Txantxiku, Aranzadi eta Beskoitzeko Ikastolak
Beskoitzeko ikastola berria eraikitzeko, elkartasuna bizi-bizirik!
Oñati, Bergara eta Beskoitze
2013an sortu zen, dagoeneko 39 ikasle ditu.
Beskoitzeko ikastola berria eraikitzeko, elkartasuna bizi-bizirik!
2013an sortu zen, dagoeneko 39 ikasle ditu. Lursail bat topatu eta ikastola berria eraiki nahi dute, modulu prefabrikatuak atzean utzi, hezkuntza-espazio egokiagoa sortzeko. Laguntza eskatu, eta berehalako erantzuna jaso dute Txantxiku eta Aranzadi ikastoletatik kontzertua eta lasterketak antolatuz. Elkartasuna mundiala izan da.
Noticias de Gipuzkoan irakurri dugu
OÑATI - Beskoitze Lapurdi ipar-ekialdeko udalerria da, 2.700 biztanle ingurukoa. 2013. urtean sortu zuten ikastola, geroz eta frantses hiztun gehiago dagoen eremu horretan euskararen iraupena bermatzeko tresna gisa. Hiru ikaslerekin eta etxe partikular batean hasi zuen bere ibilbidea, eta gaur egun Ahurti, Bardoze, Beskoitze eta Urketa herrietako 39 ikasle batzen ditu ikastola honek. Eraikin prefabrikatuetan ikasten dute, baina lekua txiki geratu da.
Testuinguru honetan, Oñatiko Txantxiku eta Bergarako Aranzadi ikastolak elkartu dira Lapurdiko Beskoitze ikastolaren aldeko elkartasun keinua egiteko, eta horretarako, bi ekintza antolatu dituzte.
"Auzolana da gure ikastolaren oinarria. Gurasoek sortu genuen eta bere kudeaketa osoa gure esku dago. Aturri bazterrean euskararen egoera larria bada ere, gurasoek tinko eusten diogu gure nahiari, eta azpimarragarria da momentu honetan Beskoitzeko ikastola osatzen dugun 29 familiatik 17 erabat erdaldunak direla. Hala, ikastolak inguruko familiak euskalduntzeko helburu finkoa du", azaldu zuen atzo Haritza Camblong gurasoak Txantxiku ikastolan egindako aurkezpenean.
Beraz, erronka berri baten aurrean daude 2013az geroztik ikastolak izan duen hazkundea kontuan hartuta. Lursail bat topatu, erosi eta ikastola berria eraiki nahi dute, modulu prefabrikatuak atzean utzi, hezkuntza-espazio egokiagoa sortzeko.
Proiektu hau aurrera eramateko laguntza ekonomikoa behar dute. Txantxiku eta Aranzadi ikastolek egitasmo honi bultzada bat ematea erabaki dute, eta helburu honetara iristeko hainbat ekintza prestatu dituzte.
Lehena, Oñatiko San Migel parrokian kontzertu ederra, Pantxoa eta Ugo Carrere, Iñaki Dieguez, Marie eta Pantxix Bidart, Mattin Lerissa, Mixel Ducau, Maialen Errotabehere, Iñigo Arrazola, Juan Valls eta Ander Etxaniz abeslari eta musikariekin batera, baita Beskoitzeko eta Txantxiku ikastoletako haurrak eszenatoki gainean.
"Manex Pagola Nafarroa Behereko idazle, abeslari eta politikari zenaren omenezko kantaldia izan da. Besteak beste, Urtxintxak euskal abesti ezagunaren egilea da Pagola, nahiz eta Pantxoa eta Peio bikotearen moldaketak egin zuen bereziki ezagun. Hain zuzen, Baionako ikastolako sorrerari lotua dago kantua", adierazi zuen Txantxikuko guraso elkartearen presidente den Gema Bikuñak.
Bigarrena, Otsailaren 7koan, Beskoitzeko ikastolaren alde egingo dute korrika. "Elkartasun-dortsalak soinean, Bergara eta Oñatiko kaleak zeharkatu dira euskara hauspotu eta beharrezko proiektu honi sustengua emateko", nabarmendu zuen Aranzadi Ikastolako zuzendari den Agurtzane Loidik.
Oñatin, Haur Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek hartu dute parte goizeko krosetan. Lehen Hezkuntzakoak 17.00etatik aurrera, Herriko plazan hainbat ekitalditan egon dira: marrazki-margoketa, globoflexia, txosna jan-edanarekin... Bergaran, ordea, maila guztietako ikasleek goizez zein arratsaldez korrika egin dute. Seminarioko patioan ekintza desberdinak jarri dituzte martxan: elkartasun-kutxa, jolas dinamikoak, pintxoak eta musika, besteak beste.
Elkartasuna bizi-bizirik!!