Kanboko eta Tolosako ikastolak
Urtetako lotura bi ikastolen artean, helburu zehatzekin
Xalbador Kolegioa eta Laskorain hurrenez hurren
Truke honetan, helburu linguistikoekin batera, badira kulturari loturikoak ere.
Urtetako lotura bi ikastolen artean, helburu zehatzekin
Elkar ezagutzea: Iparraldekoek Hegoaldea, eta Hegoaldekoek, Iparraldea. Hiru eguneko trukean, helburu kulturalekin batera, badira linguistikoak ere. Biziki esanguratsua izaten da 12 urteko ikasleentzat zinez euskaraz bizi diren gazteak badirela ikustea, eta Euskal Herrian euskaraz bizitzea zilegi den ingurunerik badela ezagutzea, nahiz eta hizkera molde ezberdinekoak izan!
Hainbat urte pasa dira Kanboko Xalbador (Kanbo) kolegioko eta Laskorain ikastolako DBH lehen mailako ikasleen artean hiru eguneko trukea egiten dugula: batetik, gure ikasleek Iparraldea ezagutzeko parada izaten dute, eta, bestetik, haiek Hegoaldea ezagutzekoa.
Truke honetan, bistan da, helburu linguistikoekin batera, badirela kulturari loturikoak ere. Honela, euskararen hizkera molde desberdinak entzuteko aukerarekin batera, beste herrialde bateko bizimoldea ezagutzekoa ere izan ohi dute gaztetxo hauek.
Horrekin batera, euskararen egoera soziolinguistiko minorizatuaren kontzientzia hartzeko ere esperientzia paregabea izan ohi da. Gure ikasleak, ohiko ingurunetik atera eta ohartzen dira eurentzat hain naturala den euskaraz bizitzea ez dela homogeneoa lurralde guztietan. Zentzu horretan, ikastolan curriculumaren baitan eta, bereziki, Euskaraz Bizi proiektuan egiten den lana zentzatu egiten da gaztetxo hauengan. Iparraldeko ikasleek ere ateratzen diote etekinik esperientzia honi. Haietariko zenbaitentzat biziki esanguratsua izaten da zinez euskaraz bizi diren gazteak badirela ikustea eta Euskal Herrian euskaraz bizitzea zilegi den ingurunerik badela ezagutzea.
Horrenbestez, bistakoa da bi lurraldeetako ikasleak onuradun ateratzen direla truke honetan.