IKASTOLA 236 > ikastolak > 50.urteurrena ekitaldi hunkigarriz ospatuta

Ander Deuna Ikastola, Sopela

50.urteurrena ekitaldi hunkigarriz ospatuta

Aita-amekin eta langileekin osatutako batzorde bat ibili da lanean

Lan handia eta eskertzekoa egin dutena, benetan!

1968ko urrian Begoña Zabala andereñoaren eskutik, Sopela herriko elizpeko lokaletan, zazpi ikaslek eman zioten hasiera ikastolari. Egun, bederatziehun ikasletik gora hartzen ditu ikastolak.  2018ko irailaren 28an, bazkideen Batzar Nagusia aprobetxatuz, urte horien guztien ibilbide labur bat aurkeztu zen eta Ander Deuna Ikastola Koop. Elkartearen 50. Urteurreneko ekitaldiei eman zitzaien hasiera. Egitaraua prestatzeko eta gauzatzeko aita-amekin eta langileekin osatutako batzorde bat ibili da lanean. Lan handia eta eskertzekoa egin dutena, benetan! Hainbat ekimen antolatu dituzte. Azaroan ikasle, guraso, langileekin 50! irudia zeukan mosaiko erraldoia osatu zen. Abenduan, gabon jaiarekin batera, goizeko zein arratsaldeko ikuskizunetan, ikastolaren eredua eta kooperatibaren baloreak goraipatzen zuen aldarrikapen idazkia irakurri zen. Urtarrila hastearekin batera, 50! irudiarekin eta hainbat argazki historikoekin osatutako 2019ko horma-egutegia banatu zen bazkideen artean. Otsailean Agate Deuna bezperan, martxoan aratusteetan eta apirilean Korrikan, 50!-a erakusteko aukera izan genuen herriko kaleetan. Mendi irteera eta zuhaitz landaketa martxoan. Maiatzean,  ikasgelaz-ikasgela, 50! gogoan ikastolako sarreran jarri diren taulatxoak margotu zituzten ikasleek. Ekainean, inguruko ikastoletako eta ikastetxeetako saski-baloi taldeekin batera, txapelketatxo bat antolatu zen. Azkenik, omenaldi eguna ospatu genuen urrian. Horretan egunean, hainbat gonbidatuen presentziarekin ekitaldi nagusia izan genuen. Oso ekitaldi hunkigarria. Emozio malko ugari izan genuen bertan! Ander Deuna Ikastola Koop. Elkartea egun dena izatea ahalbidetu duten lagun guztiak omendu nahi izan dira; ikasle, guraso, langile eta laguntzaile. Hezkuntza komunitate osoa omendu nahi izan da. Amaitzeko, eguerdian, ikasle ohien bazkaria eta ondorengo jaia. Horrela bizi izan dugu 50. Urteurrena.

ikastola 236
2019 Abendua
236