Zangozako Ikastola
Gure aiton-amonen esperientzia, jakituria eta sosegua baloratuz
Udaletxeko Kultur zinegotziaren bidez etorri zen proposamena
Hezkuntza inklusiboarekin, integralarekin eta baloreetan oinarritutako izatearekin bat dator.
Udaletxeko Kultur zinegotziaren bidez etorri zen proposamena eta ikastolak enbidoari poztasunez erantzun, hezkuntza inklusiboarekin, integralarekin eta baloreetan oinarritutako izatearekin bat zetorrelako. DBH-4ko ikasleek Zahar Egoitzako Rosario, Anita, Mariano, Antonia eta Maria Pilar aiton-amonak elkarrizketatu dituzte, belaunaldi ezberdinetako bizitza eskarmentua elkar banatuz. Oso aberasgarria!
Gure aiton-amonak esperientziaren, jakituriaren eta soseguaren ikur izan dira, gizartearen barnean betidanik errespetua merezi izan duten ezaugarriak. Hala ere, azkeneko hamarkadetan gizartean eman diren aldaketak direla eta, batez ere familiari dagokionean, hauek errealitate berriari moldatu behar izan dira. Egoera honetan, askotan, gure adindunek familian izan duten sostengua galdu eta zaharren egoitzetara jo behar izan dute. Hau gertatzen denean giza harremanak, familiakoak eta belaunaldi artekoak galtzen dira. Era berean, gaztediarentzat elementu afektibo eta erreferente garrantzitsua desagertzen da.
Gure adindunekiko errespetuzko kultura bat bultzatu eta berreskuratu nahian egitasmo honetan parte hartu genuen. Honekin adindun eta gazteen arteko hurbiltze bat lortu genuen bi belaunaldi desberdin hauen arteko esperientzia eta ezagutzak elkarbanatuz.
Belaunaldien arteko tailerra gauzatzeko ideia bere sorreran Zangozako Udaletxeko kultur saileko zinegotziaren proposamena izan zen. Ikastolak bere oniritzia eman zion ikaslegoarentzat aberasgarria izango zelakoan eta ikastetxe honetan eskaini nahi dugun hezkuntza inklusiboarekin, integralarekin eta baloreetan oinarritutako izatearekin bat zetorrelako.
Tailer hau nola aurrera eraman behar zen zehazteko bilera bat burutu zen eta bertan Zangozako Udaletxeko kide batek, Zaharren Egoitzako arduradun batek eta ikastolako bi ordezkarik parte hartu genuen. Bertan, ikastolak bere proposamena azaldu zuen: Zaharren Egoitzako aiton-amon batzuei elkarrizketa ezberdinak egingo zitzaizkien gai desberdinei buruz beren bizitza eskarmentua elkar banatzeko.
Elkarrizketa hauetan egin behar ziren galderak aurrez Zaharren Egoitzako arduradunak berrikusteko aukera izan zuen bere adostasuna lortze aldera. Bertan honako gaiei buruzko gainbegirada edo errepaso bat egiten zen: haurtzaroa eta garai honetako jolasak, eskola, festak eta ospakizunak, nola biltzen ziren bikotea aurkitzeko garaian, berdintasunaren gaian eman diren aldaketak eta lorpenak, egoera politikoaren azterketa, Gerrate Zibilaren inguruko gogoetak, gerraostea... Interesgarria izan zen denboraren poderioz eman diren aldaketen inguruko esperientziak eta iritziak elkar banatzea.
Laugarren DBHko ikaslegoak egin zituzten elkarrizketak bost izan ziren. Gure esker guztia: Rosario, Anita, Mariano, Antonia eta Maria Pilari elkarrizketa hauek egiteko prest azaldu zirelako. Era berean, azpimarratu behar dugu Vanesak, zaharren egoitzako ordezkariak, izan zuen inplikazioa eta egin zuen lana momentu oro guztia ongi atera zedin.
Oso hunkigarria izan zen elkarrizketak egiteko garaian aiton-amonek azaldu zuten urduritasuna. Hasieran ziurgabetasuna adierazten zuten galderak erantzuteko garaian zailtasunak izango zutelakoan. Garaia iritsi zenean ordea, oso bestelako jarrera izan zuten, beraietako gehienak inongo lotsarik gabe guztiari buruz hitz egin ziguten zehaztasun osoz. Era berean, kuriosoa izan zen zeinen dotore agertzen ziren hizketaldira grabatuak izango zirela jakitean. Beste alde batetik, oso aberasgarria izan zen ikasleek egin zituzten hainbat komentario eta batzuek azaldu zuten eskerra eta asebetetzea elkarrizketa hauen ondoren.
Ikastolak tailer honekin, Rosario, Anita, Mariano, Antonia eta Maria Pilarren esperientzia eta ezagutzen elkar banatzearekin, gure ikasleen heziketari begira atal osagarri bat lantzea nahi izan du. Modu berean, belaunaldien arteko errespetu eta tolerantzia bezalako baloreak transmititu nahi izan dizkiegu belaunaldi berri hauei. Espero dezagun neurri berean lortu izana.
Parte hartu duten ikasleak honako hauek izan dira: Iker Trebol, Lidia Indurain, Ander Languiz, Saul Rebolé, Mikel Segurola, Julen Abaurrea, Iratxe Itoiz, Oihane Iriarte, Nahia Lacasa, Ainhoa Aranguren, Irati Larrán, Aitor Ibañez, Roberto Asurmendi, Jon Turrillas eta Adur Migueliz. Elkarrizketatutako aiton-amonak: Anita, Rosario, Antonia, Mariano eta Mª Pilar. Vanesa izan da Zahar Egoitzako lankide fina, asko lagundu duena.