozesua ere martxan jarri zen.
Erabiltzaile berrientzat material horiek erabiltzeko formazioak eskaini ziren, Ikastolen Elkarteko plataformen oinarrizko ezagutzak jasotzeko. Horrez gain, eskuragarri jarri ziren Bigarren Hezkuntzarako beste hainbat euskarri digital: eleanitz, science…
Azkenik, hezkuntza online bideratzeko interesgarriak ziren hainbat tresnaren formazio saioak bideratu dira. Oso harrera ona izan dute saio hauek, eta irakasle ugarik hartu dute parte.
Prestakuntza
Ahaztu ezineko esparru honetan ere egoera berezi honek eragin itzela izan du. Ikasturtean zehar izaten ditugun mintegi eta prestakuntzen ehuneko handi bat modu presentzialean egiten dira, izan Ikastolen Etxean, beste gune batzuetan edo ikastolan bertan ere. Duen garrantzia kontutan hartuta, erantzuna ere halakoa izan da.
Teknologiak egoera honetan hartu duen lekua eta guzti horrek profesional, ikasle eta familiengan izan duen eragina kontutan hartuta, zenbait prestakuntza antolatu dira. Bideo konferentziak egiteko tresnen inguruan, on-line ikaskuntza plataformen inguruko beste zenbait, digitalizatutako ikasmaterialen ingurukoak... Honek asko lagundu du egoera berri honetara egokitzen eta aurrera egiten. Esan behar da oso harrera ona izan duela eskaintza honek, bai parte-hartzeri (250 lagun batezbeste) zein balorazioari dagokienez.
Era berean, ikasturte honetan aurreikusita genituen mintegi eta prestakuntzen irakurketa bat egin da modu egoki batetan amaiera emateko.
Bide batez esan, egoera honek aukera berriak ere ekarri dizkigula ikasteko eta familia, profesional eta ikasleei begira prestakuntza, hitzaldi formatuko eskaintza bat, prestatzen ari garela hurrengo hilabeterako.
Lan arloa
Martxoaren 17ko EAEko ikastolen lan hitzarmeneko Mahaian argi adierazi zitzaien sindikatuei bizitzen ari ginen larrialdi egoeraren testuinguruan ziur ginela salbuespen egoerak, besteak beste, ondorio ekonomiko latzak ekarriko zizkiola gizarteari eta, hedaduraz, ikastoloi ere, baina argi genituela zeintzuk ziren Ikastolen Elkartearen lehentasunak.
Horietako bat langileen segurtasuna eta osasuna bermatzea zen. Horren baitan, langileei, ahal zen neurrian, etxetik lan egiteko gomendioa zabaldu eta bultzatu genien, beti ere ikastolak “zabalik” izanik familiei eta ikasleei bermatu behar zaien hezkuntza zerbitzua emateko.
Beste lehentasunetako bat langileen lanpostuak eta lan baldintzak eta ikastolen egonkortasuna bermatzea zen. Berehala jabetu ginen gure ikasleak konfinamendu egoeran izanik, ezinezko izango zirela ikastolek eskaintzen zituzten zerbitzu gehienak ( garraioa, jangela, txikien zaintza, eskola kanpokoak, ..) eskaintzen jarraitu ahal izatea. Horregatik, zerbitzu horiek bete ezin zituzten langileen kasuan, gutxienez ikasturtea bukatu arte ikastolek guztien lan baldintzak eta kontratuak mantentzea bermatu beharko zituzketela proposatu zen, eta, ondorioz, bizi genuen ezinbesteko kausagatik Aldi baterako Enplegu Erregulazio Espedienterik (ERTE-rik) ez egitea eskatu zitzaien ikastolei, baldin eta ERTEa ez bazen lan baldintzak betetzeko helburuarekin erabiltzen. Labur esanda, zerbitzuak eskaintzea ezinezkoa zen neurrian ikastolek ezingo zituzten zerbitzuetako kuota horiek gurasoei kobratu, eta lan baldintzak mantentzearen erabakiak ikastolaren bati egoera ekonomiko larria ekarriko balio soilik erabiliko zen ERTEa.
Eta esan beharra dugu zerbitzuetako langile hauekiko ikastolek egindako kudeaketarekin, emandako erantzunarekin, pozik gaudela ERTE bidea ezinbestean erabili duten ikastolek soldatak osatzeko konpromisoa hartu dutelako.
Aisiola Begirale Eskola
Aisiola Begirale Eskola egokitu egin dugu. Ikastaroa on line bidez eman ahal izateko homologazio prozesua jarri da martxan Lanbide erakundearen aurrean. Egia da aurretik egindako lanak erraztu egin duela prozesua. Lanbidek onartu egin du aurkeztutakoa, eta horri esker, 450 ikaslek baino gehiagok jarraitu ahal izango dute Begirale ikastaroko atal teorikoarekin.
Atal praktikoarekin zer gertatuko den argitzeke dago. Izan ere, momentuz Lanbidek mantendu egiten du 160 orduko modulu praktikoa egiteko bete beharra, eta zalantza dago praktikaldi hauek udan egiterik izango duten, ez baitakigu gaur gaurkoz udalekurik antolatu ahal izango den, eta zenbat antolatu ahal izango ditugun.