Garces de los Fayos Ikastola, Tafalla
50.urteurrena ospatzen hasita gaude
Frankismo garai beltz eta gordinean
Gure kopak ardoz ala kabaz beteko ditugu, baina batez ere harrotasunez beteko ditugu.
50.urteurrena ospatzen hasita gaude
Duela 50 urte, frankismo garai beltz eta gordinean, guraso talde ausart batek eta zortzi ikaslek “Tafallako Ikastola” proiektuari hasiera eman zioten, San Severino zahar-etxeko gela huts batean.
Sortzaile haietako batzuk joan zaizkigu, eta beste batzuk gaur egun birraitona-amona “gazteak” dira. Zortzi ume haiei ilea zuritzen hasi zaie eta seme-alaba nerabeak dauzkate. 50 urte, mende erdi bat! Eta hemen gaude, hamaika kritika, oztopo eta zailtasun gainditu ondoren, sekula ez baita erraza izan haizearen kontra joatea. Gure proiektuak gazte, erakargarri eta kementsu izaten jarraitzen du eta heldutasunez, konfiantzaz eta adorez XXI. mendeko erronkei aurre egiteko prest dago.
Egun batean amestu genuena, hirurogeiko hamarkadaren bukaeran sortu zen utopia, egia bihurtu dugu. Denon artean historia polita idatzi dugu, denetik duen historia: lana, poza, ahalegina, borroka, adiskidetasuna, asanbladak, barraka, Nafarroa Oinez, auzolanak, bazkariak...
900 ikasle baino gehiagok ikasi dute edo ikasten ari dira Ikastolan; 600 familia inguruk gure ikastetxearen alde apustu egin dute; 31 promozio eta 579 ikaslek bukatu dituzte euren ikasketak gurekin.
Nolako oroitzapenak! Batzuk banakakoak: zure seme-alaba aurreneko aldiz Ikastolara eraman zenuenean, txokolatezko opil gozo haiek, gelako irteera hura, barrakako tragoxkak, urte hartako inauteriak, ikasketak amaitu zirenean… Beste batzuk kolektiboak: lehenengo Nafarroa Oinez, 1986an (Oinez edo hegaz, beti euskaraz); bigarrena 1997an (Lan eta lan, auzolan); hirugarrena 2011n (Hamaika, 11n); legalizazioa, festetako barraka, asanbladak, auzolanak, Ikastolako jaiak, eraikin berriak...
Nolako lana egin dugun guraso nahiz langileok baita gurekin bat egin duten adiskideek ere, euskara bere bidea jorratzen has zedin merindadeko erderazko basamortuan!; hezkuntza ezberdina lortzeko, laikoa, modernoagoa eta parte-hartzaileagoa.
Hasieratik bertatik betiko klixeak hautsi nahi izan ditugu, pedagogia eredu berriak esperimentatu, proiektu berriak gauzatu, etengabeki hobetzeko. Ez da erraza izan, hezkuntza bera erraza ez den bezala; izan ere, faktore askok eragiten baitute. Horrexegatik gutako bakoitzak bere bizipenak ditu, bere balorazioa Ikastolako esperientziaren gainean eta, jakina, asebetetze maila oso ezberdina izango da. Hala ere, denok ados egongo gara 50. urteurren hau OSPATU BEHAR DUGULA! Zortzi familia sortzaile haiek merezi dute; eta OHOrako urratsa eman zuten guraso ausartek; baita Ikastolako partaideak izan garen guztiok ere, aita-ama, langile eta ikasle orok; ta, noski, euskarak ere, hainbeste maite dugun hizkuntzak, merezi du data hori ospatzea.
Horregatik 2019-2020. ikasturtean zehar hainbat ekintza antolatuko ditugu (datorren hilabetean kamiseta eta poloak salgai jarriko dira urteurreneko logoarekin, eta atera diren 31 promozioen argazkiekin egindako album digitala argitaratuko dugu). Heldu den urteko maiatza aldean egun berezia antolatu nahi dugu, Ikastolaren Eguna eta, nola ez ba, ekitaldirik garrantzitsuena bazkaria izanen da. Bertan Ikastolatik pasatu diren eta egun dauden guztiok elkartzea nahi dugu, egun ahaztezina igarotzeko. Hamaika anekdota eta une ahaztezin gogoratzeko aprobetxatuko dugu; lagun zaharrekin elkartzeko, kantatzeko, dantzatzeko… Gure kopak ardoz ala kabaz beteko ditugu, baina batez ere harrotasunez beteko ditugu, topa egiteko lortu dugun guztiarengatik, gainditu ditugun erronkengatik, Ikastolaren etorkizun itxaropentsuarengatik eta, jakina, urte hauetan joan zaizkigun lagun-senide guztiengatik.
Biba zuek! Gora Ikastola!