IKASTOLA 237 > ikastolak > Zorionak Jaso, 40 urte Iruñean hezkuntza eraldatzen

Jaso Ikastola, Iruñea

Zorionak Jaso, 40 urte Iruñean hezkuntza eraldatzen

Atzera begirako ibilbidea oparoa izan bada, etorkizunean halaxe jarraituko dugu.

1980ean sortu ginen Etxabakoitz auzoan, Mendebaldeko auzora 1999an etorri arte.

Zorionak Jaso, 40 urte Iruñean hezkuntza eraldatzen

1980ean sortu ginen Etxabakoitz auzoan, Mendebaldeko auzora 1999an etorri arte.
Atzera begirako ibilbidea oparoa izan bada ere, etorkizunean horrela jarraituko dugu, 680 ikasle, 427 familia osatzen baitugu ikastola. Edukietan oinarritutako hezkuntza ereduetatik haratago, gure metodoa konpetentzien garapenean oinarrituta dago, norbanakoaren gaitasunean, esperientzia errealetan eta pertsonaletan.

“Historia txiki baten harian” liburua idatzi zuen Jesus Atxak duela 15 urte, Jaso Ikastolaren historia gogoratuz. Datu asko bilduz osatu zuen Nafarroako egoera nolakoa zen ulertzeko, eta zeinen ahalegin handia egin zuten San Fermin Ikastolari anaia bat eskainiz Iruñeako ingurunean.

Aipatutako liburutik jaso ditugu (91.orrialdean) Lekutze Kontuak:
“Eraikuntzen erosketa-negoziaketak aspaldidanik zeuden hasiak “Unión Latina de Nuestra Señora de la Caridad” izeneko monjekin.
Izenaren neurrian joan behar diruak ere eta 50.000.000 pezetatan baliotzen zuten 7.033 metro karratuko lur-saila eta bi eraikuntza; bata “Sarasaren” txaleta deitua eta bestea neska-ikasleen egoitza izana”
Halakoetan ohi denez, elkarrizketak luzeak eta kontrako jarrera bat baino gehiago gainditu behar izan zen beti ere erlijiosoen aholkulari zen legegizonaren aldetik.
Lau monja zeuden bakarrik, hiru bizkaitar eta euskaldunak, adinez malda behera zetozenak eta bat arabarra, euskara-ikasle, gazteena.
Ezin abegi hobeaz hartuak izan ziren monjen aldetik Ikastolaren xedeen berri ematera, erosketa egin asmotan agertu zitzaizkien gizon bedeinkatu haiek, baina Ikastolarekiko senti zezaketen ongi-nahiaren gain, bazuten beste arrazoirik Jainkoak bidalitako aingeruak legez hartuak izan zitezen.
‘Katanga’ deitzen zitzaion Etxebakoitzeko inguruneari eta monja doakabeak, beren gelak ongi giltzatuz estu eta larri, dardarka, igarotzen zuten gau asko, etxe barnean zehar lapurrak eta mozkorrak bereak burutzen aritzen ziren artean eta bidea ikasia, gustukoa izanen zitzaien hauei gero ere Ikastolara, noiz behinka kukuka ikustalditxoren bat egitea.

Bestela ere, egiatan, lekua ez zen bukolikoa. Eraikuntzaren ongi-ondoan, hormaz-horma, ‘Sander’ pentsu fabrikaren egundoko bi silo usaina dariola; aldamenean ‘Karmelita’ erlijiosoen komentua; aurrean Lizarrarako errepide nagusia gurutzatuz ‘INQUINASA’ Kimika lantegia. Ez zen ez, erakargarria. Apur bat disimulatzeko hamarren bat zuhaitz eder zeuden, intxaurrondo eta indigaztaina mardulak, ikastolaren jolas-lekuan.
Batean Goi-apezpikuaren oniritzia zela, bestean erlijiosoen nagusia frantsesa, bai-ezean luze jardun ondoren, Ikastolaren beharretara egokitzeko gehitu beharko zuten dirutza kontuan hartu gabe, monjen egoitza eta txaletak erosteak berrogeita hamar milioiko inbertsio putzuan sartzea zekarren, %10eko korrituaz.

Aipatutako liburuaren aurkezpenean, 7.orrialdean, ikasle ohi batek idatzitako testu esanguratsua irakurri dugu:
“Ikastolako putzu zahar hura. Huraxe bai biltokia inon izatekotan, zilindrikoa zen, harriz egina, ahoa porlana leunduaz estalita zuena, udan bero beroa eta neguan arront hotza. Behiala, txirrikak zintzilik behar zuen agerian zituen hiru beso berde haietatik. Oso bakanetan baizik ez zegoen jenderik gabe, eta, seguru nago Ikastolan ibilitako neska-mutil guzti-guztiak, inoiz, putzura igo direla, kromoak aldatzera, solas egitera edota etsaien erasoetatik babestera, gotorlekua bailitzan.

Putzua gure aterpea zen, ‘etxea’. Artean koxkortu gabeko neskattiko-muttikoak ginela, guretzat putzua ez zen trabarik gabeko kontua; bazuen nola halako arriskua eta, ahaleginak egin behar izaten ziren edota trebeziaz jokatu hartara igotzeko. Ikastolan hobekuntza lanak egin ahala, ordea, (zola puska bat birasfaltatu, besteren bat egokitu) lurraren maila, poliki poliki, igotzen zoaien, eta gure putzua gero eta eskurako genuen. Jakina, gu ere gora gindoazen, gero eta kozkorrako; putzuaren ondoan hazitzen ginen.

1980-2020, 40 urte pasa dira orduz geroztik… Baina aipatutako liburu-aurkezpenaren azken parrafoa idatzi nahi dizuegu, gaur gertatzen ari denarekin ba duelako gertutasunik, Iruñeako hiri handi horretan… “Gizatasunez betetako liburua da: gizon emakume euskaldunen bizipozak eta penak, alegrantziak eta arrangurak, pasadizoak eta oroitzapenak aldatu baitu orriotara. Azken buruan, gizon emakume horiek, eginahalean, ari dira zinezko konpromezuari lotuta, hots, bizkar gain dute herri baten hizkuntzaren babesa eta sustapena”

1999an eta 2008an antolatu zituen Jaso Ikastolak bi Nafarroa Oinez-ak, ikastolaren beharretarako hain funtsezkoak izan ziren jaiak. Etorkizuna bermatua du goieneko unean, gaurko eta biharko ikasle-herritarra pertsona bezala bere osotasunean hazten.

 

ikastola 237
2020 Otsaila
237