IKASTOLA 237 > erreportajeak > VII. BATZARRA, hurrengo hamarraldiari begira

Ikastolen mugimendua

VII. BATZARRA, hurrengo hamarraldiari begira

Otsailean abiatuko da prozesua, eskualdez eskualde egingo diren lehen bilerekin

Hurrengo hamarraldian egin beharreko urratsak aztertu eta erabakiak hartuko dituzte bilkura horretan.

Gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskaerak aztertu eta haiei erantzuteko, hezkuntza sisteman erreferente izaten eta gizartean eragiten jarraitzeko eta biharko munduan ikastolak egoki kokatzeko egingo duten VII. Batzarra prestatzen hasi dira ikastolak. Hurrengo hamarraldian egin beharreko urratsak aztertu eta erabakiak hartuko dituzte bilkura horretan.

Hamar urte bete ziren, 2019ko ekainean, Euskal Herriko Ikastolek VI Batzarra gauzatu zutela. Tarte honetan jendartean aldaketa sakonak eman dira, hezkuntzaren eta eskolaren eginkizuna berrikusten ari da eta berritze etengabearen beharrean dago. Egoera honek berariazko geldiune bat egitea eskatzen duela uste dute ikastolek,  azken hamarkadan egindakoaz balorazioa egin eta etorkizunera begira jartzeko. Ikastolen mugimendua osatzen dutenek gogoeta egin behar dute XXI. mende honen bigarren/hirugarren hamarkadarako euskal jendartearen eskariez, “eta haiei erantzuna ematen saiatu behar dugu”, Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak ikastolei helarazi dien mezuan argitzen denez; “Ikastolen mugimenduak Euskal Herriko jendarteari egin behar dion ekarpena erabaki behar dugu”.

Azken 50 urteotan ikastolen mugimendua erreferentzia izan da Euskal Herriko hezkuntza sistema desberdinetan. “Gure eragiteko gaitasunak bere horretan jarrai dezan eta gure xede zein ikuspuntuak gauzatzeko, mugimendu honen etorkizunak sendoa izan behar du”, dio Artezkaritza Kontseiluak.

VII. Batzarrarekin amaituko den prozesuari hasiera emateko dokumentu bat osatu dute, eta Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluan onartu da. Dokumentu hori ez da ponentzia bat, eta ez du ponentzia izateko asmorik, kokapenerako dokumentu bezala ulertu behar dela, dio Ikastolen Elkarteak.

Hiru atal ditu ikastolen esku utziko den dokumentuak. Azken hamarkadaren balorazio orokorra da lehen atalean azaltzen dena.  Bigarrenak egungo egoerari egiten dio aipamena. Etorkizunean aurreikusten den egoerak osatzen du hirugarren atala.

Otsailaren 11tik aurrera

Otsailean eskualdeetako aurkezpenekin hasiko da VII. Batzarraren prestaketa. Zehazki, otsailaren 11n hasiko dira aurkezpenok, Tolosan, eta martxoaren 31n amaituko. Astean hiru aurkezpen egingo dira. Eskualdeka banatu dira aurkezpenak: Nafarroan lau bilera egingo dira, Araban hiru, Gipuzkoan sei, Bizkaian bost eta Iparraldean bakar batean.

Aurkezpenei garrantzi handia eman nahi diote. “Gutxienez, Artezkaritza osoaren presentzia bermatzea nahi dugu, baita ikastoletako lantaldeetan parte hartzen duten pertsonak eta langile guztiak ere gonbidatzea. Aurkezpen horietan zenbat eta presentzia handiagoa izan, are eraginkorragoa izango da ikastola bakoitzean egingo den geroko eztabaida”.

Eztabaida edo gogoeta prozesu hau arrakastatsua izan dadin, mezuan irakur daitekeenez, “ikastolen mugimenduaren parte-hartze zabala gakoa izango da, eta Ikastoletako komunitatearen inplikazioa bilatu beharko dugu”.

Aurkezpen saioetan, Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak landu duen oinarrizko dokumentua azalduko zaie ikastolei. Ikastolen egitekoa, berriz, dokumentu hori abiapuntu gisa hartuta, Euskal Herriko Ikastolen VII Batzarraren eztabaidarako proposatu behar diren lehentasunezko gaiak hautatzea izango da. Hau da, Ikastoletako komunitateak hausnarketa eta eztabaidaren bidez, Batzarrerako gaiak zehaztu beharko ditu. “Dokumentuan jasotakotik abiatuta, eta bereziki hirugarren atalean arreta jarriz, bertan azaltzen diren elementuak baliagarri izango direla uste dugu ikastolek lehentasunezkotzat jotzen dituzten gaiak identifikatzeko”.

