IKASTOLA 237 > ikastolak > Europako adin bereko ikasleekin elkarlanean

Itxaropena Ikastola, Trapagaran

Europako adin bereko ikasleekin elkarlanean

Talde txikitan mugitzen dira, herrialde bakoitzeko 6 ikaslerekin bider 5 herrialde, 30 ikasle guztira.

Grezia. Alemania, Polonia eta Italiako DBH-3ko ikaslerekin batera.

Europako adin berdineko ikasleekin elkarlanean
Erasmus + proiektu bati esker, Giza-eskubideak gaiarekin; Grezia. Alemania, Polonia eta Italiako DBH-3ko ikaslerekin batera. Proiektua amankomunean lantzen ari dira, herrialde bakoitzeko ekarpenekin.

Grezian izan dute 1.topaketa, elkar-ezagutzeko balioduna. Hantxe finkatu zituzten proiektuaren oinarriak, “What´s left for human rights” izango dena, eta bi urtez iraungo duena. Helburua ez da herrialde bakoitzeko aurkezpen soil bat egitea, baizik eta elkarrekin lan egiteko aukera bideratzea: sortu, landu, partekatu eta zabaldu… konpetentzia guztiak martxan daudela ziurtatuta.

Talde txikitan mugitzen dira, herrialde bakoitzeko 6 ikaslerekin bider 5 herrialde, 30 ikasle guztira. Baina gela guztiek parte hartzen dute aurretik eta ondorengo gogoeta eta lanarekin. Proiektu bana darama talde bakoitzak.

Bigarren topaketa Alemanian izan zen. Talde bakoitzak hiruna argazki eraman behar zituzten euren herrialderekin,  giza-eskubideekin zer ikusia duena. Itxaropena Ikastolatik hiru erretratu hauek eraman zituzten:

La Habana untziaren argazkia. Gogora ekarriz 1936tik 1939ra zenbat umek eraman zituen Erresuma Batura, Flandesera, Errusiara…familiengandik urrunduta, bizi-babes bila… Ordukoa nola oraindik ere berdin gertatzen den gerra bizi duten herrialdetan. Aritz, ikastolako ikasle ohi baten ahotsean entzun zituzten Lesbosen bizitako esperientzia eta paralelismoa.

Bigarren argazkia, Bizkaiko Ezker aldeko ingurunearekin izan du lotura ikatz eta burni meatzekin. Eunate ikaslearen aittita-amama elkarrizketatu dituzte, orduko bizi eta lan-baldintzak eta gaurkoak zein ezberdin diren ezagutzeko balio izan duena.

Hirugarren erretratu tristea, 80.hamarkadako Bilbokoa, txuri-beltzean “Centro ciudad – Santander” bide-seinale baten idatzita, gainean norbaitek  eskuz euskaratu  du. Ikastolako hiru ikaslek aurkeztu zuten, ahoa tapatua zutela, ezin hitz eginez, txartelak erakutsi zituzten, euskaraz mintzatzearen debekua noraino iritsi zen azalduz, eta hizkuntza-eskubideak urratuz. Hain aurkezpen hunkigarria egin zuten non talde handiko emanaldi orokorrean berriz egitea eskatu zitzaiela. “Ohoreaz gain, interesgarriena izan da ikustea gure ikasleak zein harrotasunez aurkeztu diren euskaldun lez, zenbatetan euskaraz mintzatu diren euren artean, euskara bihotzetik sentituz… Sentitzen dute ingelesa interesgarria dela besteekin komunikatzeko; euskara gakoa dela euskaldun izateko” kontatu digu Guruzne irakasleak.

“Estrasburgotik gertu ginenez eta gure lan ildoa giza eskubideak direnez, Giza-Eskubideen Europako Auzitegira joateko baimena eman ziguten. Bertan Auzitegiaren sorreraz eta gaur egun betetzen duen lanaz jakin genuen. Gero Europako Parlamentua ezagutzeko gonbidapena genuen eta bertan egoitza bisitatuz gain, Legebiltzarreko Berde-kide batekin hitzordua izan genuen eta gure proiektuaz eta gure gaiaren inguruan beraiek duten lan ildoaz aritzeko aukera paregabea izan zuten gure ikasleek “

Hurrengo topaketa Trapagaranen izango da, hona etorriko direlako Euskal Herria eta bereziki Bizkaiko Ezker aldea ezagutzera. Ikastolan bete-betean ari dira une honetan topaketa antolatzen, “Local heroes” izango da topaketaren lan ildoa , herrialde bakoitzak bere inguruan begiratuko du eta giza eskubideen arloan aldaketak egiten edo egin duten pertsonak bilatuko ditu. Horren helburua da gure ikasleak konturatzea edonork egin dezakela aldaketa, ez dela urrun joan behar heroi horiek bilatzera eta beraien esku ere badagoela bidezko gizarte bat izatea. Elkartzen direnean horma-irudi handi bat osatuko dute herrialde guztietako ikasle guztien artean, elkarlanean. Oiartzunik izango du, inondik ere.

Datorren ikasturterako geldituko dira laugarren eta bosgarren txangoak, Poloniara eta Italiara egingo dituztenak. Horren berri izanen dugu aurrerago!

ikastola 237
2020 Otsaila
237