Eztabaidan erabiliko den metodologia ere lantzen ari dira, lehentasunezko gai horiek zeintzuk diren identifika daitezen eta gai bakoitzaren baitan elementu esanguratsuenak identifika daitezen. Metodologia horrek ikastoletako komunitatearen inplikazioa lortzeko eta eztabaida bera eraginkorra izateko bidea ere jorratuko ditu.

Helburu berarekin, ikastola bakoitzari eztabaida aurrera eramateko dinamizatzaile bat izendatzeko eskatu diote. Dinamizatzailearen zereginaren oinarrizko elementuak honako hauek izango dira: bere ikastolan eztabaida prozesua egiten dela ziurtatzea, eztabaida onartutako metodologiaren arabera egingo dela ziurtatzea, eztabaida dinamizatzea eta prozesuaren fase honetan Ikastolen Elkartearentzat erreferentziazko pertsona izatea.

Dinamizatzaileentzat formakuntza saio bat antolatuko da bere lana modu ahalik eta eraginkorrenean egiteko. Prestakuntza saioak martxoaren 2tik 5era egingo dira. Saio bana egingo dute lurralde bakoitzean, eta dinamizatzaile bakoitzak bere lurraldeko saiora bakarrik joan beharko du.

Lehenengo aurkezpenaren eta azkenaren artean ia bi hilabete igaroko direla kontuan hartuta, ekarpenak egiteko kronograma berezituak egingo dira. Ikastola bakoitzak epe bat izango du aurkezpenera joan zen egunaren arabera, irizpide hauek aplikatuz: dinamizatzaileak prestatzeko aldia (Martxotik 2tik 5era) baino lehen aurkezpenetara joan direnak apirilaren 3ra arteko epea izango dute. Gainontzekoek aurkezpena eta gero, hamar eguneko epea izango dute agiria jasotzeko, eta ondoren hilabete bat ekarpenak egiteko, hau da, aurkezpenetik hilabete bat eta hamar egun izango dituzte ekarpenak egiteko.

Epe zehatzik gabe

Gogoeta sakona eta parte hartzailea izan dadin, prozesuari beharrezkoa den denbora eskainiko zaiola adierazi du Ikastolen Elkarteko Artezkaritza kontseiluak: “Ez zaigu axola eztabaida prozesuak luze irautea”. Dena den, aurreikuspen moduko bat egin dute, eta Ikastolen VII. Batzarra 2020-21 ikasturtearen amaieran izango dela kalkulatu dute.

Ikastolei mezu baten bidez adierazitakoa ikastolen Lurralde Batzarretan ere aurkeztu da, baita iragan urtarrilaren 24an Altsasun egin zen Zuzendarien Mintegi Nazionalean ere. Gainera, Ikastolen Elkarteko langileei ere eman zaie VII. Batzarraren prestaketa prozesuaren berri. Ikastolen zerbitzura lan egiten dutenez, langileek ere prozesuan parte hartzea erabaki da, azken hitza, noski, ikastolena izango den arren.

“Ikastolak, orain eta gero”

Arestian aipatu bezala, 2009ko ekainean egin zuten ikastolek VI. Batzarra, “Ikastolak, orain eta gero” goiburuarekin. Orduan finkatu ziren hurrengo hamarraldirako helburuak, eta orduan osatu zen Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea. Duela hamar urte jarritako helburu guztiak ez dira bete, baina bai nagusiak. Bi garrantzitsuenak aipatzearren, erakundetzea eta Euskal Curiculumaren garapena ditugu.

Lehenbizikoari dagokionean, Ikastolen Elkarteaz gain, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea ere osatu dute ikastolek. Erakundetze honek kohesioa eta sendotasuna eman dio Ikastolen mugimenduari, eta elkartearen beraren egitekoak eraginkorragoak izan dira alor guztietan.

Euskal curriculumaren garapenak, berriz, eredu pedagogiko eraldatzailea eraman du ikastoletara, konpetentzietan oinarritutakoa, eta ikasmaterial berri eta berritzaileekin, ikastolek eta Elkar-ek sortutako Ikaselkar argitaletxearen bitartez.

Orain beste urrats bat egingo da VII. Batzarrarekin.

ikastola 237
2020 Otsaila
237